Ikastetxeetako kameren aurkako boikotera deitu du IASek

  •  "Hezkuntza-eredu autoritario eta diziplinatzaile batean sakontzen ari dira eta ezin dugu onartu", salatu du ikasle-antolakundeak. Hezkuntza Sailak berriki esan du aukera dagoela hainbeste aurkakotasun sortu duten kamera berriak ez ipintzeko. 

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2025eko abenduaren 12an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ikasturteko lehen hilabeteetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan kamerak jartzen aritu da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, baina kontrakotasun handia sortu du neurriak hezkuntza-komunitatearen partetik. Besteak beste, ikasleek erantzun dute kamera berriak barne hartzen dituzten "gela digitalen" aurka, Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialistaren (IAS) eskutik. IASek atzo bertan egin zuen agerraldi bat Jaurlaritzaren egoitza parean, Gasteizen (Araba), kameren kontrako boikotera deitzeko eta sinadura-bilketa bat martxan duela jakinarazteko.

Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez jardun dute han-hemenkako eskoletan kamerak ipintzen. "Segregazioak, ratio- eta azpiegitura-arazoek, ikasketen garestitzeak eta abar berdin-berdin jarraitzen duten bitartean, irakasle eta ikasleon jarduna kontrolatzeko eta hainbat enpresa aberasteko milioika euro xahutzen dituzte", ohartarazi zuten atzo IASeko kideek. Hasieratik salatu zuten kameren ezarpena, iritzita "hezkuntza-eredu autoritario eta diziplinatzaile batean sakontzeko" pauso bat dela eta hori "onartezina" dela. 

Orain, eta hezkuntza-komunitateak kameren aurkako jarrera irmoa erakutsi ostean, Hezkuntza Sailak esan du kamerak ez jartzeko aukera dutela ikastetxeek. Horren aurrean, borrokan segitzea eta boikota indartzea beharrezkotzat jo du IASek: "Inoiz baino gehiago, presioa egiten jarraitzea dagokigu, kamera guztiak kendu arte".

Lan horretan, Jaurlaritzari helegite bat ipintzeko aukera aztertzen ari da antolakundea, eta kontrol-kameren kontrako sinadura-bilketa bat dauka zabalik, jada milaka ikaslek babestu dutena. Horrekin batera, heziguneetako zuzendaritzei dei egin die "gela digitaletako" kamerak ez jartzera.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Ikasle mugimendua kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...