Segurtasuna ematen digute erritu txikiek: eguneroko kafea kikara berean hartzeak, lo ohe berean ohiko ohaidearekin egiteak. Arnasa hartzen uzten digu soldata egun berean jasotzeak, kale-argiak ohiko orduan pizteak, etxeko atea bi bueltarekin ixteak, ezkaratzeko txirrinak eta Securitas Directek. Arnasa hartzen uzten digu denak bere tokian jarraitzen duela sinesteak.
Bankuek ere segurtasuna eskaintzen digute. Gure diruak han daude, seguru. Autoa aseguratuta daukagu. Etxea ere bai. Nahi izatera, baita bizitza bera ere. Eta horrekin nahikoa ez bada, pentsio plan bat. Segurua. Errentagarritasun handikoa. Erretreta hartzen duzunean iragarki batean bezala bizi zaitezen: eguzkia ezkerrean, irribarre infinitua, kezkarik eta izerdi usainik gabe.
Medikuak ere segurtasuna ematen digu. Analisiak ondo daude, azken TACak ez du ezer atzeman. “Ondo zaude”. Egon lasai. Gauza bera esaten digute beste batzuek ere: Poliziak, Europak, eskolako WhatsApp taldeak. Patxada ematen digu telefonoarentzat kargagailua eramateak, entxufe bat tabernako paretan libre egoteak. Hipoteka bat elkarrekin hartzeak. Bakardaderik ez duzu sentituko horrela. Euriborrak kulunkatuko zaitu sehaska-kanta batean, hurrengo urte batzuetarako.
Maite dugu araua, kontratua, lotura. Beldurtzen gaitu ezegonkortasunak: zer izango garen ez dakigunean, ez dakigunean nork eutsiko gaituen. Segurtasunik gabe, dena da mehatxu: albisteak, auzokide berria, isiltasuna bera.
Horregatik bizi gara dena kontrolpean izatearen ilusioarekin: agenda betea, egutegia kolorez markatua, planak, entrenamenduak, dieta zorrotzak. Baina, nahikoa da detaile ñimiño batek huts egitea, egitura osoa dantzan jartzeko. Segurtasuna gauza handiek ematen digutela sinetsarazi digute. Baina, gauza txikiak dira, isilean, protestarik gabe, egunerokotasuna bere tokian mantentzen dutenak.
Haizeak pixka bat jotzen duenean, ikusten zaizkio azpiak egiari. Zuei ez zaizue gertatzen? Zuei ez zaizkizue pintzak motiborik gabe desagertzen?
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.