R.M.N
Cristian Mungiu (2022)
Zer: Filma
Herrialdea: Errumania
Iraupena: 125 minutu
Non ikusi: Filmin
-----------------------
Ardi artean lanean dabil Matthias, nagusiaren oihu zakarren menpe, Alemaniako hiltegi batean etxetik urrun. Arduradunak “ijito motela” dela aurpegiratu eta azken horrek buruarekin kolpe bat emanda erantzuten dio. Lurrean utziko du, sudurretik odola dariola. Lanpostutik ihesi auto-stopean itzuliko da herrira, Transilvaniako mendi ingurura. Bezperako bizitzan murgiltzen saiatuko da bertan: bikote ohiaren etxera bueltatu, abandonatutako semearekin harremantzen ikasi eta maitale ohiarekin berriz elkartzea nahiko du.
Gabonetako argiak. Musika bandaren entseguak. Ibilera baldartzen duen elurra eta otordu familiarrak. Musika extradiegetikorik gabeko Eguberri bat Errumaniako herrixka batean.
Maskulinitate toxikoa. Atentie, la animalele salbatice. Azeriak eta hartzak. Lan eskaintza bat. Molotov koktelak eta eskopetak. Xenofobiak sortutako gatazka gordina, Europa ekialdean.
Ez dut uste “Gabonetako Bereziak” filmen karpetan dagoenik, baina R.M.N. ikusteko momentu egokia izan daiteke, dena delakoagatik.
Langabezia nagusi den arren, herriko okindegian postuak ezin bete dabiltza azken denboraldian. Dirulaguntza bat jasotzeko aukera baliatuta, enpresako jabeek migratutako hiru gizon kontratatuko dituzte. Albiste horrek auzokoak aztoratuko ditu: sare sozialetan mezu arrazistak zabaldu, herriko ogia erosteari utzi eta etorri berriak uxatzen tematuko dira.
Eszena guztietan gatazkaren parean jartzea izan ohi da zuzendari honen estiloa. Eta aitortu behar zaio kamera kokatu eta momentu horretan gertatzekoa den guztia plano berean kontatzen digula ausardiaz. Ikusten ez dena eta erakusten denaren arteko muga, lausotuta.
Badago sekuentzia bat, hamabost minutu irauten dituena, ahazteko zaila egiten dena. Herrikide berriez hitz egiteko elkartzen dira auzokideak kultur etxeko aretoan. Lehenengo minututik hamabosgarrenera, filmean zehar jasotako gaiak edukiz kargatuta itzultzen zaizkigu asanbladako hitz hartze bakoitzean.
Alkateak gidari rola hartzen du: “Mesedez, zaindu zuen hitzak, Mendebaldea guri begira dago eta”. Baina zalaparta gailenduko da eta herriko ijitoen kontrako liskarrak azaleratuko dira. Europa gogor kritikatuko dute, abandonu sentsazio kolektibo batetik, txikizioen eta esplotazioen erantzule eginez. Herritarren oinarrizko beharrak ere aurpegiratuko dizkiote alkateari. Baina azkenik, iritsi berri diren migratzaileak kanporatzeko bozketa egingo da. Dena kameraren kokalekua mugitu gabe. Eta egoerak okerrera baino ez du egingo.
Pena ematen dit halako istorioak landa eremuko kontestuekin soilik lotu eta pertsonaiak basakeriatik eraikitzeak, animalia inbasoreekin konparatzera iristen baita filmean; Matthiasen eskopetaren jomuga lanbrotzeraino. Gatazka sinplifikatu eta distantziatik begiratzera garamatza, indarkeriaren muinera jo eta enpatizatzeko aukera galduta. Baina hari interesgarri asko iradokitzeko gaitasuna du pelikulak, hitz jario handiago batera eramango gaituena, seguru.