Z belaunaldiaren iraultza globala: piraten bizitza hoberena da!

  • Indonesian, Perun, Nepalen zein Marokon, gazte samalda berri batek protestari ekin eta herrialde haietako mandatariak kinka larrian jarri ditu. Z belaunaldia dira eta, herrialde oso desberdinetan bizitzeagatik, ikur bera daramate eskuan: One Piece japoniar serie ezaguneko bandera pirata. Erresistentzia sinbolo bihurtuta, animea iraultzailea izan daitekeela erakutsi dute, atzean mezu politikoa dagoenean. Marcus Rediker historialariak argitu bezala, piraten historia zapalduen historia ere badelako.

'One Piece' Japoniar manga eta animearen bandera pirata astintzen Jakartan, 2025eko abuztuko protestetan. Gutxienez zortzi hildako eta milaka atxilotu izan dira Indonesian. Argazkia: Indonesiako Amnistia Internazionala
'One Piece' Japoniar manga eta animearen bandera pirata astintzen Jakartan, 2025eko abuztuko protestetan. Gutxienez zortzi hildako eta milaka atxilotu izan dira Indonesian. Argazkia: Indonesiako Amnistia Internazionala
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Jakartako kaleek 2025eko abuztuan su hartu zutenean, manifestarien artean ikur beltz bat hasi zen nagusitzen: lastozko txano batez jantziriko buru-hezur irribarretsua. One Piece japoniar manga eta animearen intsignia da, iraganean piratek erabilitako Jolly Roger bandera historikoaren aldaera bat. Indonesian kamioilariak hasi ziren lehenik bandera hori astintzen Prabowo Subiantoren gobernuaren aurka egiteko, eta honek “batasun nazionala” auzitan jartzen zuela esanez debekatu zuenean, herritarrek amorru gehiagoz eragin zioten. 

Aurretik bandera hori ikusia zegoen antzeko protestetan: Bangladeshen, Kenyan, Sri Lankan... Baina Hego Globaleko herrialdeetan gero eta gehiago sinbolo bezala hasi dira erabiltzen Z belaunaldiko gazteak –1990eko hamarkada amaieratik 2010eko hasiera arte jaiotakoak eta titiko ume zirenetik smartphone batetik edaten ohituak daudenei deitzen zaie horrela–. 2025eko irailean, Nepalen, sare sozialen aplikazioak erabiltzeko debekuak piztutako matxinadetan ikusi genuen bandera Shinga Durbar jauregi ofizialetik zintzilik; Perun, urrian, Dina Boluarte presidentea agintetik egotzi duen pentsioen aldeko erreboltan agertu zaigu; eta Marokon osasungintza hobeago baten alde borrokatu diren GenZ212 mugimenduko gazteen artean zabaldu da. Gauza bera gertatu da Mexikon, Filipinetan edo Madagaskarren. Zer du buru-hezur bitxi horrek munduan milioika gazte inspiratzeko?

'One Piece' animearen karatula.

One Piece 1997an sortu zuen Eiichiro Oda mangakak eta ordutik 500 milioi kopia saldu ditu –Harry Potter-en errekor editoriala ontzeko zorian da jadanik–. Gainera, marrazki bizidunetako anime formatuan ere arrakasta itzela izan du, horren kuttuna dugun Dragoi Bola-ren parean jartzeraino. Euskal Herrian, baina, ETBk lehenengo 156 kapituluak baizik ez dauzka euskaratuta Makusin, bikoizketan egindako murrizketen ondorioz; jarraitzaileek Euskal Encondingsen aurkituko dituzte azpititulaturiko kapitulu gehiago.

Istorioan, Monkey D. Luffy piratak eta Lastozko Txanoaren bere eskifaiak hamaika abentura biziko dituzte, “munduko gobernuaren” tirania borrokatzen duten bitartean. Protagonistek, fruitu magikoak janez, elkarrekin sistema krudel bati erresistitzeko gaitasuna izango dute eta askatasunaren bila abiatuko dira. Sinplea da mezua, baina ez hargatik azalekoa eta mamirik gabekoa. Ustelkeria, desberdinkeria eta autoritarismoa eguneroko ogi direnean, hain harrigarria al da egungo gazteak metafora indartsu horrekin identifikatzea?

Pop kulturatik politikara, animearen bidez

“Animea kultur hizkuntza global bat bihurtu da: jada ez da entretenimendurako japoniar produktu bat, baizik eta espazio konpartitu bat, zeinean belaunaldi gazteek baloreak, emozioak eta imajinario komunak islatzen dituzten”, dio Alba Torrentsek. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko komunikazio irakaslea eta animazio japoniarrean aditua da, eta Ara egunkariko Guillem Pujol kazetariak egindako galderei erantzun die, L''anime' ja no és de friquis: és revolucionari (Animea jada ez da frikien gauza: iraultzailea da) erreportajean.

Protestak Liman, erretreten alde eta One Piece bandera eskuan. Argazkia: Getty

Torrentsek garbi azaldu du nola demontre bihurtu den piratei buruzko japoniar serie bat erresistentzia politikorako ikur mundu osoan barrena. Bere esanetan, 1990eko hamarkadan animea zerbait “frikia” edo bazterrekoa zen, eta Japoniatik kanpo arrakasta izan zuenean, oso testuinguru homogeneo eta “sinkronikoan” kontsumitzen zen telebista kate orokorretan. Gaur egun, sare sozialen, streamingaren edo bestelako plataformen bidez, gazteek One Piece eta antzeko serieak inongo estigmarik gabe ikusten dituzten gogoak ematen dienean: “Begiratu ez ezik, komentatu, nahastu eta meme bihurtzen dituzte, edo artea eta bideo-analisiak egiten dituzte beraiekin”, dio. Modu horretan, animearen sinboloak bereganatu eta beste zentzu bat ematen diete. 

Afektibitateak ere zerikusia dauka japoniar seriea pop kulturatik politikara nola pasa den ulertzeko. Askok lotura emozional estuak dituzte fikziozko pertsonaiekin eta espazio pribatua utzi eta publikoa naturaltasunez okupatzen dute

Torrentsen ustez, afektibitateak ere zerikusia dauka japoniar seriea pop kulturatik politikara pasatzeko prozesu horretan. Askok, lotura emozional estuak ezartzen dituzte fikziozko pertsonaiekin eta espazio pribatua utzi eta publikoa naturaltasunez okupatzen dute: “Lastozko Txanoaren banderak elkar ezagutzeko kode bezala funtzionatzen du, denbora errealean mobilizatzen eta antolatzen diren komunitate transnazionalen artean”, azaldu dio Ara egunkariari irakasleak. 

Beraz, izan Jakartan, nola Pragan edo Parisen –herrialde aberatsetako zenbait protestetan ere hasiak baikara ikusten bandera pirata– halako konplizitate bat sortu da, baina kontu estetiko hutsa ez dena: “Herritarrek bere egiten dutenean eskari kolektiboak adierazteko, sinboloa ez da banalizatzen, dimentsio politiko berria irabazten du”, ohartarazi du Torrentsek. 

Bartzelonan ere ikusi da lastozko txanodun buru hezurraren 'Jelly Roger' bandera Palestinaren aldeko manifestazioetan. Munduan zehar aldarrikapen horrekin bat eginez ikusi izan da ikurra. Argazkia: Vilaweb

Piraten egiazko historia bat 

Manifestari gazte batek eskuetan kartel bat darama eta, bertan, lastozko txanodun buru-hezurra ikus daiteke marraztuta, ondoan esaldi bat duela: “Zuen luxuria, gure miseria”. Katmandun gaude eta XXI. mendeko eszena da, baina berdin izan zitekeen Boston eta XVIII. mendea: imajina dezagun heriotzara zigortutako pirata batek urkamendian jaurtitako oihu garratza dela. Izan ere, Z belaunaldiaren mugimenduak duela hiru mendeko piraten fenomenoarekin dituen antzekotasunak ez dira debaldekoak, seguruenik biek itsaso berean egiten dutelako igeri. 

Itsas inperioak XVII. mendetik aurrera dilema baten aurrean aurkitu ziren: nola lortu euren konkistetarako behar zuten gero eta “proletario” gehiago, baliabide mugatuekin? Estatuak biolentzia eta terrorea erabili zituen marinelak gerra-ontzietan derrigorrez erroldatzeko

Bostonen, William Fly piraten burua eta bere ehun jarraitzaile urkatu zituzten 1726an, marinelak Elizabeth itsasontzian jasaten zituzten baldintza kaskarrengatik matxinatu ostean. Beraiek izan omen ziren egun ezagutzen dugun Jolly Roger bandera lehen aldiz jaso zutenak, kondairak dioenez. Gertaeraren argazkirik ez dugun arren, antzeko zerbait bikain irudikatuta ikus dezakegu Herio anderearen trapupean. Atlantikoko piratak komiki liburuan, David Lester ilustratzaileak eta Marcus Rediker historialariak egina eta Farmazia Beltza argitaletxeak berriki euskaratua Koldo Almandoz eta David Zapirainen eskutik. Urkatzera doazen gizasemeak armadoreei aholku bat ematen die soka-lasterra lepoan duela: ondo ordaintzeko marinelei, ez emateko janari ustelik, ze bestela... “Denok bihurtuko gara pirata!”.

Liburuak piraten urrezko aroan (1660-1730) gertatu zen historia bat dakar, asmatutakoa, baina pertsonaia errealekin, lasai asko egiazkoa izan zitekeena. Redikerrek euskarazko ediziorako propio egindako hitzaurrean dioen bezala, piraten inguruan iritsi zaigun irudi erromantiko, maltzur eta estereotipatuaren aurrean, garai hartan piratak heroi herrikoiak izan zirela aldarrikatu nahi du: “Haiek, beren askabide harrigarri horretan, demokraziaren eta berdintasun printzipioen arabera antolatu zituzten ontziak, kapitaletik, Estatutik eta arau sozial errepresiboetatik at”, dio. 

Herio anderearen trapupean. Atlantikoko Piratak komiki liburuko irudi bat. Esklaboen askapen matxinadekin ere lotu behar da pirtaren benetazko historia. Ilustrazioa: David Lester.

Redikerrek piraten historia sakon ikertu izan du eta hainbat lan argitaratu ditu, tartean The Many-Headed Hydra (Buru askoko Hidra) izenekoa. Bertan dio europar itsas inperioak XVII. mendetik aurrera dilema baten aurrean aurkitu zirela: nola lortu euren konkistetarako behar zuten gero eta “proletario” gehiago, baliabide mugatuekin? Estatuak biolentzia eta terrorea erabili zituen marinelak gerra-ontzietan derrigorrez erroldatzeko. Historialariak emandako datuen arabera, lau marineletik hiru bi urteren buruan hiltzen zen, eta bizirik irauten zutenek ez zuten soldata miserable bat jasotzeko esperantza ttipiena ere izaten. Gauza horrela, matxinadak etengabeak izaten ziren itsasontzietan, eta hortik pirata bihurtzera urrats bat besterik ez zegoen.

Lehen eta orain, agintekeriaren aurka 

Herio anderearen trapupean. Atlantikoko Piratak komikiko beste eszena batean, itsasontziko kapitaina hasten da zigortzen nekeak akituta lurrean lo geratu den marinela; orduan, beste marinelek aurre egiten diote, eta sotoan dauden afrikar esklaboen laguntzarekin kareletik botatzen dute. Berehala araudi berri bat idazten dute, denentzat berdin balioko duena: “Mundua itzulipurdikatuta. Utikan zigor bidezko agintekeria!”, goizetik gauera pirata transformatuko dira.

Herio anderearen trapupean. Atlantikoko Piratak komiki liburuko bi irudi desberdin. Agintekeria ordezkatzen zuten banderak erre eta "bizitzaren eta heriotzaren" bandera altxa zuten. Irudia: David Lester.

Marinelak, intsumisoak, esklabo-ohiak, herrialde, genero eta hizkuntza ugaritako jendeak... Piraten itsasontzietan aniztasun handia zegoen, eta kode erraz baina justuak asmatu zituzten elkarbizitzarako. Pidgin hizkuntzak ere erabili zituzten –hiztegi murriztua zuten mintzairak ziren, adibidez, euskal baleazaleek Ternua eta Labradorreko jatorrizko herritarrekin harremanetan jartzeko erabilitakoa–; eta jakina, erraz ezagutzeko moduko sinboloak, Jolly Roger bandera kasu, “bizitzaren eta heriotzaren aldeko ikurra”.

Munduan zehar hain herrialde desberdinetan kaleak hartu dituzten Z belaunaldiko gazteen artean hizkuntza, kultura eta jatorri ugaritako jendea dago, eta oraingoan ere lastozko txanodun buru-hezurraren atzean dauden idealek batu dituzte, agintekeriaren aurka eta askatasunaren bila. Beraz, Net Hurbileko orrialde hauetan zein hemendik kanpo, piraten alde beti. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
Eguneraketa berriak daude