Hari gorritik tiraka liburuxka argitaratu du Aitor Tena Eizagirrek (Zumaia, 1999), Gipuzkoan 2.000 militante inguru izatera heldu zen Herri Gaztedi mugimendu kristauak Zumaian izandako bilakaeraren ikerketa etnografikoa. Bere herrian eta Iruñeko Katakraken aurkeztu du idazlana berriki.
Zein testuinguru historiko eta sozialetan kokatzen da Herri Gaztediren sorrera? Zer nolako berrikuntzak ekarri zituen Zumaiako gazteen aurreko elkarte-formekin alderatuta?
Herri Gaztedi 1960ko hamarkada erdialdean sortu zen, Euskal Herrian errealitate sozial eta politiko berri bat eratzen ari zen testuinguruan. Industria-garapenak langileria berri bat sortu zuen –bertako eta kanpotik etorritako langileez osatua–, eta grebak eta borrokak ugaritu ziren. Belaunaldi berriak, Gerra Zibila ezagutu gabeak, aurreko belaunaldiaren immobilismoa hautsi eta subjektu politiko berri baten sorrera bultzatu zuen, ETAren agerpenak ere adierazten zuen moduan.
Elizaren barruan ere aldaketa sakonak gertatu ziren. Vatikanoko II. Kontzilioak Elizaren eguneratzea planteatu zuen, pobreen aldeko diskurtsoa eta egitura kapitalisten kritika mahai gainean jarriz. Testuinguru horretan, apaizen belaunaldi berri batek zapalkuntza nazional eta sozialaren aurkako konpromisoa hartu zuen.
Herri Gaztedik berrikuntza nabarmenak ekarri zituen, bai Zumaian bai eskala nazionalean. Zumaian baziren hainbat aurrekari elizkoi: Luistarrak, Mariaren Alabak eta Oargui. Bestalde, bazen Baserri Gaztedi mugimendua ere, gero Herri Gaztedi bihurtuko zena.
Aldaketa nagusietako bat izan zen nori zuzentzen zitzaion: nekazariei egindako erreferentziak gutxitu zituzten, gero eta gehiago zuzentzen zitzaien langile klaseari eta Euskal Herri langileari. Herri Gaztedik Baserri Gaztediren ikuspegi indibidual eta determinista hautsi zuen –gazte bakoitza bere “tokirako” heztearen ideiarekin–, eta heziketa eta ekintza ardatz hartuta, gazteen formakuntza gizarte hobe baten aldeko konpromisoarekin lotu zuen.
"Herri Gaztedik aktiboki bilatu zuen langile etorkinekin alfabetatze-lanak egitea, eta haietako batzuek ere mugimenduan parte hartu zuten"
Nondik zetozen Herri Gaztediko militanteak sozialki?
Baserri Gaztedi Herri Gaztedi bilakatzeak mugimenduaren izaera bera aldatu zuen: landa eremura mugatutako ikuspegitik harago, gizarteko bilakaera produktibo eta sozialak jaso eta herri-geruza zabalagoak antolatzea izan zuen helburu. Batez ere langile klaseko gazteak antolatu zituen, kaletarrak nagusiki.
Militante gehienak jatorri euskalduneko gazteak izan ziren, bereziki lehen urteetan, eta hasieran lotura sendoa izan zuten baserriari eta nekazal imajinarioari lotutako munduarekin, lotura hori urteen poderioz ahultzen joan bazen ere. Elizgizonek ere parte hartu zuten mugimenduan, apaiz batzuk fabriketako lan-prozesuetan eta borroketan integratzearen garrantziaz jabetu zirenean.
Aldi berean, Herri Gaztedik aktiboki bilatu zuen kanpotik etorritako langile etorkinekin alfabetatze-lanak egitea, eta haietako batzuek ere mugimenduan parte hartu zuten, batez ere herriko industria-guneetan lanean zebiltzanek.
Nola sartu zen marxismoa Herri Gaztedin, eta nola ulertu zuten teoriaren funtzioa?
Aipatutako testuinguru sozialaren ondorio izan zen, eta hasieran sozialismoarekiko hurbilketa zeharkakoa eta zehaztugabea izan bazen ere, pixkanaka teoria marxistak presentzia handiagoa hartu zuen. Heziketak garrantzi handia izan zuen, baina ez indibidualki formatzeko edo intelektualak sortzeko tresna gisa, baizik eta praktika politikoari zuzenean lotuta, ekintza gisa ulertzen zutena.
Bilakaera teoriko hori Herri Gaztediren aldizkarietan islatu zen: sozialismoa, marxismoa eta autore marxistak gero eta gehiago landu zituzten, garaiaren arabera hainbat erreferenterekin. Formakuntzarako tresna nagusia Gazte aldizkaria izan zen, Baserri Gaztedin zein Herri Gaztedin hainbat etapatan mantendu zena.
Teoria eta praktika ezinbestean elkarri lotuta ulertzen zituzten: heziketa eta ekintza ezin ziren bata bestea gabe ulertu. Horregatik, garaiko ezkerreko beste talde batzuen joera teorizista hutsetatik aldendu ziren, eta heziketaren bidez gazteak konpromiso politikora eta ekintza praktikora eramatea bilatu zuten. Ekintza ez zuten egiteko hutsagatik egiten, baizik eta aurretik hausnartuta eta metodologiari garrantzia emanda: ekintzak planifikatu, helburuak zehaztu eta ondoren berrikusketa kritikoak eginez, Ikusi, Epaitu, Ekin metodologiaren bidez.
"Mugimenduaren printzipio nagusien artean kristautasuna, marxismoa, klase-borroka, euskara eta abertzaletasuna zeuden"
Nolakoa zen Herri Gaztediren barne-antolaketa?
Herri Gaztedi dimentsio handiko mugimendua izan zen –Gipuzkoan 2.000 militante inguru–, antolakuntza aldetik nahiko sofistikatua. Maiztasunez elkartzen ziren herri eta auzoetako taldetxoak zeuden, bakoitza bere markoarekin. Ekintzak, aisialdi-irteerak eta bestelako jarduerak prestatzen zituzten, eta tokiko borroketan, mobilizazioetan, alfabetizazioan eta Ikastolen inguruko eztabaidetan parte hartzen zuten.
Herrialde eta nazio mailako antolakuntza-markoak ere bazeuden. Bertan batzen ziren taldeetako arduradunak, gaztetxoen taldeetako arduradunak, apaiz kontziliarioak eta elizbarrutiko ordezkariak.
Nazioarteko harremanetan, hasieran Juventud Agraria y Rural Católica (JARC) mugimenduarekin lotuta egon ziren, baina 1966–1967an haiekin hautsi zuten eta Euskal Herriko mugimendu propioa aldarrikatu. Ondoren, harremanak izan zituzten Juventud Obrera Cristiana (JOC) eta Vanguardia Obrera Juvenil (VOJ) bezalako erakundeekin ere.
Bazen barne-korronterik edo eztabaida-ildo nagusirik?
Mugimendu dinamiko eta heterogeneoa izan zen, hasieratik amaierara aldaketa ideologiko, politiko eta metodologikoak izan zituena. Herriz herri oso desberdina izan zen: zenbait tokitan trantsizio naturala ETAra egitea izan zen, beste batzuetan, berriz, bidea dispertsoagoa izan zen edo bestelako mugimenduetarantz jo zuen.
Momentu jakin batzuetan, barne-tentsioak eta korronteak agertu ziren, batez ere 60ko hamarkada amaieran. Errepresioa gogortu zenean, hautu politiko argia egina zuten zenbait kidek proselitismoa egin zuten mugimenduaren barruan, ideiak txertatu eta militantzia-bideak baldintzatzeko. Azken urteetan OICrekin (Organización de Izquierda Comunista) lotura zuten kontziliarioek pisu handia hartu zuten. Zumaiako lehen urteetako kideek gehiago jo zuten ildo abertzaleetara (ETAko fronte kulturala, LAIA, Komando Autonomoak), eta amaiera aldekoek, berriz, ezker iraultzaileko mugimenduetara (OIC, Langile Komiteak, CCOO, ORT, EMK).
Eztabaida nagusietako bat nazio auziaren ingurukoa izan zen: nazio askapena ala askapen soziala lehenetsi behar zen. Burgosko Prozesuaren ondoren, mugimenduaren norabideari buruzko eztabaida sakona ireki zen. Aukera nagusiak izan ziren klandestinitatera jauzi egitea edo masa mugimendu antolatu gisa jarraitzea, eta azkenean hirugarren bide bat lehenetsi zuten: Herri Gaztedi heziketa-mugimendua izatea, beste mugimenduak militantez elikatuko zituena, mugimendu bakar batera lotu gabe.
Nola uztartu zituzten kristautasuna eta klase borroka, eta zer ondorio izan zuen Elizak marxismoa debekatzeak?
Vatikanoko II. Kontzilioak ate bat ireki zuen, eta Herri Gaztedin hasieratik izan zuten borondatea aukera hori baliatu eta kristautasuna sozialismoarekin uztartzeko. Mugimenduaren printzipio nagusien artean kristautasuna, marxismoa, klase-borroka, euskara eta abertzaletasuna zeuden, eta hainbat kidek gogoratzen dute Elizaren barruko mugimendu batean egin zirela marxistak, heziketa politikoaren bidez.
Hala ere, prozesu horrek muga argiak izan zituen. Elizako sektore kontserbadoreenek erreakzio gogorra izan zuten, marxismoa debekatu zieten eta Herri Gaztediri azpiegiturak eta baliabideak moztu zizkioten. Aldi berean, oposizioko mugimenduak, sindikatuak eta alderdiak indartzen ari ziren, eta Elizaren babesa jada ez zen ezinbestekoa.
Testuinguru horretan, Herri Gaztedin edo bestelako mugimendu kristauetan aritutako kide askok salto egin zuten mugimendu laiko eta sekularizatuetara, eta apaiz askok ere abitua utzi eta mugimendu politiko eta sindikaletan hartu zuten parte. Ondorioz, Herri Gaztedik gizartearen sekularizazio-prozesuan ekarpen garrantzitsua egin zuela esan ohi da.
Nola ulertu zuten nazio-askapenaren eta borroka sozialaren arteko lotura?
Euskal Herrian “klase borrokaren marko autonomo” hura sortzearen garrantzia azpimarratzen zuten, baita eliz-mugimenduaren egitura estataletatik askatzearena ere. Abertzaletasun hutsetik askapen nazionala eta soziala uztartzera pasa ziren, ikuspegi internazionalistatik, baina betiere zapalkuntza nazionalaren arazo espezifikoa eta hura gainditzeko beharra nabarmenduz.
Euskarari garrantzi handia ematen zioten, eta horregatik etorkinekin alfabetatze-lanak egin zituzten, hizkuntzaren arloan ez ezik, baita alfabetatze politikoan ere: euskara lantzea, baina aldi berean langile gisa jasaten zuten zapalkuntza ulertzea, Euskal Herriko zapalkuntza nazional eta sozialari lotuta. Horretarako, soziologiako hastapen-liburuak baliatu zituzten.
Bertako eta kanpoko langileen arteko zatiketa kritikatu zuten, burgesiak sustatutako estrategia gisa ulertuta, langileen kontzientziazioa oztopatzeko. Autokritika ere egin zuten, aitortuz zenbait tokitan erabilitako metodoek eta lan-dinamikek ez zutela beti batasuna errazten.
Hasierako izaera interklasistagotik, mugimendua bere burua klasista gisa definitzera igaro zen, langile klasearen antolakunde gisa. Zehaztu zuten langile klasea zela zapalkuntza nazional eta sozialari amaiera emateko interesa zuen klase bakarra, eta horren ondorioz distantzia hartu zuten euskal burgesiarekiko.
Zein izan zen emakumeen parte-hartzea eta nola landu zuten emakume-auzia?
Baserri Gaztedik ez zuen emakumea subjektu politiko aktibo gisa ikusten orohar, eta bere parte-hartzea baserriko eta etxeko lanetara mugatzen zuen; gehienez ere kultura tradizionalaren eta hizkuntzaren transmisioan (andereñoaren figura) aitortzen zion funtzioa, ikuspegi determinista baten barruan.
Herri Gaztedik, ordea, hasiera-hasieratik haustura ekarri zuen ikuspegi horrekin: ekintzaileez hitz egitean neskei eta mutilei egiten zien erreferentzia, eta emakumeek presentzia handia izan zuten bai arduradunen artean bai Gazte aldizkariko erredakzioan. Genero-auzia eta afektibitatea ere landu zituzten, eta emakume askok bertan jasotako heziketari eta lan-munduko esperientziari esker ulertu zuten klase-banaketaren eta emakume langileek pairatzen zuten zapalkuntzaren izaera zehatza, eta horrek eraman zituen sozialismoaren aldeko konpromisora.
Zein harreman izan zuten langile-mugimenduarekin, ETArekin eta ezker iraultzailearekin?
Harremana izan zuten eta mugimendu horiek eragin zuzena izan zuten Herri Gaztediren barruan. Herrietan kontaktu zuzena zuten, neurri handiagoan ala txikiagoan, eta aldizkarietan harreman hura esplizituki aipatzen ez bazuten ere, elkartasuna adierazten zuten errepresio kasuetan. Guardia Zibilak Txabi Etxebarrieta edo Xenki zarauztarra hil zituztenean eskuorriak banatu eta agitazio-ekintzak egin zituzten, adibidez.
Zenbait kidek militantzia bikoitzak zituzten. Kasu batzuetan Herri Gaztedin eragiteko helburuarekin, eta besteetan, berriz, Herri Gaztediko esperientzia oinarri hartuta beste erakundeetara egin zuten salto. Orokorrean, Herri Gazteditik militante mordo bat irten zen mugimendu askotara eta antolakunde pila batek jaso zuten bertan egindako lanaren oinordekotza.
Errepresiorik jasan al zuten?
Elizaren “babespean” egonik, ez zuten klandestinitatera jo behar izan, nahiz eta klandestinitatean jarduten zutenekiko elkartasuna bultzatzen zuten. Hala ere, ez zeuden errepresiotik salbuetsita: Oarguiko garaitik bertatik ekintza aldarrikatzaileengatik jasan zuten, eta Herri Gaztedin ere Guardia Zibilaren jarraipenak, atxiloketak eta tortura kasuren bat gogoratzen dituzte. Garai berekoa da Zamorako apaiz kartzela, non Herri Gaztediren bueltako apaiz ugari espetxeratu zituzten.
Ekintza aldarrikatzaileak eta propaganda egiteko jakintza teknikoa eskuratu zuten. Sabotaje ekintzak ere egin zituzten, eta multikopistaren erabileran trebatu ziren: Luistarretan bazuten bat, Herri Gaztedi sortu aurretik, eta 1972 arte erabili zuten, Xenki zarauztarraren omenezko mobilizazioetaraino. Orduan, Poliziaren jarraipena sumatuta, multikopista harraldetik behera bota zuten.
Nola iritsi zen Herri Gaztedi 70eko hamarkadara?
Legeztatzeak baino apur bat lehenago desegin zen. Burgosko prozesuaren ondoren hartu zuten erabakiaren arabera, Herri Gaztedi heziketa-mugimendu bilakatu eta beste taldeentzat militanteak sortzera mugatuko zela erabaki zuten. Bestelako mugimenduak indartzen eta izaera publikoagoa hartzen hasi ziren, militanteak erakartzeko gaitasuna irabazi zuten eta legeztatze-prozesurako pausoak eman zituzten. Ondorioz, Herri Gaztedi garrantzia, indarra eta zentzua galtzen hasi zen; militante gutxiago zeuden eta zeudenak beste antolakundeetara pasatzen ziren. Zumaiako kasuan, azken zelula osatu zuten ekintzaileek diote 1975 eta 1976 artean amaitu zela, Trantsizio aurretik.
Zein da Herri Gaztedik utzi duen ondarea?
Ekintzaile ohiek –zeinak askotariko ibilbide politikoak izan dituzten–, konpromisoa azpimarratzen dute, politikoki eta teorikoki formakuntza jaso izanaz gain. Bakoitza bere arloan dabil: euskara, kultura, pentsiodunen mugimendua… Baina denak bat datoz zerbaiten alde eta zerbaiten kontra borrokan aritu direla beti. Bestetik, “utopiaren” ideia nabarmentzen dute: bidea egitea, ortzimuga bat izatearen garrantzia eta ezinezkoa dirudienaren alde borrokatzeko grina.