Jaurlaritzak urtarrilera itxaron beharko du transferentzia berriak eztabaidatzeko, baldintza “tekniko, ekonomiko eta juridikoak” medio

  • Astelehenean egitekoa zuten bilera urtarrilaren 16ra atzeratu dute. Espainiako Gobernuko presidentea babesteko baldintza gisa hitzartu zuen EAJk Gernikako Estatutua osatzea. Egoera horretan, jeltzaleek salatu dute "ulertezina" dela hitz emandakoa ez betetzea, baina zehaztu dute “gustuko” legeen alde bozkatzen jarraituko dutela.


2025eko abenduaren 29an - 10:25
Azken eguneraketa: 13:37
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Astelehenean ziren biltzekoak Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua Transferentzien Batzorde Mistoa bileran, hitz emandako bost eskumenen transferentzien nondik norakoak hitzartzeko; bilera, ordea, urtarrilaren 16ra atzeratu da. Langabezia-prestazioak, Gizarte Segurantzako familia-prestazio ez-kontributiboak, Itsas Salbamendua, Eskola Asegurua eta Barakaldon dagoen Makineriaren Egiaztapen Zentroa dira bost materia horiek.

Aurreikusteko modukoa zen, baina aurten ere ez da bere osotasunean itxiko Gernikako Estatutua. Jeltzaleen aldetik Sanchezen inbestidurak aurrera egiteko akordioaren baldintza zen 2025ean Autonomia Estatutua osatzea. Eusko Legebiltzarreko EAJren bozeramaile Joseba Diez Antxustegik esan du “ulertezina” dela ez betetzea “Sanchezek EAJrekin sinatuta duen akordio politikoa”. Vocenton igandean argitaratutako elkarrizketan Antxustegik adierazi du, nahiz eta “haserre” egon, alde bozkatuko dutela Espainiako Gobernuak proposaturiko “gustuko” legeetan; alderdiak “Euskadiri ekarriko dioten onuraren arabera” bozkatuko duela.

Pasa den ostiralean Jaurlaritzak esan zuen “une honetan” ez direla betetzen bost eskumen horien transferentziarako baldintzak, eta bilera atzeratu egingo zela baldintza eta berme guztiak betetzeko. Pradalesen gobernuak zehaztu du ez direla adostu finantzaketa-sistemari dagozkion funtsezko gaiak. Larunbatean Eusko Jaurlaritzako Lehen Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak adierazi du uztailean bi aldeek egindako bileran hartutako erabakia betetzeko ez direla “gutxieneko baldintza teknikoak, ekonomikoak eta juridikoak” konplitzen.

Eskumen horietaz gain, 1979an onartutako Gernikako Estatutuan jasotako beste hamar transferentzia geratzen dira egiteke.


Politika kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...