Abenduan Europar Batasunak legez kanpoko migratzaileak kanporatzeko legedia gogortu du, eta AEBetan ere berdin egiten ari da Trump administrazioa. Dena da mugak gogortu, etorkinak kanporatu, gelditzeko baimenak gutxitu edo kriminalizatu. Doinu gogor eta zorrotza, “kanpotar horiek gure gizarteak aldatu ez ditzaten”... eta batez ere, gure Mendebaldeko gizarteek egun bizi dituzten arazoen estalgarri. Topiko historikoa da hori: dagokion agintari taldeak beti erabili izan du kanpotarra komeni izan zaion moduan.
Kontua da, denbora epe luzeak hartzen baditugu, datuek hankaz gora botatzen dutela immigrazio politiken erretorika hori guztia. Batetik, diskurtso horrek iradokitzen du immigratzaile gehienak legez kanpokoak direla eta, gainera, arriskutsuak. Eta arazoak badira, baina bere neurrian, errotzeko zailtasunak dituzten populazio multzoetan gertatu ohi den tamainan. Datu historikoak, alabaina, argiak dira han-hemenka: migratzaile taldeak egonkortu eta sustraitu ahala, dauden gizarteetan integratzen dira urteekin; dituzten delinkuentzia arazoak-eta gizarte horretako datu orokorrekin parekatzen dira, edo akaso gutxitu, kanporatuak izatearen beldurrak arazo gutxiagotan sartzera bultzatzen ditu eta.
Egia zera da, diskurtso xenofobo hori eta errealitatea ez datozela guztiz bat. Etorkin kopuruek handitzen jarraitzen dute eta, gainera, horietako gero eta gehiagok lortzen du egonkortzea herri hartzaileetan. AEBetan 1970ean 3,1 milioi herritarrek zuten Hego Amerikako eta Amerika Erdialdeko jatorria, 2017an horiek 25,4 milioi ziren. Denbora berean, Europar Batasunean 5,5 milioitik 26,4 milioira pasatu ziren jatorri ez europarreko biztanleak.
Datuek diote Mendebaldeko estatuen joera dela etorkinen egoera erregularizatzea, nagusiki haien beharra dagoelako gure egungo gizarte ereduak mantentzeko. Migratzaileek eskulanaren beharra dagoen lekuetara jotzen dute, haien jatorrizko herrialdeetan baino hobeto biziko diren esperantzarekin. Legez kanpo dauden immigratzaile gehienak ez datoz pateretan edo hesien gainetik jausi eginda, horiek gutxienak dira. Etorkinen gehiengo handia hegazkinez dator, eta legez kanpo gelditzen da bisaren epea amaitu eta bertan geratzea erabakitzen duenean.
Migrazioena gure gizarte modernoetako fenomeno sozial konplexua da, eta arazoari aurre egiteko ikuspegi horretatik aztertu behar da: gutxiago epaitu, gehiago ulertu, eta ulermenetik jokatu, ez xenofobiatik eta kapitalismoaren interes hutsetik. Migrazioen historia mende bateko perspektibarekin hartzen badugu, europar kolonialismoarena izan da historiako legez kanpoko fenomeno migratzailerik handiena, herrialde natiboei inoiz ez baitzitzaien galdetu ea euren lurraldeetan etorkinik nahi zuten ala ez.