Idatzi honen bitartez, mendiko ura erabiltzen dugun baserri edota etxeetan bizitzen ari garen egoeraren berri eman nahi dugu, Uraren Euskal Agentziatik etxeetan jaso ditugun gutunen harira. Eskutitzak banaka ari dira iristen eta elkarrekiko desberdinak dira, nahiz eta funtsean gauza bera eskatzen zaigun, eta horrek nahasmena, beldurra eta konfiantza-eza sortu ditu.
Gutun horiek adierazten dutenaren arabera, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzaldiko Errege Dekretua betearazi nahi digute, Eusko Jaurlaritzaren 2017ko apirilaren 24ko Agindua aplikatuta. Agindu hori, ordea, jarraian azalduko dugun moduan, ez da inolaz ere berdintasun printzipioetan oinarritzen, eta hori dela eta, Uraren Euskal Agentziaren jardunaren aurkako sinadura-bilketa egin dugu Errezilen, gure desadostasuna eta haserrea adierazteko helburuarekin. Guztira, 108 baserri edota etxeetan sinatu dute erreklamazioa, eta 333 sinadura bildu ditugu; hau da, herritarren %73 inguruk sinatu du. Sinadura hauek 2025eko abenduaren 29an aurkeztu genituen, Zuzenean herritarrentzako zerbitzuaren bidez, Uraren Euskal Agentziari zuzenduta.
Gutun horietan exijitzen zaigu gastuak gure gain hartu eta indibidualki kontagailuak jartzea eta mantentzea, kontagailuaren datuen irakurketak egitea eta horiek Ura Agentziari bidaltzea, uraren osasun-txostena egin eta helaraztea, eta ura erabiltzeagatik kanona ordaintzea.
Eskakizunok erabat bidegabeak eta neurriz kanpokoak dira, eta baieztapen hau egiteko honetan oinarritzen gara:
Lehenik eta behin, jakinarazi nahi dugu iturri horietako ura gure etxeetara ekartzeko lanak guk geuk egin eta ordaindu ditugula, baita ur-biltegiak eraiki eta hainbat urtez mantendu ere. Esan gabe doa instalazio hauetara guztietara iristeko bideak –dauden kasuetan, beste batzuetan ez baitaude– garbitu behar izaten ditugula. Hoditerian arazoak izaten dira –hodiak zikindu, puskatu, zahartu, eta abar– eta horien konponketa lanak ere guk geuk egin eta ordaindu behar izaten ditugu, eta gertatu izan zaigu, arazo horien ondorioz, hainbat egunez urik gabe egon izan beharra. Gainera, iturrien emaria ez da ziurra eta ur-hornidura guk gauzatu behar izaten dugu, ura kamioi zisternen bidez ekarrita. Agerian geratzen den moduan, guk etxean ura izan dezagun, lanak eta gastuak handiak dira.
Ura Agentziak, ordea, ez du inolako ardurarik hartu, hartzen eta, adierazi digunez, hartuko horretan guztian, eta ardura horiek gureak eta geure gain hartu beharrekoak izaten jarraitzen duten arren, eskakizunak gehitu eta urtero ura erabiltzeagatik ordaintzera behartzen gaitu.
"Zer dela eta behartzen gaituzte gutunetako eskakizunak bete eta kanona ordaintzera, ordainetan ezer jaso behar ez badugu?"
Lege ororen aurrean pertsona guztiok berdinak bagara, nola liteke agindu honek horrelako desberdintasunak ezartzea herriko ura eta mendikoa jasotzen duten herritarren artean? Herriko ura kontsumitzen dutenek ordaindu behar izatea ulertzen dugu, zeren jasotzen duten zerbitzua erabatekoa da. Ordaindu egiten dute eta ura etxeraino iristen zaie. Ur-horniduran arazoren bat izanez gero, ziurtatuta daukate hornidura berreskuratuko dutela. Gure kasuan, aldiz, hori ez da horrela; lan eta gastu guztiak geure gain egon baitira eta baitaude, eta aurrerantzean ere egongo baitira. Eta esandakoari gaineratu nahi diogu, exijitzen zaizkigun lan guztiak ez direla edozein herritarrek egiteko modukoak; Ura Agentziaren kasuan, teknikariek –kontagailua jartzea, ur-txostena egitea– eta administrariek –datuen kudeaketa– egiten dituzte. Zer dela eta behartzen gaituzte gutunetako eskakizunak bete eta kanona ordaintzera, ordainetan ezer jaso behar ez badugu? Ura publikoa da eta denok behar-beharrezkoa dugu bizitzeko, guk ere bai.
Beraz, hona hemen Ura Agentziari egindako eskaerak:
- Prozesu honetako arduraduna herritarrekin biltzea eta herritarrak entzutea nahi dugu gure egoera zein den ulertzeko.
- Bitartean, gure eskubideak urratzen ari direla agerikoa denez, prozedimendu guztiak bertan behera uztea beharrezkoa da elkarrekin zuzenean hitz egin eta gaia argitu arte; izan ere, gutunetan Ura Agentziak adierazten digunez, eskakizunok betetzen ez baditugu, zigortu egin nahi gaituzte isunen bidez.
"Deia luzatzen dizuegu egoera berdinean zaudetenoi, elkartu eta ekiteko"
Badakigu egoera hau ez dela Errezilgo herritarrena soilik, baizik eta beste herrietan ere bizitzen ari zaretela. Beraz, denon artean indar handiagoa egingo dugunaren ziurtasunarekin, deia luzatzen dizuegu egoera berdinean zaudetenoi, bidegabekeria honen aurrean elkartu eta ekiteko. Gurekin harremanetan jartzeko, helbide honetara idatzi dezakezue: errezilgoitturrik@gmail.com.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.