Atzar gaiten

DOM CAMPISTRON
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

2025. urte honek datozen urteetan kultur alorrean etorriko diren zailtasun handiak iragarri dizkigu. Euskal Kultur Erakundean (EKE) gertatzen ari dena horren adierazlea da. 2025eko biltzar nagusian, apirilean, erakunde publikoek usaian ematen dioten dirulaguntza bozkatua izan zen. Euskal Kultur Erakundea bere partaideekin lanean hasi ahal izan zen, orduan, aitzineko urteetan bezala. Eta hara non, uztailean, estatuak erabaki zuen hitzemandakoa 30.000 euroz apaltzea. Udazkenean antolatutako mobilizazioaren ondotik, estatuko ordezkariek esperantza eman zuten “kreditu buztanak” aurkitu zituztela, baina alferrik. Saiatu omen ziren buztan horiek Rachida Dati Kultur ministroari berari eskatzen, Bonnat-Helleu museoaren estreinaldi egunean Baionan zelarik, baina, maleruski, ezin izan da aterabiderik atzeman. Estatuak sei milioi euro ezarri ditu museo garrantzitsu horren arraberritzeko, baina 30.000 euro ezin izan ditu atera Euskal Kultur Erakundearentzat, ez zakutik, ez zorrotik. Hori ofizialki adierazi du DRACeko [Kultur Gaien Eskualde Zuzendaritza] zuzendari nagusiak EKEko azken administrazio kontseiluan, abenduaren 13an, eta erran digu 2026rako apaltze handiagoa ere gerta daitekeela.

Bilkura horretan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak jakinarazi du 50.000 euro gutiago eskuratuko duela EKEk 2026an. Euskal Hirigune Elkargoak erran du iazko dirulaguntza bera emanen ziola, eta Akitania Berriko eskualdeak, ahaleginak eginen zituela bide horretatik ere aritzeko. Azpimarratzekoa da Eusko Jaurlaritzak emendatzea aipatu duela.

Testuinguru horretan, argi da euskal kultur munduak, bizirauteko, indarrak aurkitu beharko dituela bere baitan eta elkartasunez jo beharko dutela eragileek, erakunde publikoen sustengua muga batetara heldua dela baitirudi.

Euskal kultur munduak, bizirauteko, indarrak aurkitu beharko ditu bere baitan (...), erakunde publikoen sustengua muga batetara heldua dela baitirudi

Euskal Kultur Erakundeko administrariak eta langileak lanean ariko dira laguntza instituzionalak bermatzeko eta ahal bezainbat areagotzeko, bata eta bestearen lehien eta interesen gainetik pasatuta.

Baina, anartean, segitu beharko da antolatzen eta zentzuz aritzen, uniformizazio globalak, adimen artifizialak, indibidualismoak eta eskuin muturreko ideologiak urra lezakeen jendartean.

Joan den astean, plazer handiz entzun ahal izan ditugu, Kanbon, Hazparnen eta Baigorrin, Denise Olhagaraik zuzentzen duen Iparralai musika eskolako korala, Errobi eta Elhuyar kolegioetako koralak eta Ascèse abesbatza profesionala, maila handiko kontzertu batean. Philippe Mendes gidari, Marie-Bernadette Dufourcet Hakim organoan, Intza Daguerre eta Kattalin Haira txistuan. Besteak beste, Atzar gaiten, atzar lotarik kantika ezaguna eskaini ziguten, moldaketa zoragarri batean. Kontzertu hori ibilbide pedagogiko oso baten fruitua izan da: ikasleek ikastaldi trinkoak ukan zituzten aitzinetik, ahots teknikak hobetzeko; Oiartzungo Soinuenea museoa bisitatu zuten eta Tolosan ere izan ziren, Hegoaldeko beren adinkideak entzuteko kantuz. Hartuak hartu, gazte horiek kantuz eta musikan aritzeko plazera dastatua izanen dute eta, beharbada, ohartuko ziren kultura herrikoiak kultura jasoak bezainbat balio duela, organoa txistuarekin uztarturik entzun baitute. 

“Atzar gaiten”. Ez dut uste euskal kultura hain lokartua dagoenik, baina segur da lo guti eginen dugula ondoko hilabete eta urteetan: iratzarririk eta erne egon beharko dugu. Urtarrila amaitu artean, bada, goxa ditzagun “amodioak garaitu” dituen jendarte guneak –oraino gelditzen baitira–, neguko solstizio garaian antolatzen diren horiek, bereziki. Eguberri on denei, eta 2026. urtean ere, fleite gaitzean!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2026ko urtarrilaren 4a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude