2026 izango al da burbuila berri baten urtea?


2025eko abenduaren 30ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Urtea amaitzen ari dela-eta, ohikoa den bezala datorren urtean zer etorriko den galdetzen hasi gara. Ekonomisten artean, azken hilabeteetan galdera bat dabil bueltaka: Adimen Artifiziala eta teknologia berrien inguruan sortzen ari den booma benetako eraldaketaren seinalea da, ala beste burbuila finantzario baten hasieran gaude? Zoritxarrez, ez dugu kristalezko bolarik, baina badaude zenbait zantzu, adi jarraitu beharrekoak.

Burbuila bat gertatzen da aktibo baten prezioa bere balio errealetik nabarmen urruntzen denean, itxaropenetan eta etekin errazaren narrazio optimistetan oinarrituta. Azken urtean horrelako dinamika batzuk ikusi ditugu: AEBetako burtsa balio historikoen gainetik dabil, startup batzuk milaka milioitan tasatu dira apenas jarduera eta fakturaziorik izan ez arren, eta OpenAIren mugimendu ikusgarriak –etorkizuneko kalkulu ahalmena ziurtatzeko 1,4 bilioi dolar mobilizatzea– irudikatzen du zenbateraino oinarritzen den merkatua etorkizuneko aurreikuspenetan. Momentuz, produktibitatea edo hazkunde ekonomikoa ez dira proportzionalki mugitu, eta AAren adopzioa enpresetan ez da orokortu. Are, azken datuen arabera, murrizten ari da.

Kezkagarriena da oraingo booma ez dela akzio-merkatuan soilik gertatzen ari: zor pribatu, bonu korporatibo eta finantza-produktuen bidez ari da hazten. Bankuak eta aseguratzaileak gero eta murgilduago daude jokoan, eta hori arriskutsua da testuingurua kontuan hartuta: zor publikoa eta pribatua mundu mailan BPGaren %235etik gora dago, eta finantzaketa-kostuen igoera, banku-krisiaren ondorioz, katastrofikoa izan liteke.

Kezkagarriena da AAren 'booma' ez dela akzio-merkatuan soilik gertatzen ari: zor pribatu, bonu korporatibo eta finantza-produktuen bidez ari da hazten

Hori guztia kontuan hartuta, teknologiari lotuta izan arren, badirudi egoera hurbilago dagoela 2008ko krisitik 2001eko puntucom-etik baino. Orduan galerak akziodunen artean geratu ziren; oraingoan, baliteke kolpea kreditu-kateen bidez ekonomia osora zabaltzea.

Eta zer ondorio izango lituzke horrek guretzat? Azken krisi handietan erakutsi zen logika ezaguna da: gobernuek bankuak eta korporazio handiak erreskatatzen dituzte, zor publikoa handitzen da, eta ondoren, guretzat kaleratzeak eta austeritatea. Enpresek arriskatzen dutela diote, baina haien mozkinak benetan arriskuan daudenean, gu gara faktura ordaintzen dugunak. Baina tira, Gabonak dira, pozezko garaia da eta dagoenik eta sistemarik onenean bizi omen gara.

Agian AA iraultza izango da eta bere fruituak helduko dira. Are, agian AAk gure lanaren zati gero eta handiagoak egingo dizkigu eta denbora gehiago izango dugu bizitzeko. Edo agian ez, eta 2026an berriro besteen jaia, gonbidatu ez gaituztenena, garbitu beharko dugu. Lehenengoa ez dago gure esku, bigarrena bai.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude