Gizonezkoen futbol profesionala ez da, hain zuzen, gizarte hobea irudikatzeko ezeren eredua, klasismo eta indibidualismoaren gorazarrerako ez bada. Baina tarteka, oso tarteka, kausa justuen bozgorailu aparta izan daiteke. Larunbatean, mapetan agertzen ez diren bi herriren izenean batu ginen zelaian 51.000 lagun eta beste 322.000 inguru pantailetan. Ukazioak badu alde onik: besteek sufrituriko inposaketa eta injustiziak errazago geure egitea. Futboletik atera gabe, nola ulertu bestela Palestinako selekzioak orain arte Europan inoiz jokatu ez izana, eta lehen bi partidak Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan izatea? Kirola tresna bat da, ez helburua. Ez dadila genozidio bat gertatu behar horrelakoak sarriago bizitzeko.
Post data. Orain bi urte, Palestinako bandera bat eramateagatik Eibarko futbol zelaitik kanporatu eta Ertzaintzak isuna jarri zion zaleari zapatuan marraztuko zitzaion irribarre txikiagatik bakarrik merezi izan du.
Argazkia: Ekaitz Zilarmendi
Testua: Axier Lopez
Herria bizirik mantentzeko beharrezkoa delako.
”


