Txinak eragiketa militarrak hasi ditu Taiwan inguruan, AEBek uhartea armaz lagunduko dutela jakin ostean

  • Beste behin, Txinak presio militarra areagotu du Taiwanen inguruan, azken urteotako eragiketa handienetakoa eginda: ehunka hegazkin eta dozenaka itsasontzi zabaldu ditu uhartearen inguruan. Pekinen arabera, "inguraketa azkar bat" entseatzeko eta "atzerriko laguntza militarra eteteko gaitasuna probatzeko" eragiketak dira. Taiwango Gobernuak "intimidazio militarra" dela salatu du.


2025eko abenduaren 30ean - 11:10
Azken eguneraketa: 12:54
LAC Amanda McErlich
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak


Txinak presio militarra areagotu du Taiwanen gain. Astelehenean, 2025 Justizia Misioa deituriko lurreko eta itsasoko armadaren, abiazioaren eta koheteen mobilizazioa iragarri zuen Taiwanen inguruan; eta asteartean entsegu militarrak intentsifikatu ditu: 130 gerra-hegazkin eta 22 itsasontzi zabaldu ditu uhartearen inguruan, betiere uhartearen itsas, lur edo aire eremuetan sartu gabe, Hsieh Taiwango Defentsa Ministerioko kidearen arabera. Txinak argudiatu du "inguraketa azkar bat entseatzeko eta, gatazkarik balego, Taiwanen kanpo laguntzak mozteko duen gaitasuna probatzeko" egindako eragiketak direla. 

Egungoak tamaina handiko seigarren entsegu militarrak dira hiru urtetan. Azken urteotan, Taiwan edo AEBen aldetik probokatzailetzat jotzen duen edozein ekintzari erantzuteko ahaleginak egin ditu Txinak. Izan ere, AEBek Taiwan estatu subirano gisa onartzen ez badute ere, 9.400 milioi euroan baloratutako armagintza materiala salduko dio, eta laguntza horrekin, Taiwango presidentea inoizko defentsa aurrekontu handiena aurrera ateratzeko ahaleginetan ari da. Adituek iradoki dute, hain zuzen, azken maniobren helburua uhartean atzerriko sarrera militarra ukatzeko modua praktikatzea dela.

Eragiketei erantzunez, Taiwango Gobernuak “intimidazio militarra” leporatu dio Txinari. Norabide berean, Taiwango Defentsa ministroak ohartarazi du “erabateko alerta egoeran” daudela eta “neurri konkretuak” hartuko dituztela “demokrazia eta askatasuna” defendatzeko. Txinako Gobernuak, aldiz, adierazi du “subiranotasun nazionala babesteko eta batasun nazionalari eusteko ekintza legitimoa” dela. Lin Jian Txinako Kanpo Arazoetako Ministerioko bozeramaileak gaineratu du AEBen bidez “independentzia bilatzeko egin duen saiakerak Taiwan suntsitu” dezakela, eta “independentziaren aldeko indarrak harrotzeak Taiwango itsasartea gerra egoera arriskutsu batera bultzatuko” dutela.

Harreman arantzatsuak

Txina eta Taiwanen harremana arantzatsua izan da 1949ko gerra amitu zenetik. Txinako Alderdi Komunistak Taiwanen demokrazia autonomoa bere lurralde gisa aldarrikatzen du, inoiz kontrolatu ez duen arren, eta, beharrezkoa bada, uhartearen kontrola indarrez hartuko duela agindu du. Izan ere, 1949an Txinako gerra zibila amaitu ondoren Mao Zedongen armadak botatako indar nazionalistak erbesteratu ziren tokia da, eta bateratzea "misio historikoa" da Txinarentzat.

Taiwan soilik hamabi herrialdek onartzen dute herrialde subirano bezela, baina de facto herrialde gisa funtzionatzen du. 1996az geroztik hauteskundeen bidez hautatutako gobernu bat du, konstituzio bat eta armada bat. Harremanak ere baditu beste herrialdeekin, formalki ez bada ere. AEBekin aipatutako arma salerosketaz gain, Japoniarekin ere baditu harreman komertzialak. Are, Japoniako lehen ministroak esan du bere herrialdeak militarki erantzungo duela Txina Taiwanen kontrola indarrez hartzen saiatuko balitz, eta horrek ere zonaldeko tentsio geopolotikoa hauspotu du.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txina
Eguneraketa berriak daude