QR: error 406

MAIDER LETURIAGA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Arteak, kulturak, edertasunak, denbora dute behar herritarren begi eta esku artera heldu aitzin. Noizbait helduko badira. 

“Alta, horra!”, erranen luke baikorrak. Euskal Museoak lortu du Etxepareren liburua euskaldunonganaino helarazten tarte labur baterako.

Segidan, iragan urriaren 23an, Baionako hiri erdiko liburutegia estreinatu zuten, hiru urte iraun zuten obren ondotik. Eta ikustekoa da! Liburutegiko ingurua ezin ederrago jarri dute. Utikan paretak! Utikan hesiak! Ukitan hauts usaineko gelak, liburuz galkatu apalategi hertsiak! Katedralaren aitzineko plaza zabaldua eta argiz betea da orain, bista mugatzen zuen oro bazterturik, bisitaria kontenplaziora eta liburu artera deitzen duena. Eta arkitektoaren lana prezia daiteke: berina handiak, auzoko etxeetako argamasei oihartzun egiten dizkieten zutabe jokoak, simetria joko finak. Hots, gogoeten kristalizaziorako ezin aproposagoa. Ez dakit kulturzaleek aurki dezaketenetz hor zerbait desatsegina, kulturaren kristalezko tenplu txikia baita.

“Baina, horra…”, erranen du euskaldunak. Harrigarriki, Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuak bisitari anitz erakarri badu ere, ororen buru, zentralitate gutxi ukan du: korridore txoko batean egon baita, trabarik eragin gabe. Eta, laster, jendearen bistatik urrundu eta itzuliko da gordailu batera, han kontserbatua izateko, BNFko [Frantziako Liburutegi Nazionala] egoitza batean, iluntasun, tenperatura eta hezetasun norma jakinen arabera zaindua izateko.

Mediatekan antzeko zerbait gertatzen da: euskaltzaleak bere hizkuntza bilatuko duenean, dela sarrerako panel handiaren aitzinean, dela apalategietan zerbaiten bila ibiliko denean, begiak xehatuko ditu eta topo eginen du QR kode sistemarekin.

Teknologiaren pseudo-aitzinamendua aitzakia, gibelera ari gara eta euskara QR kode baten gibelean da, frantsesak berekin neholako lekurik partekatu gabe

Mezu elektronikoetan “en français plus bas” (frantsesez beherago) irakurri ohi da, mezuaren hasieran berean –badaezpada, erdaldunari ez panikorik eragiteko–. Mediateka berrian, ez da euskaraz ia deus, ez plus haut, ez eta plus bas ere. Han bada panel eta seinale zehatza eta koloretsua, erdaraz, eta iskin batean bi QR kode, bata euskarari doakio eta bestea gaskoiari. Eta erabiltzaileak, telefonoa, pazientzia eta kobertura ona beharko ditu euskaraz nahi baditu jarraibide eta informazioak. QR delakoa eskaneatuz gero, hori bai, erdaraz idatzia denaren parekoa irakur daiteke, euskaraz nahiz gaskoiez, erdarazko panelean bezain argi eta koloretsu. Pentsa zitekeen, liburutegi osoa berregitekotan, zerbait gehiago hausnar zitekeela hizkuntzaren kudeaketari buruz. Entzun daiteke, agian, seinale argiak eta eraginkorrak sortzea arras konplexua izan daitekeela, batez ere bi hizkuntza baino gehiago agerrarazi behar direnean. Uste izan daiteke hautsi-mautsi nola-edo-halakoa izan dela hizkuntza guztiei leku bat egiteko. Edo, zintzoki, atzera pausu sinplea da. Dena dela, emaitza hortxe da: hezur eta azalezko hizkuntza politika irrealaren lurraldean, teknologiaren pseudo-aitzinamendua aitzakia, gibelera ari gara eta euskara QR kode baten gibelean da, frantsesak berekin neholako lekurik partekatu gabe. Eta adibide gehiago lerroka daitezke.

Anartean, Euskararen Erakunde Publikoaren finantzamendua porroska zenbaitez emendatuko da, bake sozialaren izenean: 400.000 euro gehiago zaintza terminaletan gastatzekoak. 

Hizkuntzak gibelera segitzen ahalko du, frantximentek desiratu bezala. Euskaldunek zerbait gehiago nahi? Error 406: not acceptable. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude