Disimuluak disimulu, egintzen sekuentziak argi eta garbi azaltzen du joaira: azken hamarkadatan herrialdearen hautu estrategiko “bakezalea” izan dena bertan behera uzteko egitasmoa darabil Sanae Takaichi andrea buru duen Japoniako gobernu berriak. Eta ingurukoen belarriak tentetu arazi egin ditu horrek. Bada, noski, deliberoa sutsu txalotzen duen mendebaldarrik ere.
Kontuak behar bezala aterata ote? Hor dago koska: mesfidantza ereiten dute XX. mendearen lehen erdiko aurrekariek. Eta hein handi batean, orduko kalkulu okerren ondorio da egungo egoera.
Ezin ukatuko dugu egitasmoa aldez aurretik landua zuenaren bizkortasunarekin ari dela Takaichiren gobernua. Urriaren 21ean agintea hartu eta astebetera bildu zen Trump nagusiarekin, askok gehiegizko mirabekeria egotzi zioten bilkura hartan. Lausenguen artean, Etxe Zuriko jaunari asmoen berri eman zitzaiola susmatu beharko dugu, horrelako aldaketak ezin baitira AEBen bulkada edo, gutxienez, onespenik gabe egin Japonian.
Handik hamar egunera, azaroaren 7an, lehen ministroak Taiwani buruz Japoniako Dieta Nazionalean egindako adierazpenek aspaldian ez bezalako krisialdia sorrarazi zuten Txinarekiko harremanetan. Eta krisi hori itzali ez denean etorri da hurrengo urratsa: pasa den astean, gobernuaren “goi-aholkulari” anonimo batek jakinarazi zuen “bere ustez, Japoniak arma nuklearrak eduki behar lituzkeela”. Hau da, orain arte doktrina ofizial irmoa izan diren “Hiru Printzipioak Ez-Nuklearrak” baztertu egin behar liratekeela.
Ezbairik gabe funtsezkoa litzatekeen aldaketa estrategiko hori, jakina, ez du berretsi ofizialki, oraingoz, Takaichiren gobernuak. Eta Estatu Batuetan ere harrera hotza aurkitu duela ematen du. Lirudikeen bezain gardena ez delako asmoa, beharbada? Baina urratsen egikerak erakusten du joairaren nondik norakoa.
Bidenabar, etxe barneko aurkariek alde batetik, eta inguruko herrialdeek bestetik, deliberoa guztiz aintzat hartzen dutela erakutsi dute. Eta arbuiorik zalapartatsuena Ipar Korearena izan bada ere, gotorrena Txinatik etorri da, nola ez. Ohiko instantzia mediatiko ofizialen arbuioaz harago, Armadaren ikuskera ere mahaira ekarri delako.
Era askotako interpretazio-ildoak zilegitu ditzake historia garaikideak; baina gutxi dira baikorrak Asia Ekialdean. Bada, edonola ere, Takaichiren gobernuari zer hausnartua eman behar liokeen egungo egitate bat: balizko etsaia, Txina, ez da 1895ekoa. Ezta 1931koa ere. Adibidez, Japoniako Armadaren bizkarrezurra eta giharra den ontzidia, Europako edozein baino ahaltsuagoa izanik, Txinakoaren herena baino ez da. Eta aldea handitzen ari da urtetik urtera, herrialde bakoitzaren ontzigintzaren ahalmena dela eta.
Kontuak aterata, ez dirudi Japonia militarismora itzultzeko abagunerik aproposena.