Traiziorik ageri da Leonardo Da Vinciren koadro mitikoan, Azken afaria-n. Beñat eta Unai Gaztelumendiren komikian, bertsolari ohi eta aspaldiko lagunen arteko afaria da ageri dena, ziurrenik inoiz gehiago gertatuko ez den juntadizo horixe bera. Da Vinciren koadroan bezalaxe, lagunen afari horretan ere ageri dira traizioak. Mota askotakoak daude, baina okerrenak dira, betiko legez, norberak bere buruari eginiko etoikeriak. Geure buruen Judas gara, edo izango gara, denok.
Nork ez zuen esan harro (-tasunez edo -keriaz) gizartea aldatzera eramango zukeen lanpostu bat bilatuko zuela, eta horretan egingo zuela lan, beti, iraultza egunera arte, eta azkenean funtzionario egin da? Edo nork esan zuen ez zela guraso izango, ez zituelako sistema kapitalistak eta heteronormatiboak inposatutako harremanak erreproduzituko, eta azkenean bi umeren aita edo ama da, eta bikotekidearekin ez, zeren ezkontzaren aurka dago, baina bankuarekin ezkondu da? Segi dezakegu halakoak aletzen. Izan ere, gizarte eta herri moduan, Euskal Herria “altxatu behar dugu” esatetik, gimnasioan halterak edo pisuak altxatzera igaro gara. “Haurdun gaude” esatera. “Ez naiz arrazista” esaldiari “baina” bat baino gehiago gehitzera. Filologoaren, filosofoaren, soziologoaren edo dena delakoaren iraultza grina ahaztu eta irakaskuntza masterra egitera. Amets egitetik, ametsak zapuztera. Gaztelumenditarrek diote: horixe dena, krisi betean gaudenaren adierazle da.
Krisian dago Martin Artola komikiko protagonista. 40 urte bete ditu, eta dagoeneko ez da lehen zena. Ez dira berdinak afarirako mahaiaren inguruan elkartu dituen lagun zaharrak ere, Ekiñe, Iparra, Sara, Urko eta Fermin. Denbora iragan da azkenekoz elkartu zirenetik, eta zer esanik ez orduak eta orduak elkarrekin ematen zituztenetik, elkarri esaten ziotenetik ez zirela inoiz haien bideak bereiziko, iraultza egingo zutela azkenera arte... Azkenean, bakoitzak bere bidea hartu du bizitzan, eta askok haien gaztetako idealak saldu dituzte bidean. Guraso izango ez zena guraso da orain, euskararen eta independentziaren aldeko borroka beste plano batera igaro da, eta oro har, militantzian, galdu samar daude, hala nola GKSren eta Ernairen artean. Tira, 40 urte dituzte; ez dira gazte-gazte. Orain, kaleko iraultza baratzean egitera pasatu da bateren bat. Munduko ekologistena zena furgonetarekin dabil harat eta honat. Eta grinatsuena eta lan harreman horizontalen aldekoa zena, funtzionario da orain; bokazio profesionalak lurperatzera heldu da, egonkortasun ekonomikoaren izenean. Polizia sartu denak ere gauza bera dio.
"Saiatu gara ahalik eta puruen egiten, pertsonaiak ahalik eta errealen izaten"
Beñat Gaztelumendi eta Unai Gaztelumendi anaiek segida eman diote 2021ean Bertsolari aldizkariarekin kaleratu zuten Bidea da borroka komikiari, eta Azken afaria plazaratu dute orain, azaroan. Bertsolaritzaren bueltan zihoan lehenbizikoa, Barakaldoko (Bizkaia) BECen egitekoa zen txapelketa nagusiko finalera bidean baitzioan Martin Artola, eta auto-bidaia horretan sorturiko gogoetek zuten presentziarik handiena istorio horretan. Oraingoan, ordea, bertsolaritzatik dezente aldenduta, 40 urteko krisian murgildurik ageri zaigu Martin eta bere lagunartea. Baina orokorragoa da krisia. Herri gisakoa ere bada, funtsean.
Krisiez gogoeta eta irri egitea eskatzen du komikiak. Halaxe elkartu gara Beñat Gaztelumendirekin. Berak egin du gidoia, eta Unaik marrazkiak.
Errealitatea eta fikzioa
40 urteren bueltan ditu Martin Artolak, bertsolaria da, gipuzkoarra... baina ez da Beñat Gaztelumendi. Gidoia idaztean, ez du bera islatu istorioan. Baina: “Ez dago errealitate gabeko fikziorik, ez eta fikziorik gabeko errealitaterik ere”. Hala egin du ñabardura, eta aitortu du Martinen burutik pasatzen diren hainbat kezka ere igarotzen zaizkiola bere kolkotik. Kontu batzuk badaude muturrera eramanda, demaseko bihurtuta, istorioaren eta komikiaren trazuen mesedetan, baina uste du jendea senti daitekeela hainbat momentutan ordezkatuta, gehiago ala gutxiago, adinaren eta ingurugiroaren arabera, jakinda ere gizon gipuzkoar baten istorioak mugatu egiten duela irakurle profila. “Saiatu gara ahalik eta puruen egiten, pertsonaiak ahalik eta errealen izaten”, adierazi du.
Luzera aldetik, denetariko kapituluak topa daitezke komikian. Desorekatuak dira. Batzuetan, bertsotik datozen tresnak erabili dituzte, hala nola errimak, zenbaitetan narratzaileak hala hitz egiten baitu. Beste batzuetan, aldiz, umore gehiago erabili dute, edota gehiago okertu eta muturrerago eraman dute. Kapitulu bakoitzak eskatzen zuenaren arabera, malgu aritu dira.
Gai asko ukitzen ditu komikiak, baina ez dute askorik sakondu bakoitzean. Hala egin dute, nahita. Erreferentziak ugari dira, oso bizkorrak eta efimeroak, aurreko komikiaren ildoari segituta. Ekologismoari loturiko kapituluan, esaterako, Jakoba Errekondo eta ARGIAren Bizi Baratzea liburua ageri dira; furgonetaren demasa ageri denean, berriz, Pirinio mendizaleentzat aski ezaguna den Zurizako kanpina identifikatuko da; literaturzaleentzat, Bernardo Atxaga, Jon Kortazar eta Joseba Sarrionandia; Txirrita ere bai; eta herri mugimenduei dagokienean, besteren artean, siglen artean galtzeko moduko orri-parea topatuko du komikia irakurtzen duenak. Bizia da istorioa kontatzeko manera.
"Bertsotan, ariketa bat jartzen dizute eta ebatzi egin behar duzu, eta momentu batean norabait iritsi; komikiak, aldiz, ez dauka zertan inora iritsi, eta hobe da bidea ondo kontatzea"
Biribildu gabeko bertsoa
Duela urtebeteko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hasterako gidoia amaituta edukitzea zen Beñat Gaztelumendiren asmoa. Baina bistan da: korapilatu zitzaion. Trabatu zen bidean: “Tonua ez nion harrapatzen, gai batzuek gehiegi atrapatzen ninduten eta ez nengoen eroso, eta, gero, konturatu nintzen ez zihoala bat txapelketarako egiten ari nintzen prestaketarekin; batak besteari kalte egiten zion”. Txapelketara segurtasunez heldu nahi zuen, hain justu ere “zalantzak plazaratzerakoan ere ziurtasun batetik kantatu eta eroso egon”, eta aldiz, bazekien ez zela gai izango komikiko gaiei konponbidea bilatzeko, hau da, bertsoa biribiltzeko. “Bertsotan, ariketa bat jartzen dizute eta ebatzi egin behar duzu, eta momentu batean norabait iritsi; komikiak, aldiz, ez dauka zertan inora iritsi, eta hobe da bidea ondo kontatzea”, aitortu du.
Biribildu gabe utzi du komikia, hortaz. Bazekien halaxe egingo zuela, halaxe zegoelako erosoen, eta horrela ikusten zuen aproposen: “Biribiltzera behartze horrek batzuetan istorioa bera ere behartu egiten du, eta ez dio uzten bere pertsonaiari bere bide naturala egiten”.
Orain, lana defendatu beharra dute gaztelumenditarrek. Gidoigileak aitortu du “erreparoa” ematen diola jendearen eskuetan ipini eta edonork irakurri ahal izateak, “dezente biluztu” direlako. Bertsolaritzarekin alderatzeko eskatu diogu, nahiz diziplina horretan ohituago egon: “Bertsotan, sortze prozesua jendaurrekoa eta hain bortitza denez, bat-batekotasunak ere laguntzen du, eta jendeak akats txikiak barkatu ditzake; kasu honetan ez dago halakorik, gauza bakoitza ondo pentsatzeko astia izan dugu, eta ez dago atzera bueltarik”.