Bazterkeria garaikidea

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Urtea hastea beti gustatu zait. Bada zerbait nire baitan ezin dudana azaldu, inongo oinarri zientifikorik ez duena, gizadiaren gehiengo batekin lerrokatua egoteak ekartzen duen ongizateari lotua: urte amaieran izaten dudan sentimendua. Pertsona asko prestatzen gara ziklo bat ixteko eta beste bat irekitzeko. Ez da denboraren banatze eta neurketa hutsa, bizitza Lurraren taupadara egokitzeko lana da, taupada horren eraginik onenak gozatzekoa eta gaitzak ahalik eta ongien kudeatzekoa. Lurraren eraldaketa taupadari egokitze honi, gizakiok sortu ditugun beste geruza batzuk gehitu behar dizkiogu. Lan horretan, denok ez ditugu eskura gaitasun eta jarrera berdinak.

Lagun nagusi bat dut, ez du smartphonik, gura bez. Lagunak ortua du, eta hor ematen du eguna goizeko 7etatik ilundu arte, bakarrik. Honakoa esan ohi dit: “Dena asmatuta dago”. Bere hitzetan dagoen mezua ulertzen badut ere, gizaki askoren artean harreman moduak eragiteko sortua izan den geruzetako bat, digitala, ulertzeko beharrean sentitzen naizela esaten diot.

Lagunak ez du garai hauek ulertzeko ezta euretara egokitzeko nahirik, ez ditu gustuko digitalaren baitan gizakion artean ematen diren harreman motak. Bere gaztaroko bizimoduan izoztuta bizitzea erabaki du, artzain zen garaian. Eta ez da bakarra. Pertsona hauek garai bateko mundu-ikuskeraren gordailu biziak, eta baliotsuak, bilakatu dira. Ez ote da bizitza oso konplexua bihurtu eurentzat? Zergatik sortu dugu baztertzailea den eraldaketa digitala?

Garai batean, bizitza, maitasuna, sorkuntza, lana, laguntasuna, harremanak, lurra, gaixotasuna, osasuna, borroka, liskarrak, heriotza... gidatzeko iparrorratza zuen. Konturatu orduko, mundu hori lar txikia bilakatu zaiolarik, inoiz bilatu ez zuen zaurgarritasunean murgilduta aurkitzen da. Adinaren berezko gainbeherari lotuta, nagusi askok egun jasaten duen isolamenduak Neandertalen iraungipena ekartzen dit burura. Eurak bilatu ez zuten bazterketa pairatu zuten, ulertu edo nahi izan ez zuten modernitate baten esku. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude