Elgoibarko, Tolosako eta Donostiako ZIU unitateak dira bakarrak esku pribatuetan daudenak; lehen biak urtarrilaren 7an pasatuko dira sare publikora, eta Donostiakoa 2026a amaitu aurretik publifikatzeko asmoa adierazi du Osasun Sailak. Eusko Jaurlaritzak adierazi du lanean ari direla "formula" baten bila; sindikatuek, aldiz, ohartarazi dute kaleratzeak izateko arriskua dagoela.
Urtarrilaren 7an publiko bilakatuko dira Elgoibarko eta Tolosako (Gipuzkoa) ZIU unitateko anbulantzien zerbitzuak. Bi horiek publifikatuta, Donostiakoak izango dira bide hori egiteke geratuko direnak; eta, hain zuzen ere, "2026an zehar" horiek ere publifikatzeko asmoa adierazi du Eusko Jaurlaritzak. Hala ere, ez dago oso argi zein izango den langileen etorkizun profesionala. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du langileei eskaintza bat egin diela beraien lanpostua subrogatzeko eta zerbitzu publikoan jarraitzeko, lan eskaintza publikoa kaleratu bitartean; eskaintza onartzen dutenek zerbitzu publikoan subrogatuta jarraitu ahal izango dute, osasun sistema publikoko baldintzekin. Sindikatuek (ELA, ESK eta LSB-USO), ordea, duela bi aste ohartarazi zuten 30 eta 40 langileren kaleratzeak egongo direla, El Diario.es hedabideak jakinarazi zuenez.
Astearte goizean emandako prentsaurrekoan, ELAk salatu du langileek osasun zerbitzu publikoaren aldetik ez dutela lan bermerik jaso eta langileak subrogatzeko eskatu dio Osasun Sailari. Era berean, eskatu dute publifikazio prozesua era “garden eta negoziatu” batean egin dezatela. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, bere aldetik, esan du “formula” baten bila lanean dabiltzala, anbulantzietako langileak zerbitzu pribatutik publikorako igarobidea errazteko. Jakinarazi du bilera egin dutela langileen eta Gipuzkoako Anbulantziak enpresaren (Elgoibarko eta Tolosako zerbitzuez arduratzen da orain) artean. Era bateratuan sindikatuek ohartarazi dute behar izanez gero mobilizazioak egingo dituztela urtarrilaren 6ko “23:59” arte, hots, zerbitzua esku pribatuetatik publikora pasatu arte.
Egun Osakidetzako anbulantziak hiru mailatan bereizten: medikalizatuak (ZIU mugikorrak) kudeaketa publikoaren esku daude sare osoan Gipuzkoan Tolosa eta Elgoibar izan ezik; erdi publikoa da Donostian. Udalerri horietan esku pribatuetan dago zerbitzua, hain zuzen Gipuzkoako Anbulantziak enpresa kooperatibaren esku. Gainera, ibilgailuz hornitzeaz arduratzen da enpresa hori Gipuzkoa osoan. 2024 bukaeran ordura arte zerbitzu hori eskaintzen zuen Grup La Pau esnpresak kontratua eten zuen eta aldi baterako irtenbide gisa UTE Bizkanb enpresak eskuratu zuen anbulantzien zerbitzua. Eguberri ostean aipaturiko zerbitzu pribatu guztiak lizitatuko dira, Osasun arloko kontraturik garestiena bihurtuta.