Barrrk + Pelax
Non: Hil da Laboa, Zuiako (Araba) Gaztetxean.
Noiz: Abenduaren 19an.
-------------------------
Beste ostiral iluntze bat Zuiako Gaztetxean. Ezkilek t'erdiak jo dituzte eta soinu probak oraintxe bukatu dira. Jendea hasi da apurka-apurka atetik sartzen. Kanpoan zerua ez dugu lagun, eta aterpe bila beste batzuetan lain bilduko garela dirudi: hirurogeiren bat. Kontzertuen aurretik, azken aldian ohi duten gisan, antolatzaileek oholtzatik eman diote hasiera gaualdiari.
Barrrk zuzenean ikusteko gogoa nuen aspaldi, behinola plataformaren batean batetik bestera saltoka nenbilela aurkitu eta gustatu zitzaizkidanetik. Orozkoko, Bilboko eta Laudioko lagun bana, eta Malagako beste bat, zeinak txakur-rocka abesten duen euskaraz apur bat, eta gaztelaniaz eta ingelesez apur bat gehiago. Menturaz, exotikoak piztu egiten gaitu oraindik. Nolakoak garen.
Musika generoez ulertzen ez dugunok lagunartean esan ohi dugun legez, moderno batzuk dira hauek ere, arropagatik baino, musikagatik: tarteka distortsionatu eta gogortzen diren soinu garbi samarrak, oihartzun egiten duten gitarrak eta perkusiotik aldentzen diren baxu nahiko poperoak. Oro har, zuzenekoa landua, dibertigarria eta entzuteko oso atsegina iruditu zait.
Eztarriak eta belaunak berotu zaizkigu jada, eta barrenak bidean: prest gara Pelax entzuteko. Egiako laukoteak bide luzea egin du oholtzetan 2013an Unai Pelayo bakarkako proiektuaz erditu zenetik. Niretzat, erreferente dira batzuek underground edo alternatibo eta nik azken aldian gure esaten diodan eszenan; gero eta zailagoa baitzait aurreko biek zer esan nahi duten ondo definitzea, kontzeptuen asimilazio konstante honetan. Izan ere, musika ez da musika soilik, eta gaur egun, oso zaila da leku bat izatea merkatuak agintzen dituen logiketatik eta erritmoetatik at baldin bazaude. Autogestioak eta autoedizioak baino ezin dizu eman horretarako aukerarik. Buruko min pila bat, zigilu bat, kolektibo bat bidean, eta zerbait egin nahi den bakoitzean zerotik hastea baino aukera hoberik badela ondorio hartuta marraztu dute bidea hauek, inpostoreek dena alde duten garaiotan, lagunen artean dena dela errazago aldarrikatuz.
Esan gabe doa, disko berriko abestiak izan dira nagusi gaurko zerrendan. Ez diskoaren hurrenkera berean, haatik. Tartean, ABDE lan bikoitzean bildu zituzten eta entzuleak noiz hasi eta noiz bukatzen diren ondo ez dakien abesti –edo abesti zati– progresibo horietako batzuk, baita lehen diskoko abesti mitikoren bat ere. Geuk ere progresiboki egin dugu gora. Letrak kantatu ditugu, ahotsaren ordez gitarrek abesten zutenean doinuak kantatu, eta Ikerrek kontrara jarritako traizio erritmoak ere dantzatzen saiatu gara azkenerako. Gozamena eta izerdia, aterpearen truke.