2025eko abenduaren 23an - 12:26
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zelebrea izan daiteke testua, sentitzen duen barne mundu oro zelebretzat hartzen duen harrizko gizarte baten begietan. Hala ere, hain bereziak direnendako dira hitzak; barne mundutik kanpokora zuzenean:

Bertze urte bati adio erranen diogu hemendik gutira; eta urte baten akaberak uzten du bada gibelera begira zer hausnartu eta aitzinera begira ere zerekin amestu. Beharbada, zenbaitek aurten bizitakoetatik loreak eramanen dituzte eta bertze zenbaitek, konparaziora, oraino lore bihurtzekoak diren haziak bakarrik. Mutur horien artean, bietatik eramanen duenik ere izanen da, ordea.

Gibelera begira orain, zeinen mingarriak izan diren minak eta zeinen zabalak irriak. Alta, minak ere lore bihurturik erein direlako zenbaitetan eta irriak berreskuratu direlako malkoen ondotik. Bide beretik, zeinen handiak izan diren ilusioz bustirik egon gareneko esperantzak eta zeinen hauskorrak egun ilunenetako gau tristeak. Zeinen distiratsuak izan diren argiak eta zeinen ilunak itzalak. Eta are gehiago, zeinen kuttunak izan diren zenbait leku eta zeinen hutsak bertze zenbait.

Zenbaitek aurten bizitakoetatik loreak eramanen dituzte eta bertze zenbaitek, konparaziora, oraino lore bihurtzekoak diren haziak bakarrik

Aurtengoak oroitzen hasita, leku kuttun batetik idazten dizut oraingoan zuri; aurten, momenturen batean, hor egon zaren horri. Bizirik egon garen heinean, izan dugulako denek minetatik zer ikasi, akatsetatik zer hobetu eta izandakoetatik zer besarkatu. Hortaz, eskerrak zuri irri handienak atera dituzunari eta eskerrak zuri ere hainbertze erakutsi didazunari. Eskerrak zuri, isilik bada ere beti egon zarenari, eta kontrakora, eskerrak zuri beti zer erran jakin duzunari. Eskerrak zuri kafe zein kaña horiek nirekin hartu dituzunari. Eskerrak ematen segituta, eskerrak zuri ere, bide batez, zuk ez jakinik ere hainbertzeko arrastoa utzi didazunari. Eskerrak zuri, maitatzen utzi didazunari; eta hari beretik tiraka, eskerrak zuri ere, maite izan nauzunari. Eskerrak zuri, minetan besarkatu didazunari eta nola ez, eskerrak zuri, emozioz beterik besarkatu didazunari. Eskerrak: eskerrak bideari eta eskerrak orain bidelagun zareten zein momenturen batean izan zaratenei. 

Zuri anitz daude eta bakoitzak badu izen eta izate bat, edo bat baino gehiago, akaso, nire barne mundu honetan. Eta niretik harago, hitzak leitzen ari zaren horri zuzenduta: zure barne munduan ere, zuri horrek bakoitzak izen bat izanen duelakoan; eskerrak hemendik zuri hori izan bazareten guziei. Zuei esker, nola edo hala, hobeagoa delako baten-baten barne munduko bizia. Zuri aparte, eskerrak niri, eskerrak nork bere buruari ere; ni imajinatu izanen nauten moduan zu ere imajinatu izanen zaituztelako zuri horren gibeleko aldean norbaiten mundua goxatzen.

Leire Mihura

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Eguneraketa berriak daude