Eusko Legebiltzarrean asteartean onartutako 2026ko EAEko aurrekontuetan, EAJk eta PSE-EEk zuzenketa bat egin dute azken unean, entitate publikoek armak ekoizten dituzten enpresekin kolaboratu ahal izateko. Elkarte antimilitaristek salatu dute 325 milioi euro bideratuko direla armagintzara modu horretan, gastu sozialetara beharrean.
Gasteizen, parlamentuaren kanpoaldean dozenaka lagun bildu dira astearte honetan, barruan EAErako 2026ko aurrekontuak onartzen ari ziren bitartean. Emakumeok Gerraren Aurka, Gerrarik Ez Euskal Herria eta Euskadiko GGKEn Koordinakundeak deitu, eta berrogei elkarte antimilitarista baino gehiagok babestuta, protesta egin dute salatzeko EAJk eta PSEk “isilpeko eta azken orduko” zuzenketa bat sartu dutela aurrekontuen proiektuan, entitate publikoek armagintza industriarekin kolaboratu ahal izan dezaten hemendik aurrera.
Joan den urtean Eusko Legebiltzarrean onartu zen Lankidetzarako eta Elkartasunerako Legeak, 10.4 artikuluaren bidez, sektore publikoko erakundeei debekatzen zien “erabilera militarreko armamentua edo teknologia ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen” duten enpresei laguntzea. Orain, baina, azaroaren 28an jarritako zuzenketa baten ondorioz “murrizketa legal” horiek kendu dituzte eta dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte.
Lege aldaketa bultzatu duten EAJ eta PSE-EEren esanetan, aldaketa “teknikoa” da eta, hori egin ezean, “arriskuan” legoke Europako funtsetatik 325 milioi euroko “industria-inbertsioa”, Europako Segurtasun Estrategia itunari loturikoa. Aitzitik, Euskadiko GGKEn Koordinakundeak eta Zehar Errefuxiatuekin elkarteak diote dirutza hori guztia armagintzara bideratuko dela, gastu sozialera beharrean, eta EAEko kooperazio araudien printzipioekin talka egiten duela horrek.
Elkarretaratzean parte hartu duten eragileek manifestu batean salatu dute artikulua aldatzeak, legea bera “edukiz hustu” eta bere izaera antimilitarista eta bakezalea “desaktibatzen” duela: “Geure buruari galdetzen diogu hori ote den gobernu honek duen koherentziaren balioa bakearen eta elkartasunaren aldeko politikei dagokienez, hori ote den gerrek suntsitzen dituzten hainbeste bizitzen prezioa”, azaldu dute.
Legebiltzarraren barrualdean, Sumarrek EAJren eta PSE-EEren ekimena lotu du Europan izaten ari den eskalada belizistarekin eta ohartarazi du armetara bideratuko den “euro bakoitza”, etxebizitza politika, zaintza eta zerbitzu publikoetatik murriztuko dela.