Hizkuntza-eskubide urraketa Durangoko udaletxean

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Idatzi hau sinatzen dugun bi lagunok hizkuntza-eskubide urraketa larria sufritu genuen abenduaren 5ean Durangoko udaletxean. Hain zuzen ere, Durangoko Udaltzaingoan espainolez egitera behartu gintuzten. Eskaera bat egitera joan, eta ez ziguten eskaera gure hizkuntzan, Durangoko berezko hizkuntzan, bertako hizkuntza koofizialean, euskaraz, egiten utzi.

Durangoko Udalari exijitzen diogu neurriak har ditzala udaltzaingoa euskalduntzeko eta euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzeko

Euskaraz berbetan hasi eta "no, en español" esan zigun harrerako udaltzainak. Guk euskaraz segitu genuen, eta berak "no, en español"; guk harrituta orduan: "Zuk ez badakizu, egongo da euskaraz dakien norbait, ezta?". Eta berak erantzun: "No, yo y en español". Euskaraz ekin genion berriro ere: "Baina egongo da nor edo nor euskaraz...". Eta udaltzainak berriro: "No, conmigo y en español". Hori horrela, eta eskaera eginbehar larria genuenez, gure borondatearen kontra, espainolez egin behar izan genuen. Euskararen kontrako azken oldarraldi judizialaren aurreko udaltzain hauek jakingo dute euskaraz, ezta? Agian euskaraz jakin bai, baina ez dute egin gurako?

Udaletxean buruko min txiki batekin sartu eta handiago batekin irten genuen, behar baino galdera gehiagorekin, eta bereziki gure herrian gure hizkuntzan egin eta bizitzeko ezintasunak eragindako minarekin. Baina, samin horrek ez gaitu geldiaraziko, eta ez dugu horrelako eskubide urraketa gehiago onartuko. Eta beraz, Durangoko Udalari exijitzen diogu neurriak har ditzala udaltzaingoa euskalduntzeko eta euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzeko. Euskara biziberritzeko politika berriak beharrezko direla ikusten dugun garaiotan, euskararen aldeko ohiko argazki soilak ez dira nahikoa. Euskaltzaleok ekiteko garaia da.

Koldo Zarate Onaindia, Endika Blanco Bravo

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin