Larrialdi linguistikoari erantzuteko “kezka eta giharra” badaudela azpimarratu du Kontseiluak

  • Euskalgintzaren Kontseiluak balorazio baikorra egin du abenduaren 27an Bilbao Arenan 6.500 euskaltzale elkartu eta biharamunean. Erakundearen ustez, “ekitaldiaren arrakastak erakutsi du jende askorengan oso txertatuta dagoela euskaltzaletasuna”. Kontseiluak milaka euskaltzaleei antolatzera dei egin die, “hurrengo pizkundea isiotu dezagun”. Ekainaren 13rako, Iruñean, mobilizazioa iragarri dute.

6.500 euskaltzale bildu ziren Bilbao Arenan 'Pizkundea' ekitaldian. Ekaitz Zilarmendi

2025eko abenduaren 29an - 07:32
Azken eguneraketa: 13:31
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Euskaltzaleon garaia da” aldarri, 6.500 euskaltzalek Bilbao Arena bete dute, Pizkundea ekitaldian. Bi orduko saioan, kulturgileen eszenaratzeak eta Kontseiluaren hitzartzeak tartekatu dira. Erakundeak ondorioztatu du euskaltzaletasunaren “giharra indartzeko gogoa eta premia” erakutsi duela abenduaren 27ako topaguneak. Euskaltzaleak antolatzeko deia egin dute, antolatu lantokietan, ikastetxeetan, kirol eta kultur elkarteetan, gaztetxeetan, elkarte gastronomikoetan... Antolatu, “elkarrekin isiotu ditzagun han eta hemen euskaltzaletasunaren txinpartak, euskarari berriro ere Pizkunde bat emateko". Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu du euskaltzaleek elkartzeko premia adierazten dutela; oldarraldiak eragindako minaz hitz egiteko, eskubide urraketak isilean ez gordetzeko, elkar hauspotzeko, arnas hartzeko eta euskaltzaletasuna bizitzeko.

“Nahiko genuke gauzak ondo doazela esatea, baina…”

Alarma jo dute ekitaldian zehar, larrialdi linguistikoa ahotan izan dute. Hala adierazi du Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak: “Nahiko genuke gauzak ondo doazela esatea, baina hori gure burua engainatzea litzateke”. Duela urtebete esan zuen Kontseiluak euskara geldialdian baino atzeraldian dagoela, baldin eta egoera bideratzeko ezer egiten ez bada. Larrialdiaren sozializazioak bere tokia izan du ekitaldian, euskaltzaleak egoeraz jabetu daitezen, baina azken urte honetan zehar askotan azaldu duten moduan, ez dute etsipenerako mezurik zabaldu nahi izan, eta pizkunde berri baterako deia egin dute. Frankismo garaia ekarri dute gogora adibide gisa, euskaltzaleen ekinez euskarak pizkundea bizi izan baitzuen. Pizkunde berri baterako bidea urratzeko ekitaldia izan da Bilbokoa.

Euskarak behar duen indarraldirako ekinbide baten berri eman du Kontseiluak: Batuz Aldatu hizkuntza-politiketan eragiteko sustatutako adostasun sozialen ekimena da. Itun soziopolitiko hori 140 eragilek sinatu dute. Hizkuntza politika ausartak eskatu dituzte euskararen biziberritzea gerta dadin.

Kontrako haizea ere ez dute ahaztu. Eskisabelek esan du hizkuntzen galerak ez direla “euria edo elurra egitearen parekoak, botere harremanen eta erabaki politikoen ondorio dira”. “Harro-harro” dabilen olatu erreakzionarioa aipatu du, olatu horrek hizkuntza gutxituen aurka ere egiten duelako; baita globalizazioak, indibidualismoak eta merkantilismoak zuzendutako munduak ere. Gertuago etorrita, euskararen kontrako oldarraldi juridikoa aipatu dute.

Ordezkaritza politikoa

EH Bilduko, EAJko, Geroa Baiko eta EH Baiko ordezkariak izan dira. Baita ere Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Ibone Bengoetxea, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Aitor Aldasoro, Jokin Azkue HABEko zuzendaria, Euskarabideko zuzendari Jabier Arakama, Euskararen Erakunde Publikoko Christophe Betbeder eta Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundietako Euskara zuzendari Garbiñe Mendizabal eta Isaac Amezaga.

Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak ekitaldia hasi aurretik egin dituen adierazpenetan “euskararen etorkizunerako ahalegin kolektiboaren beharra nabarmendu du, euskarak aliantza zabalak, erantzukidetasuna eta gero eta batasun handiagoa” behar dituela. Gaineratu du Kontseiluaren gonbiteari baietza eman diotela “euskara denona delako eta denok behar gaituelako”. Bere esanetan, “euskararen etorkizuna ez dago soilik orain arte hizkuntzarekin konprometituta egon diren eragileen edo instituzioen esku; euskaratik urrun dauden herritarren inplikazioa ere ezinbestekoa da”.

 Ekaitz Zilarmendi
 Ekaitz Zilarmendi
 Ekaitz Zilarmendi
 Ekaitz Zilarmendi

Azkenak
Eguneraketa berriak daude