Duela guti, arte erakusketa batean egon nintzen. Astinduta atera nintzen handik. "Bihar beranduegi da". Hala zioen izenburuak. Ekozidioaz mintzo zen, kulturizidioaz, eta oro har gure ingurumen zabalaren suntsitze sistematikoaz (herriak eta kulturak barne).
Gurean, oihartzun berezia du esaldiak. Gure hizkuntza eta gure kultura etorkizuneko zerak direla ematen du. Aurkeztuak zaizkigun egitasmoak heldu diren 25 urteetan garatzekoak dira. Etorkizuna jartzen zaigu jomugan. Alta, sumagarria den bezala, bihar beranduegi da. Urgentziako neurriak ez badira hartzen (arnasguneak hiltzera doazelako, eta hizkuntzaren bizigarritasuna haiekin batera), neurri horiek ez dute ezertarako balio izango. Beranduegi izango da.
"Bai, badakit ez dela aski, baina asko da. Pentsa nondik gatozen! Ez da erraza... Egunero borrokatzen naiz gehiago lortzeko, lortutakoa ere baloratu behar da". Hara berriki hautetsi batek errandakoa. Erantzuna gaiez kanpo dela iduritzen zait. Paso "borroka" terminoaz (borroka eta lana edo betebeharra nahasten direlako, ez gara inongo arrisku errealez ari). "Ez da aski"? Ez, ez: ez da egokia.
Ekologian hainbatetan erabili den metafora bat baliatuko dut: buruko mina dut, tripa nahasia eta lo ezegonkorra. Medikuarengana noa eta hark ematen dizkit: infusioak (lo eta estomago arazoak arintzeko), eta parazetamola (buruko mina lasaitzeko). Milesker. Baina nire arazoa minbizi orokortua da, eta horrek dit loa kentzen, urdaila suntsitzen eta garuna txikitzen. Orduan, arazoa ez da infusioa edo parazetamola ez dela aski botika bezala. Arazoa da ez dela egokia.
Dena da gero: euskara etorkizuneko afera da berehalako interesak babesteko (izan pertsonalak edo alderdikoiak). Baina etorkizun baten menturan ezin gara bizi
Abenduak 3, Euskararen Eguna, euskararen urtaroa, ahobizi edo belarriprest, eta laster Korrika: basque washing-erako aukera paregabeak dira. Besarkada, ttattarra, txapa, lekukoa, argazkiak sareetan... eta gero?
Oraina ukatua da instantaneoaren mesedetan. Oraina ukatu eta egiazko politikak geroko. Dena da gero: euskara etorkizuneko afera da berehalako interesak babesteko (izan pertsonalak edo alderdikoiak). Baina etorkizun baten menturan ezin gara bizi. Orainean euskaraz bizitzeko eskubidea, arnasteko posibilitatea, kulturan zabaldua den prekaritatetik ateratzeko proposamenak... non daude? Guk ez ditugu gure giza eskubideak 2050ean lortu nahi. 2050erako, hiru gerla, bi pandemia eta hamabost gobernu aldaketa gerta daitezke. Urrats ttikien politika segregazioa eta supremazismoaren onurarako egiten den politika da. Basque washing politika da.
"Guretzat, fisikariontzat, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko bereizketak ilusio temati baten balioa baino ez du gordetzen". Erlatibitatearen teoriarekin, Einsteinek denboraren praktika eta ikuspegia aldatu zituen, zeina ez baita lineala eta absolutua, baizik eta behatzaileari dagokiona. Horrek erran nahi du iragana, oraina eta etorkizuna aldi berean existitu daitezkeela, eta hautematen dugun zatiketa subjektiboa dela. Makinen aroan bizi gara. Ez lehen, ez gero eta ez orain. Instantaneoan. Post eta Reels. Hiroshimaren denbora. Suntsiketaren aroa. Baina lasai. Beti izango da gutarteko bat aurresku bat euskara eta euskal kultura gutxiesten duen ministro edo lehendakari bati eskaintzeko prest; eta beti egongo da hautetsi edo kultur arduradun bat iradokitzeko, hein batean, gurea dela errua. Ez baikara aski irekiak. Etxepareren liburua edo Gernika margolana ez baldin badira gure herrian aterpetuak, zerbaitengatik izango da, ezta? Ez garelako nor. Behintzat hala tratatuak izatea onartzen duguno.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.