Israelek 37 GKEri Gazan jarduteko lizentzia kenduko die

  • 2026tik aurrera jarriko du neurria martxan; kaltetutako GKEen artean dago Mugarik Gabeko Medikuak, zeinak Gazan ospitaleratutako lagunen bosten bat artatzen duen. Baldintza politiko, administratibo eta ideologikoak ez betetzea argudiatuta, erabakiak ondorio larriak izango ditu Gazako biztanleriarentzat, laguntza humanitarioaren zati handi bat bertan behera geratzeko arriskua baitago.


2025eko abenduaren 31n - 10:29
Azken eguneraketa: 11:47
Mugarik Gabeko Medikuak
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Israelek Palestina geroz eta gehiago itotzen jarraitzen du. Oraingoan, iragarri du 37 GKEri ez diela Gazan jarduteko lizentzia berrituko. Israelgo Gobernuak martxoan iragarri zituen GKEek Palestinan lan egiteko bete behar dituzten baldintza zorrotzak, besteak beste, langileen informazio pertsonala, posizionamendu politikoa edo mugimendu guztien berri ematea. Urte amaieran ezarri zuen baldintza horiek betetzeko epea. Ondorioz, 2026ean 37 GKEk ezin izango dute Palestinan lanean jarraitu, tartean, MSF Mugarik Gabeko Medikuak, zeinak Gazan ospitaleratutako lagunen bosten bat artatzen duen.

GKEek Gazan lan egiteko Israelek ezarritako hainbat baldintza bete behar dituzte, besteak beste, beren langile guztien informazio pertsonala eman behar izatea, baita finantziazioaren eta Gazan egiten dituzten mugimendu guztien berri ematea ere. Baina are garrantzitsuagoa, jarrera politikoaren berri eman behar dute GKEek. Israel herrialde demokratiko moduan ukatzen badute, edota Israel deslegitimatzeko kanpainak eta Israelen kontrako boikota sustatzen badute, agur jarduteko lizentziari. Associated Press-en arabera, Gazan diharduten GKEen %15i ez diote baimena luzatuko urtarrilaren 1etik aurrera, eta ondorioz, martxoaren 1a baino lehen eten beharko dute beren jarduera.

Israelgo Antisemitismoaren aurkako Ministerioak argudiatu du zenbait erakundetako langileak "jarduera terroristetan" dabiltzala, bereziki MSF, eta bertako kide batzuk "Yihad Islamikoko eta Hamasekoak" direla. Gaineratu du, laguntza humanitarioa "ongi etorria" dela, baina "esparru humanitarioak helburu terroristekin ustiatzea onartezina" dela, eta beraz, "Israelek bere subiranotasuna defendatzen jarraituko" duela. Argudio bera erabilita, 2024ko ekainean Israelgo Armadak MSFko fisioterapeuta bat erail zuen.

Ondorio suntsitzaileak eta traba sistematikoak

MSFek, terrorismo akusazioak gezurtatzeaz gain, adierazi du erakundeak ez duela Israelen Gobernuaren partetik jakinarazpen ofizialik jaso. Hala ere, esan du albistearen jakitun dela, eta egia balitz, “ondorio suntsitzaileak” izango lituzkeela. Izan ere, Gazako biztanleriaren zati handi batek (milioi erdi lagun inguruk) arreta mediko kritikoa, ura eta bizi-laguntza eskuratzeko aukera galduko du. GKEei esker Gazako hiru erietxetatik batek funtzionatzen du, eta 1.000 milioi dolar inguruko laguntza eskaintzen die gazatarrei. Hain zuzen, MSF ospitaleratutako lagunen bosten bat artatzen du.

Azken bi urteotan, Israelek sistematikoki zaildu dute laguntza humanitarioaren sarrera zerrendara. Aitor Zabalgogeazkoa MSFko Larrialdietarako koordinatzaileak abuztuan Berria-ri emandako elkarrizketan azaldu zuen Israelek ezarritako blokeoak eragin duela elikagai eskasia: "Martxoaren eta maiatzaren artean, Gazan ez zen laguntza humanitariorik sartu 44 egunez". Gero, maiatz amaieran, Tel Avivek erabaki zuen laguntza banatzea, baina GHF Gazan Humanitarian Foundation taldea sortu zuen horretarako; hots, AEBetako militar ohiek, Israelgo soldaduek eta mertzenarioek osatutako talde bat. Gainera, Zabalgogeazkoak baieztatu zuen laguntza banaketa puntuetan "tiroketak" egiten dituztela soldadu israeldarrek, nahita gerritik gora, zauriak lazgarriagoak izateko.

Horrez gain, GKEek laguntza humanitarioa jasotzeko trabak ere aipatu zituen Zabalgogeazkoak: "Orduak eta orduak eman ditzakegu Israelgo agintarien baiezkoaren zain; batzuetan, 22 minutuko bidea 48 orduko itxaronaldia bihurtzen da". Nazio Batuen Erakundeak Gazarako sarbide handiagoa eta etengabeko laguntza ugaria eskatzen ditu, bi milioi pertsona baino gehiagoren lehen mailako beharrei aurre egiteko. Izan ere, biztanle guztiak apenas sartzen ez den laguntza humanitario baten menpe daude bizirauteko.
 


2026ko urtarrilaren 13
Erresilientzia

Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin