Ikasketekin lotutako bi funtzio ditu eskola-erakundeak. Alde batetik, ikasleku izatea berarena, haurrek edukiak ikastera eta gaitasunak erdiestera joaten diren toki gisa ulertu ohi delako nagusiki eskola; eta bestetik, pertsona baten jakintza formalki egiaztatzearena, jakintzak frogatzeko tituluak emateko eskumena duen erakunde bakarra delako.
Gainera, haurren sozializazio eremu nagusia da, haurrek jendarte baten dinamikak zein diren ikasteko leku soziala. Horrela, gizartea zein balio inplizituk gobernatzen duten ikasten dute, zer nolako izaera hobesten den sozialki, edo zeren eta noren arabera jokatu behar duten, gizartean egoki txertatuko badira. Horrekin lotuta dago haurrak nazio baten barruan kide gisa txertatzeko eskolak duen egitekoa, komunitatearen lehen geruzak ezinbestean hartzen duelako populu edo nazioaren izaera, kultura eta hizkuntza propioa duena.
Haurrek hezkuntza "sistema arautu"tik kanpo jaso dezatela erabakitzen duten familiak, kolektiboak edo elkarteak kritikatuak dira eremu batzuetan. Baina hautu horren atzean dauden arrazoien oinarrian dagoena da indarrean dagoen sistemak funtzio horiek burutzeko hartzen duen norabidearekiko desadostasun oinarrizkoa, eta horrek arazorik gabe azaltzen du hortik ateratzeko egiten duten mugimendua.
Denok ongi dakigu ikasleek ez dutela benetan barneratzen eskolan erakusten zaien guztia, eta titulua eskuratzeak ez duela benetako jakintzarik bermatzen
Hasteko, erdigunean ikasketa esanguratsua jartzeko borondatea dago, zeren eta curriculuma bere osotasunean emateari ematen baitzaio garrantzia sistema barruko eskola konbentzionalean, titulu ofizialak ematearen derrigorrezkotasunagatik. Zintzoki mintzatuta, denok ongi dakigu ikasleek ez dutela benetan barneratzen eskolan erakusten zaien guztia, eta titulua eskuratzeak ez duela benetako jakintzarik bermatzen.
Curriculuma osotasunean eskaintzeak jakintzaren eremu zabala aurkezteko eta haurrek horrekin kontaktu minimo bat izateko balio du, eta ez da gutxi, baina edukien kantitateak, erritmoak, eta jakintza-ibilbidea haurrak batere hautatu ezin izateak eragotzi egiten du ikasketak esanguratsuak izatea. Sistema araututik kanpoko eskoletan curriculumaren gainetik pasatzen dira, eta haurrek gero ikasketa ibilbidean aurrera egin nahi izatekotan, agiria lortzeko prestatzen dituzte denbora tarte zehatz batean zehar. Titulua nahi eta behar izateak ez du ikasketa ibilbide guztia baldintzatzen, azken etaparena besterik ez.
Sistematik ateratzen direnen desioen artean, haurrek beste harreman-dinamika baten arabera jokatzen eta printzipio osasungarriagoen arabera antolatzen ikastearena ere badago. Sozializazioa ez delako kontzeptu abstraktu eta neutroa, eguneroko bizimodua antolatzeko jendarteak hartzen duen eredu zehatza baizik, eta hortaz, mikro-gizarte gisa ulertu behar dugu eskola, elkarbizitzarako eredu politiko ezberdinek gidatu dezaketena.
Eta nazio ikuspegiaren aldetik, zer? Euskal Herrian haurrei eskaintzen zaien hezkuntza ez da gurea, estatu menderatzaileek ez digutelako inoiz halako eskumenik emango, jakintzak euskaraz helarazten "uzten" bazaigu ere. Ez al da hori nahikoa motibo sistema hori ez aitortzeko? Euskaldunon hezkuntza publiko nazionala izateko borondatez abiatu zen ikastolen mugimendua.
Hezkuntza-sistema ez da erlijio bat, eta ez litzateke hala balitz bezala jokatu behar, hautu hori sakrilegiotzat hartuta, eta egitura horri guztiari men egiten ez diotenak heretiko kontsideratuta. Eskola ez da toki neutroa, eta are gutxiago sakratua.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.