OLBE-ren opera denboraldia
Zer: 1- Verdiren La forza del destino. 2- Cilaren Adriana Lecovreur.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Noiz: Urriaren 25ean eta azaroaren 22an.
------------------------------
Aurreko artikulu batean aipatu nuen bezala, OLBEk denboraldi hasierarako bi izenburu interesgarri eta bizigarri programatu ditu, eszenaratze onak izan dituztenak.
Lehen opera Giuseppe Verdiren La forza del destino izan zen. Oraingo honetan ere, obrak zorte txarra ekartzeko duen ospea gauzatu zen. Zoritxarrez, estreinatu baino egun batzuk lehenago Carmen Solis protagonistaren ama hil zen. Batzuetan ez dira sineskeria hutsak izaten. Eta horregatik du ohi baino meritu handiagoa sopranoak egin zuen emanaldi bikainak.
Hasteko, 1862an San Petersburgon estreinatutako obrak beste garai batera (1936ko Gerra) egokitutako eszenaratze bat izan zuen, zentzu handirik ez zuena. Baina oso modan daude denbora-birkokapenak, hori operako publiko berriarentzat pizgarria izango balitz bezala. Nolanahi ere, ez zion trabarik egiten tramari. Eszenaratzeari berari dagokionez, noizbehinka bi mailatan ekintza ahalbidetzen zuten bi eszenario gainjarri agertzea ez zen berritasun handia, baina atsegina izan zen ikusteko, egia esan.
Alderdi musikalean, Carmen Solisen aktuazio bikainaz gain (adibidez, Pace, pace aria-n txalo zaparrada handia jaso zuena), Angelo Villari izan genuen, Don Alvaroren paperean, zeinak ahots indarraren erakustaldia egin baitzuen, sotiltasun gutxirekin, baina auditorioa beteta. Marifé Nogales mezzo-aren emanaldia ere nabarmendu behar da, beti eraginkorra. Beraz, denboraldi hasiera ona izan zen, nahiz eta ez ikusgarria.
Denboraldiko bigarren obra Francesco Cilea-ren Adriana Lecouvreur ederra izan zen, intrigaz eta interesez beteriko lana, pertsonaia historiko bat protagonista duena, Adriana Levouvreur bera, bere garaian (XVII/XVIII. mendea) emakumeen eskubideen garapenean paper inportantea jokatu zuena.
Oinarri historiko hori izateaz gain, musika kalitate izugarria duen obra da, melodikotasun handia baitauka, eta ñabarduretan oso aberatsa da; eta OLBEren bertsioa ere horrelakoa izan zen. Bertsio dotorea izaki, eszenaratze klasikoa izan zuen, gustu onekoa eta oso orekatua, eta abeslariek ederki luzitu ahal izan zituzten haien bertute bokalak.
María Agresta sopranoak, Adrianaren paperean, segurtasun handia erakutsi zuen, eta linea liriko polita; paperari sotiltasun berezia eman zion.
Jorge de Leon tenorea, Maurizioren paperean, protagonistaren kontrapuntu perfektua izan zen. Ausarta, segurua, emanaldi bakoitzean dena ematen duen abeslaria da. Eta hori asko gustatzen zaio publikoari.
Silvia Tro Santafé mezzo-ak, bere aldetik, lan bikaina egin zuen Bouillongo printzesari bizitza emanda, berezkoa duen profesionaltasunarekin. Eta Carlos Alvarez baritonoak Michonnet zoragarri bat oparitu zigun, bere lankide Jorge de Leonek adinako kemen eta erabakitasunez.
Gainerako osagaiak puntu-puntuan egon ziren. Marco Armiliato zuzendariak, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren buru, eta Bilboko Operako Abesbatzak, zuzendari berriarekin (Esteban Urzelai) distiraz egin zituzten beren lanak.