Martinarriko motrailuaren dieta

Argazkia: EHU
Argazkia: EHU
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Obekuri (Araba), duela 14.000 urte. Goi Pleistozenoaren amaieran, Martinarriko asentamenduan bizi zen komunitateko kideak, aurrez ehotzeko erabilitako lauza bat hartu, eta motrailu gisa berrerabiltzen hasi ziren. Horrenbestez, Europan aurkitutako motrailurik zaharrena da Martinarrikoa.

Objektua Trebiñuko aztarnategian aurkitu ondoren, bestek beste EHUko Alfonso Aldayk eta Adriana Sotok osatutako taldeak ikerketa proiektu bat diseinatu zuen tresnaren funtzioa ulertze aldera. Eta emaitza Environmental Archaeology aldizkarian argitaratu dute berriki. 

Tresna kontu handiz babestu, garbitu eta aztertuta, eta aurkitutako sedimentuak alderatuta, ondorioztatu dute ziurrenik ezkurrak prozesatzeko erabili zutela. Gainera, hipotesia baieztatzen du inguru haietako Paleolito garaiko landarediak. Aldayren hitzetan, “antza denez, quercus generoko basoaren hedapenak ezkur kantitate gero eta handiagoa eskaini zien bertako gizakiei”. Eta zera gaineratzen du EHUko ikerlariak: “Asentamendu estrategiak, bizirauteko praktikek eta talde mugikortasun patroiek iradokitzen dute aztarnategi irekien sare bat mantentzen zutela, behin eta berriro jotzen zutela horietara, eta bizitegi funtzioa eta funtzio espezializatuak konbinatzen zituztela”.

Martinarriko motrailuak adierazten du landareek uste baino garrantzia handiagoa zutela dietan: “Horrek esan nahi du milioika pertsonek bizirik iraun dutela basa landare jangarriei esker”

Garbi dute Martinarrikoa aztarnategi eredugarria dela, hau da, ez dela salbuespentzat jo behar, eta Goi Pleistozeno amaierako gizakien portaerari buruzko informazio baliagarria ematen duela. Garai hartan, Historiaurreko zatirik handienean bezala, gizakiak ehiztari-biltzaileak ziren. Milaka urte batzuk falta ziren Neolitoan nekazaritzan jarduteko. Baina landare-elikagaiak biltzeko jarduera ehizaren osagarritzat jo izan da. Horrek esan nahi du ehiztari-biltzaile haiek haragijaleak zirela nagusiki, eta landare jatorriko elikagaiak dietaren osagarri zirela.

Baina Martinarriko motrailuak adierazten du landareek uste baino garrantzia handiagoa zutela dietan. “Horrek esan nahi du milioika pertsonek bizirik iraun dutela basa landare jangarriei esker”. Landare horietako batzuek ez dute prozesatzea eskatzen, baina beste batzuek bai eta motrailuak adierazten du “giza komunitateek eginahal handiak egin zituztela euren dietan landare baliabide prozesatuak sartzeko, ekonomia neolitikoa iritsi baino askoz lehenago”. Alegia, nekazaritza garatu baino lehen ere, gizakiek ahalegina egin zuten dieta orojale orekatuagoa edo, nahi bada, begetarianoagoa lortzeko. 


ASTEKARIA
2026ko urtarrilaren 4a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude