Iragan astean, NBE-k ohartarazi zuen 2017az geroztik Israelek ez duela 2025ean bezainbat kolonia ezarri Palestinako lurralde okupatuetan, nazioarteko araudiaren arabera legez kanpokoak diren arren. Igandean, hain justu, beste hemeretzi kolonia aitortu edo legeztatu ditu Benjamin Netanyahuren gobernuak. Hamasek, Palestinar Aginte Nazionalak (PAN) eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek erabakia gogor gaitzetsi dute.
Zisjordanian geroz eta kolonia gehiago ezarrita, "estatu palestinar terrorista bat" sortzea eragotzi nahi du Israelek, Bezalel Smotrich Finantza ministroak adierazi duenez. Azken hiru urteotan 69 kolonia aitortu ditu Israelek, eta jada badira 220 baino gehiago Zisjordania osoan. Azken hemeretzi horietatik, hamaika berriak dira, eta gainerako zortziek denbora zeramaten hutsik. Iragan maiatzean berriro okupatzeko baimena eman zuen Israelgo armadak, hainbat herrialdek (Espainiak, Irlandak eta Norvegiak, esaterako) erabaki ostean Palestinako Estatua onartzea.
Gainera, kolonia berri horiei gehitu behar zaizkie handitu egin dituzten beste batzuk. Smotrichek hilaren hasieran adierazi zuen 2022az geroztik 51.370 etxebizitza eraiki dituztela Zisjordanian. Kolonia horiek legeztatuta, gobernu baten erabakia izanik, askoz ere zailago da usteko agindua ematea, gobernuz kanpoko erakundeek diotenez.