Global Sumud Flotillak iragarri du 100 herrialde baino gehiagoko 3.000 boluntariotik gora abiatuko direla Mediterraneoko portu ezberdinetatik Palestinara. Erakunde eta gobernuen "porrotaren" aurrean, jendeak “erantzun” egin behar duela azpimarratu dute.
GLF Sumud Flotilla Globalak 2026ko udaberriko misioa iragarri du, aurtengoa baino bi aldiz handiagoa eta orain arteko Palestinaren aldeko itsas ekintza zibil koordinatu handiena: 100 herrialde baino gehiagoko 3.000 boluntario, eta 100dik gora ontzi abiatuko dira Mediterraneoko portu ezberdinetatik Palestinara. Helburuak Gazako setioa apurtzen laguntzea, laguntza humanitarioa ematea, eta Gaza berreraikitzen laguntzeaz gain, herri palestinarrarekin elkarlanean "babeserako presentzia zibil iraunkor eta espezializatua" ezartzea dira. Hor jarri nahi izan dute indarra, hain zuzen. Azaldu dutenez, armatu gabeko babes zibilak zabalduko dituzte komunitate palestinarrekin batera lan egiteko. Indarkeria geldiarazi, urraketak dokumentatu eta tokiko babes-mekanismoak eta erantzukizunak indartzea izango dute ipar, Israelgo erregimenak zibilen eta azpiegitura zibilen aurka egindako etengabeko erasoen artean.
Azpimarratu dute erakundeek eta gobernuek "huts" egiten dutenean, jendeak "erantzun" egin behar duela. Saif Abukeshek, GLFko kideak adierazi du misioa erakundeen “porrotari” erantzutera datorrela: "Erakundeek beren betebehar legalak eta moralak bertan behera uzten dituztenean, jendeak erantzukizun hori izan behar du". Antolakundetik gaineratu dute setio eta genozidioari bakarrik aurre egin behar zaion komunitaterik ezin dela egon.
1000 osasun langiletik gorako eredu zibila
Flotillan osasun arloko 1.000 profesional baino gehiago joango dira, botikaz eta osasun-ekipamenduz hornitutako ontzietan. Gazako mediku sarearekin elkarlanean jardungo dutela iragarri dute, larrialdietako arreta indartzea eta etengabeko bonbardaketek suntsitutako osasun-sistema egonkortzeko asmoarekin. Halaber, nabarmendu dute flotillaren balioa ezartzen duen aurrekarian datzala. Nazioarteko zuzenbidean, printzipio humanitarioetan eta palestinarren lidergoan oinarritutako, eta zibilek gidatutako eredua sortzea dute helburu.