Auzitegietan euskarak atzera egin duela salatu dute hainbat eragilek Baionan

  • Baionako auzitegiaren aitzinean bildu diren euskal eragileek salatu dute azken hilabeteetan euskaraz deklaratzeko eskubidea ukatu zaiela hainbat auzipeturi. Eta mobilizaziora deitu dute urtarrilaren 31n Baionan, Departamenduaren egoitzaren aitzinean.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2025eko abenduaren 18an - 15:26
Hainbat euskal eragile bilduak ziren Baionako auzitegiaren aitzinean goiz honetan, euskarak justizia sisteman pairatzen duen errekonozimendu eza salatzeko. Euskal Irratiak
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Asteazken goizean, hainbat euskal eragile bildu dira Baionako auzitegiaren aitzinean, euskarak justizia sisteman pairatzen duen errekonozimendu eza salatzeko. Azken hilabeteetan egindako epaiketetan, 17 pertsonari euskaraz aritzeko eskubidea ukatu dietela salatu dute, Frantziako Konstituzioaren "interpretazio murriztailea" oinarri hartuta.

Azken hilabeteetan izandako hainbat auzitan –Ostia, EHE, Arberoako Lurra edo Korrikarekin lotutako auzietan adibidez– epaileek auziperatuei euskaraz hitz egitea debekatu diete. Egoera horrek atzerapauso argia erakusten du asteazkenean bildu diren eragileentzat; izan ere, militanteek gogorarazi dutenez, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan posible zen epaiketetan euskaraz aritzea, itzultzaile baten bidez bazen ere.

Jakes Bortairu militanteak azaldu duenez, garai hartan auzipetuak frantziar nazionalitatea izan arren, euskaraz deklaratzeko aukera bazegoen, eta hori ez zen legez kanpokoa. Gorka Torre Euskal Herrian Euskarazeko kideak horren adibide argia ekarri du gogora: 1984ko ekainaren 7an Baionako auzitegian egindako epaiketan hainbat militantek euskaraz hitz egin ahal izan zuten, haien adierazpenak frantsesera itzuli zituztelarik.

Egoera juridikoa

Egoeraren gako juridiko nagusietako bat Frantziako Konstituzioaren bilakaeran dago. 1539ko Villers-Cotterêts ordenantzak ezarri zuen administrazioaren eta justiziaren hizkuntza frantsesa izan behar zela, eta 1994an Konstituzioan gehitu zen artikulu famatuak –"Errepublikaren hizkuntza frantsesa da"– hizkuntza gutxituen erabilera are gehiago mugatu zuen. Neurri horrek, hasiera batean ingelesaren eraginari aurre egiteko pentsatua izan bazen ere, ondorio larriak izan ditu euskararen gisako hizkuntzentzat.

Ihintza Palacín ikerlariaren arabera, 1994ko aldaketa hori izan zen mugarri nagusia: epaileek legea aplikatu behar dute, eta horrek frantsesez jardutea inposatzen du. Zenbait kasutan itzulpena onar liteke, baina soilik auzipetuak frantziar nazionalitaterik ez duenean; ondorioz, frantziar herritar euskaldunek ez dute beren hizkuntza erabiltzeko eskubide errealik.

Bestalde, Europako Kontseiluak proposatutako Hizkuntza Gutxituen Babeserako Hitzarmena Frantziak inoiz ez berresteak areagotu egin du euskararen babes juridikorik eza epaitegietan. Hori dela eta, gaur egun justizia euskaraz bizitzea posible ez den eremuetako bat bihurtu da.

Gutun bat bidalia

Testuinguru horretan, otsailaren 5ean epaituak izango dira Euskal Herrian Euskarazeko hainbat kide, Departamenduko egoitzaren paretetan "Euskaraz bizi nahi dugu" margotzeagatik. Epaiketa horren harira, asteazkenean gutunak utzi dituzte Baionako auzitegian, epaiketa euskaraz egin ahal izateko eskariarekin.

Azkenik, "Geldi euskaldunak zapaltzen" lelopean, mobilizaziora deitu dute urtarrilaren 31n Baionan, Departamenduaren egoitzaren aitzinean, eguerdiko 12:00etan.

Duela hilabete pare bat gai horri buruz egindako erreportajea hemen entzun dezakezue.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Ipar EH-n
Eguneraketa berriak daude