“Sare sozialetan naizen moduan agertzeak liberazioa sentiarazi dit”

  • batez ere umorezko edukia sortzen du Janire Atxurrak (Aulesti, Bizkaia, 2000). horrez gain, tonu serioan ere hitz egiteko baliatzen ditu sare sozialak; esate baterako, presio estetikoaz eta ziurtasunik ezaz mintzatzen da. Horren adibide dira alopeziaren, arazo hormonalen eta elikadura nahasmenduen inguruan lehenengo pertsonan igotako bideoak: "Arazoak eta bizitza gogorra ere badudala esatea ona da jendea irrealtasunetik errealitatera pasatzeko".

DANI BLANCO / ARGIA CC BY-SA

2025eko abenduaren 24an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Urtebete darama sare sozialetan edukia sortzen Janire Atxurrak. Halere, aspalditik dauka grina hori. Oso gaztetan Youtubeko kanal bat izan zuen, baina jendeak burla egiten zionez eta presioa sentitzen zuenez, kanala itxi zuen: “Duela urte asko izan zen, ez zen hain ohikoa sare sozialak izatea. Pringatu bat zinen”. Uste du pertsona bakoitzak modu batera edo bestera sentitzen duela presio estetikoa. Atxurraren kasuan, sare sozialetan bizi eta sortzen duenez, “ahalik eta politen” agertzen saiatzen da. Lehen presioa handiagoa zela dio, eta sentitzen duela ahaldundu egin dela: “Sare sozialetan naizen moduan agertzeak liberazioa sentiarazi dit. Egia da bueltan ez dudala sentitu izugarrizko gorrotoa edo horrenbeste komentario txar”. Alabaina, aho biko ezpata dela dio. 

Denborarekin presioa aldatu den arren, hasieran, jendeak zer esango zuen edo jendeak burla egiteak beldurtzen zuen. “Konturatu nintzen, etxean tontakeriaren bat esaten bideo bat grabatu nahi nuenean, ibiltzen nintzela makillatzen, filtroak jartzen eta angelurik onena topatzen; ohartu nintzen presio hori neukala motxilan”, kontatu du. Zama handituz joan zen, eta geroz eta gehiago kostatzen zitzaion bideo “natural” bat egitea: “Neure buruari galdetu nion zergatik ez nintzen kapaza bideo natural bat egiteko. Lodi nagoelako, ilea falta zaidalako eta aurpegian bizarra daukadalako. Baina zer tapatu nahian nabil, bizitza errealean ez banaiz horrelakoa?”. Horregatik, erabaki zuen sare sozialetan kontatzea alopezia duela: “Pentsatu nuen jendeak igual enpatia sentituko zuela eta ez zela nirekin horrenbeste sartuko”. Ostean, jendearen berotasunak “indarra” eman zion arazo hormonalez eta elikadura nahasmenduez mintzatzeko. Izan ere, ikusi zuen uste baino askoz ere jende gehiagok bizi dituela antzekoak. 

“Neure buruari galdetu nion zergatik ez nintzen kapaza bideo natural bat egiteko. Lodi nagoelako, ilea falta zaidalako eta aurpegian bizarra daukadalako. Baina zer tapatu nahian nabil, bizitza errealean ez banaiz horrelakoa?”

Sare sozialetan batez ere umorea erabiltzen du, uste duelako oso tresna baliagarria dela. Bere iritziz, euskarak umore “tonto eta naturala” behar du. Hau da, pertsonekin konektatzen duen egunerokotasuneko umorea. Halere, zenbait gairekin, mugatu egiten du bere burua, iruditzen zaiolako kontuz ibili beharra dagoela, jendea erraz mintzen delako. Horregatik bideo batzuk “ahalik eta serioen” egiten saiatzen da: “Broma asko egiten ditugu lagun artean gure bizitza kaken inguruan. Sare sozialetan eginen nituzke, baina ez naiz ausartzen”. Mota askotako bideoak partekatzen ditu. Gaineratu du “ona” izan daitekeela ikustea gehienetan umorez edo irribarrez dagoen arren, arazoak eta kezkak dituela: “Arazoak eta bizitza gogorra ere badudala esatea ona da jendea irrealtasunetik errealitatera pasatzeko. Pertsona erreal bat naizela ikusteko modua da”.

Elkartasun mezuak

Egindako bideoen artean, urrian Instagramera igotako bat dago, zeinetan janariarekin duen harremanaz mintzo den. Katilu bete jogurt jan bitartean grabatutako bideo bat da. Bertan dio:  “Ikusten duzuen katilua, duela urtebete edo bi ezingo nukeen jan, gero parrandan atera behar naizelako eta ez dudalako puztuta egon nahi. Ez dut nahi jendeak ikustea lodi nagoela. Hau bizi duenak ulertuko du, eta bizi ez duenak igual flipatuko du. Bideo bat egin nahi nuen azaltzeko ez zaudela bakarrik, baina mesedez, jan. Gose bazara, jan, eta gero alkohola edan behar baduzu, jan. Ez zaitu lodituko katilukada batek. Gosea pasatzeak ez ditu zure arazoak konponduko; aitzitik, arazo oso handi bat bihurtuko da”.

DANI BLANCO / ARGIA CC BY-SA

Bideo bat sortzen ari zela, nahi gabe TikTok-eko bideo bat ikusi zuen, non azaltzen zuten zer egiten duen jendeak argaltzeko. Hori ikusi, eta behin eta berriz horrelako edukiak ateratzen hasi zitzaizkion. “Bideoetan esaten zuten ona dela gosea pasatzea ez loditzeko. Flipatzen ari nintzen. Horregatik, kontra egin nahi nuen”, dio. 

Gorputzeko atal bat?

"Eskuak. Lehen nire konplexurik handienetakoak ziren. Izugarrizko lotsa ematen zidaten, eskuetan ileak ateratzen zaizkidalako, apur bat mozkoteak direlako eta azazkal itsusiak ditudalako. Orain, gehiago edo gutxiago gustatuko zaizkit, baina ez ditut ezkutatzen. Lehen ez nuen nahi jendeak ikustea, eta orain azazkalak egiten ditut eta eraztunekin noa. Jada ez dut horrenbeste konplexu eta eskuak duela lau urte eta orain igual-igualak dira. Agian egin dudan lanaren fruitua da, eta horregatik gustatzen zaizkit horrenbeste".


ASTEKARIA
2025eko abenduaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Eguneraketa berriak daude