EAEko enplegu publikoko hizkuntza eskakizunak Konstituzionalean erabakiko dira azkenean

  • Enplegu publikorako hizkuntza eskakizunei buruzko dekretua Espainiako Auzitegi Konstituzionalean ebatziko da, EAEko Auzitegi Nagusiak PPk eta Voxek jarritako helegitea hara bideratu ostean.

Euskal Herrian Euskarazek abendu honetan deituriko manifestazioa.

2025eko abenduaren 24an - 11:10
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Hirugarren Ataleko hiru epaileetatik bik hala erabakita –hiruretatik batek boto partikularra eman du, erabakiarekin ez datorrelako bat–, 187.5 artikuluari buruz galdetuko zaio Espainiako Konstituzionalari, argudiatuz Konstituzionalak ez dituela berariaz aztertu lanpostu denei hizkuntza eskakizun jakin bat ezarri ote dakiekeen.

EAEko Auzitegi Nagusiaren iritziz, enplegu publikoko lanpostu guztiek hizkuntza eskakizun bat izatea “objektiboki disuasio elementua” da lanpostu hori lortu nahi duten erdaldunentzat. Auzitegiak gaineratu du hizkuntza eskakizuna ez dela kaltegabea, “une jakin batean aktibatzeko eta derrigortasun dataren bidez gauzatzeko helburuarekin esleitzen delako, eta une horretan betebehar galdagarri bihurtzen delako”.

Are, Auzitegi Nagusia aurreratu da eta nabarmendu du Konstituzionalak aurrez beste epai batzuetan esana duela Konstituzioaren 23. artikuluaren arabera ezin dela hizkuntza koofiziala jakitea eskatu lanpostu guztietan.

“Egoera bereziki larria”

ARGIAn kontatu genuenez, hizkuntza eskakizunak Konstituzionalera iristea “bereziki larria” dela aurreratu zuen Eusko Jaurlaritzak, “sektore publikoa euskalduntzeko sistema guztia zalantzan jartzea” dakarrela argudiatuta.

PPk eta Voxek 2025eko martxoan aurkeztu zituzten sektore publikoan euskararen erabilerari buruzko 19/2024 Dekretuaren aurka jarritako helegiteak. Horien inguruan auzitegiak “hainbat erabaki zalantzagarri” hartu dituela iritzi dio Jaurlaritzak. Urriaren 31n, Voxen helegiteaz arduratzen zen epaimahaia aldatu egin zuen salak, PPren helegiteaz arduratzen zen epaimahaiarekin bat egiteko, eta azaroan bi helegiteak pilatu zituen, “edukia eta irismena oso desberdinak izan arren”, eta egun horretan bertan ireki zuen Konstituzioarekiko kontrakotasun auzi baterako izapidea.

Jaurlaritzak ohartarazi duenez, 187.5 artikulua Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela ebatziko balitz, dekretuaren beste artikulu batzuei eta hizkuntza eskakizunen sistemako elementuei eragingo lieke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskaldunen aurkako erasoak
2025eko abenduaren 4
Zenbat Garak 30 urte
Arnasgune bat, Bilboko basamortuan

Eguneraketa berriak daude