Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 50.000 euro kenduko dizkio Euskal Kultur Erakundeari

  • Iragan larunbateko biltzar nagusian hartu du erabakia Pirinio Atlantikoetako Departamenduak. Uztailean Frantziako Estatuak jakinarazitako 30.000 euroko mozketa ere gehitu behar zaio horri eta argi eta garbi, egoera ekonomiko larrian dago EKE egitura.

Frantziako Estatuak erabakitako murrizketak salatzeko elkarretaratzea, irailean. Eaj

2025eko abenduaren 18an - 10:47
Azken eguneraketa: 14:06
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Golpe latz bat gehiago Ipar Euskal Herriko euskalgintzarentzat: Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren Administrazio Kontseiluak erabaki du 50.000 euro gutiago bideratzea Euskal Kultur Erakundeari. Iragan larunbateko batzarrean hartu dute erabakia. Mozketa berri hori gehitu behar zaio uztailean Frantziako Estatuak erabakitako 30.000 eurokoari. Jadanik orduan mobilizatu zen Ipar Euskal Herriko euskalgintza, egoeraren larritasunaz ohartarazteko, baina luzaturik olarrialdi deia ez zaio entzuna izan.

"Euskarari diru gehiago emateko, euskal kulturaren lerrotik kendu beharko dugu diru hori", zioen Maider Behotegi EEPko lehendakari eta departamenduko hautetsiak Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar nagusiaren kari. Abenduaren 11ko biltzarrean adostu zuten EEPko kide bakoitzak 100.000 euro gehiago bideratzea egiturara –euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkor bat bideratzeko beharko liratekeen 650.000 euroak baino anitzez gutiago, beraz–.

Ondokoa adierazi dio Berria-ri EKEko lehendakari Katixa Dolharek, haserre eta kezkatuta: "EEPri 100.000 euro emateko, euskal kulturari sosa kendu dio departamenduak. Estatuak eta departamenduak hizkuntza eta kultura dena bat ikusten dute, eta zer egin behar dugu orain, gure artean lehian sartu?". Zehazki, murrizketa Eleketa egitasmoari –ondare immaterialaren bilketa eta balorizazio proiektua– dagokio, eta ez funtzionamendu orkorrari.

Akitania Berriko eskualdeak ez du momentuko zehaztu bere diru ekarpena, ez duelako oraindik aitzinkontua bozkatu. Euskal Hirigune Elkargoak, aldiz, EKEri segurtatu dio ekarpena ez diola aldatuko. 


 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Ipar EH-n
Eguneraketa berriak daude