Ur baliabidea ongi kudeatzeko, Irango buruzagitzak erakutsi digu egin behar ez dena

  • Iran, batez ere Teheran hiriburua, ur eskasia larrian da. Hainbeste, non eta autoritate gorenek hiriburua tokiz aldatzea mahaigaineratu duten. Egoera horretara heldu dira hainbat hamarkadetako ur kudeaketa desegokiaren ondorioz, eta erabaki desegokien ondorioak larritu dizkie klima aldaketak azken urteetan. Muturreko adibide horrek ongi erakusten digu ekosistemen funtzionamendua aintzat hartzearen ezinbertzekotasuna.

Irango Hamun eskualdean hezeguneak baziren, Helmand erreka elikatzen zutenak, tokiko laborantza ahalbideturik. Gaur egun, azpiegituretan inbertsio handiak egin arren, ura asko urritu da. Wikipedia

2025eko abenduaren 30ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Euria egin du Teheranen (Iran) abendu hasieran. Gertakari arrunta guretzat, baina bertakoek eguraldi aldaketa hura eskertu zuten, nahiz eta oraindik euri askoz gehiago beharko lukeen. Herrialdea lehorte historikoa igarotzen ari da, "azken 100 urteotan ia aurrekaririk gabekoa", zioen arduradun batek urrian. Klima lehorreko eskualde hartan euri guti egiten du, eta udazkena izan ohi da euri urtaroaren hasiera. Alta, joan den udazkenean Teherango ura hornitzen duten bortz urtegietarik batek kapazitatearen %1 baizik ez zuen duela guti arte, bertze batek %8 eta beteenak %32 bakarrik. Hain da larria egoera, Masoud Pezeshkian presidenteak Teheran tokiz aldatzearen alde hitz egin zuela azaroan. Aurreko gobernu batzuek jadanik aipatu zuten aukera hori, baina Pezeshkianek zioen jada ez dela aukera soila, baizik eta ezinbertzekoa. Zeruko ura eskas izateaz gain, lurpeko ur erreserbak ere agortzen baitzaizkio 15 milioi biztanleko hiriburuari. 

Lurraldea hondatzen ari, literalki

1979ko iraultzatik –eta horren ondorengo nazioarteko zigor eta isolamendu ekonomikoak bultzaturik– du Irango buruzagitzak elikadura burujabetza xedetzat hartuta. Egokia zen xedea, ez hainbertze, aldiz, xede horretara iristeko modua.

Iraultzaren gidari espiritualek axola guti zuten zientzialariek errandakoaz, eta urtegiak, erreken desbideraketak eta zulatzeak biderkatu zituzten, ura baliabide mugagabea balitz bezala, obrek ura behar zen tokira ekartzea aski zelakoan. Hidrologo irandarrek halere aspaldidanik alarma jo zuten: lurpeko ura axolagabe eta mugagabe erauzteak albo-kalte larriak ditu. Aurreikusgarriki, obra horien albo-kalteak ere biderkatu ziren: aintziren desagerpena –horietarik azkena Urmia izenekoa, herrialdearen ipar mendebaldean zena, 6.000 km2 zituena eta aurten guziz lehortu dena–, lurpeko ur erreserben agortzea eta uren gazitzea.

Uren agortzeaz eta gazitzeaz gain, ur erreserben eduki fisikoa ere kaltetu du lurpeko uren erabiltze axolagabeak: ur gehiegi kenduta, lurra konprimitu eta hondatu egiten da, atzerabide laburrik gabe. Horren ondorioz Irango erdialdeak garaiera galtzen du, urtean 35 zentimetroko abiaduran, Mahmud Haghshenas Haghighi eta Mahdi Motagh geologoen arabera. Akuiferoak sukaldeko belakia bezain elastikoak ez dira, lehertu eta berriz bustiz gero, ezin dira segituan hanpatu: urtean 1.700 milioi metro kubo ur galtzen dira, ur hori eduki zuen lurra trinkotzen da –trinkotze hori euriteen ondorengo hanpatzea baino 10 bider handiagoa delarik–, eta horrek akuiferoen epe luzeko galera eragiten du. Lurrarentzat ez da atzerabiderik gabeko fenomenoa, baina praktikan, gizakiarentzat, bai: Mohammad Darvish geologoaren arabera, 70.000 urte inguru beharko lirateke Irango lurpeko ur baliabideak berrosatzeko. Bitartean, otordu asko prestatu beharko, baina nongo urarekin?

Klima aldaketak aurreko arazoak larritzen ditu

Klima idor hartan ur baliabide mugagabea menperatzearen ilusioak hautu txarrak bultzatu ditu laborantza politiketan, bereziki ur behar handiak dituzten laboreen garapenarena (beterraba, pistatxondoa –mundu pistatxo ekoizpenaren herena Irandik dator–, mota anitzeko frutondoak, baita arroza eta angurria ere). Denboraldi berean, herrialdearen hiriburua modu jasanezinean handitu da, baina horren azpiegiturak eta ur baliabideak ez dira abiadura berean handitu. Baliabideen eta beharren arteko tentsio horren ondorioz, ur hornidura eteteak gertatzen dira askotan Teheranen, egoera azken hilabeteotan kritikoa bilakaturik.

Egoera hauskor horren gainera dator klima aldaketa, hauskortasunak larritzera. Herrialde guzietan bezala tenperatura igo da Iranen, baina bereziki azkarki 2000 urtetik hona, beroketa horrek lurruntzea emendatu duelarik lurralde osoan. Berotzeaz gain, lehortu ere egin da lurraldea: historikoki, beti egon dira lehorte garaiak eskualde hartan, baina gero eta maizago gertatzen ari dira, eta ur baliabidea berrosatzeko denborarik ez dute uzten.

Ur kontsumorako eredu neurritsuagoa garatu izan balute, eta horrekin batera ur baliabidea babesteko neurriak hartu, orduan ere berotzeak eta lehortzeak arazo izaten jarraituko lukete, baina kudeagarriagoak izanen lirateke, konponbideak martxan ezartzeko tartea utzita. Zoritxarrez, orain arte emandako erantzun bakarrak hidraulikoak eta epe laburrekoak izan dira. Adibidez, Teherandik 160 kilometrotara den Taleqan barrutiko urtegitik ura ubidez hiriburura ekartzea. Kuantitatiboki aski ez izateaz gain, arazoa tokiz aldatu eta desorekak handitu baizik ez ditu eginen.

Uraren zikloa ongi ulertu, akatsak ez errepikatzeko

Iran ur kudeaketa txarraren muturreko adibidea da, baina, ez da munduan bakarra. Emma Haziza hidrologo frantsesak oroitarazten du Indian, historikoki, eskualde gehienetan beti zegoela ura, eta aurkitzen zela lurra lau metro baino gutxiagora  zulatuta. Gaur egungo eskualde batzuetan, aldiz, 500 metrotara zulaturik ere ez da aurkitzen. Horrek merkatu berri bat ireki die: oraindik ur aski duten lursail ttipien jabeek laborantza ekoizpena saltzeaz gain –edo saldu baino– ura saltzen dute egunero joan-etorrika ikusten dituzten zisterna-kamioikoei. Halako kamioiak ugaritu dira, ur eskasiari aurre egiteko behin-behineko konponbide gisan. Soroak lehorturik dituzten hainbat eskualdetatik milaka pertsona erbesteratzen dira hiri handietara. 2024an Nature aldizkarian argitaraturiko ikerketa baten arabera, mundu mailako akuiferoen %36 dira urtean hamar zentimetroz apaltzen, %12 urtean metro erdi batez baino gehiagoz, eta hiru herrialdeetan da jaitsiera 1,5 metro baino gehiagokoa: Iranen, Indian eta Espainiako Estatuan.

Euria sortzeko oihanak eta soroak behar ditugula azpimarratzen du Hazizak, horiek baitituzte lur gaineko urak lurruntzen, eta beraz, hodeien sorreran parte hartzen. Zoritxarrez, laguntza baino oztopotzat hartua da gehiegitan lurruntze hori. Espainiako Estatuko hegoaldearen adibidea aipatzen du, non tokika zuhaitzak mozten dituzten lehortaren kontra, zuhaitz ertain batek egunero 1000 litro lurruntzen baititu, eta hori giza beharrekin lehia gisan ulertua baita. 

Zuhaitzak moztea lurraldearen idortasun arazoak konpontzeko gisan...  ikuspegi horrek ongi erakusten digu zein gaizki ulertua eta zein guti aintzat hartua den ekosistemen funtzionamendua. Ez litzateke hain larri, ekosistema horiek gure biziraupena ez balute baldintzatzen. 


ASTEKARIA
2026ko urtarrilaren 4a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Uraren kudeaketa
2025eko urtarrilaren 22
Esa-ko urtegiaren handitzea
Apurketaren mamua beti hor

Eguneraketa berriak daude