Urte akabuarekin Myanmarreko “hauteskundeak” abian jarri izanak aukera ematen du 2025ean eskualdearen zati funtsezkoetan sutu diren krisiak pasadizokoak ala etorkizuna zizelkatuko dutenak ote diren galdetzeko;baita herrialde hartan bosgarren urtean sartzear den gerra zibila, ahaztua baino ahaztuagoa gure artean, gogora ekartzeko ere.
Krisi horietan larriena, tamainaz eta sakontasunaz, iaz sutu eta oraintxe bertan Bangladeshen gaiztotzen ari dena izango litzateke. Baina urtean zehar Nepalen, Filipinetan eta Indonesian ikusi ditugunek zer pentsatua ematen dute, konpondu gabeko auziak diren heinean. Eta Thailandia eta Kanbodiaren arteko gatazka militarrak, beste tenore batean, asaldura sortzen du, barne tentsioekin nahasian datorrelako, halaber. Z Belaunaldi gandutsu baten ezinegona baino zerbait gehiago da azaleratzen ari dena.
Edonola ere, Myanmarreko gerrak ez du amaitzeko itxurarik. Eta nekez imajina liteke 2021eko estatu kolpeaz geroztik agintean den Junta militarrak, gerra zibil bete-betean, antolatu dituen “hauteskundeak” aurrerapausoa izatea bake bidean. Errealistagoa da pentsatzea kroniko bihurtu den egoera batean, militarren “alderdiak” bere aginpidea nola edo halako legitimitatez jantzi nahi duela kontrolpean duen eta, demografiko eta ekonomikoki bederen, garrantzizkoena den herrialdearen zatian. Baina, batez ere, eskualdeko foro internazionalei begira: inondik ere osoki kontrolatzen ez duen herrialdearen egiazko ordezkaritzat har dezaten.
Badu bere bihurrikeria gai horrek. Ez baita oraintxeko kontua Birmania/Myanmarreko gobernu ofizialek, haietako edozeinek, bere lurraldearen zati handi samarrak kontrolpean ez izatea: esan liteke independentziaz geroztik halaxe izan dela beti. Insurgentzia etniko zabalak, askotarikoak, inoiz ez baitira baketu, Alderdi Komunistaren gerrillaren porrotaren ondotik ere. Iragan horren eguneratzea da, hein handi batean, gaur egungo egoera.
Insurgentzia horren, eta aurka duten Tatmadaw armada ofizialaren, finantzazioak lotura ezin estuagoa eduki baitu, eta dauka, era guztietako negozio ilegalekin. Opiazeoen salmentatik hasi eta harribitxien merkataritzan amaituta. Azken urteotan, haatik, Internet bidezko iruzurren negozio neurgaitza gehitu zaie iraganeko gaizkintza horiei guztiei. Eta inguruko herrialdeentzat –Txinarentzat batik bat, baina baita Thailandiarentzat ere– barne arazo larria bilakatu da Myanmarreko hainbat gunetatik egiten den amarrukeria. Pertsonen bahiketa ere tartean delako. Gobernu ofizialak dio bere aginpidearen berrezarpenarekin lotuta dagoela halako jarduketen akabera. Jasotako prezioan hartu beharreko hitzak dira.
Ez da harritzekoa, beraz, mundu-parte hartako bi handiak, India eta Txina, eta ez horren handiak, bakoitza bere zioengatik, urduri egotea joerarekin. Eta “hauteskundeak” hauteskunde, ahalegin diplomatikoetan gogotik aritzea... okerragoak ekidite aldera.