Gastatu ala aurreztu egiten duzu?

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Erakutsi al dizuete inoiz aurrezten? Bada, gure etxean txikitatik sartu ziguten aurrezteko beharra. Gurasoek baino gehiago, aiton-amonek. Aitak kontatzen zigun aitona, zorrotza izateaz gain, oso aurreztailea zela. Diru pixka bat egindakoan, etxean mejorak egiteko erabiltzen zuela. Horrela, auzoan lehenengoak izan ziren telebista ekartzen. Hori dela eta, auzokoak baserrira etortzen omen ziren igande arratsaldetan telebista ikustera. Bera gertatu zitzaien kotxearekin. Aitonak eta amonak biek batera atera zuten gidabaimena, eta auzoko lehenengo Land Roverra ekarri zuten. Amonak herrira jaisten omen zituen berarekin batera auzoko gainontzeko emakumeak ere, esne partitzera.

Aiton-amonek, dirua izan arren, behar gehien zutenei ematen zieten sarri, eta beraiek gutxi balute bezala bizi ziren. Ez oporrik, ez luxurik, ez hondartzara irteerarik. Lana eta lana. Baserritik bizi ziren, ez batak eta ez besteak ez zuten etxetik kanpo lanik egin.

20 urte genituela, lehengusuok, ikasteaz gain, han eta hemen lantxo batzuk egiten genituen sos batzuk irabazteko. Aitonari komentatzen genion zenbat irabazten genuen, pozik geratu zedin. Bazekien garaiak aldatu zirela eta ikasketak izanez gero kondizio hobeagotan bizi zitekeela.

Aitonari ezin genion esan Bilbora joan ginenik 30 euroko afaria jatera. Berarentzat hori dirua xahutzea zen

Baina aitonari ezin genion esan Bilbora joan ginenik 30 euroko afaria jatera. Berarentzat hori dirua xahutzea zen. Hortaz, herriko tabernan bost eurotan bokatak afaldu genituela esaten genion, lasai gera zedin. Berak ez zuen etxetik kanpora lagunartean eta familian bazkari-afari askorik egin. Zer esanik ez poteoaz. Berak lana besterik ez zuen egin guk gaur daukaguna izateko. Seguruenik, berari ere hori erakutsi ziotelako.

Gaur egun, ordea, han eta hemen entzuten eta ikusten dut: “Ez daukat dirurik”. Baina asteburua etxetik kanpo pasatzera joaten dira. “Ez daukat dirurik”, baina larunbatean juergan irteteko ez dute aitzakiarik jartzen. “Ez dut dirurik”, baina modako zapatak erosten dituzte. “Ez dut dirurik”, baina udako oporrak antolatzen hasiak dira jada. 

Susmoa daukat gure posibilitateen gainetik ez ote garen bizi. Etxea ordaintzeko hipoteka, kotxea ordaintzeko ere bai, baita oporretara joateko ere. Puntu honetara iritsita, garai batean oporretara ez joatea normala izan zitekeen bezala, gaur egun ia derrigorra da gutxienez urtean asteburu bat etxetik kanpo pasatzea. Kasu horretarako, nekez entzun dut “ez daukat dirurik”.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude