Eusko Jaurlaritzak berretsi du Ayesa enpresa teknologikoa erosiko duela

  • Eusko Jaurlaritzak, BBK-k eta Kutxabankek osatutako partzuergoak Ayesa IT konpainia teknologikoaren akzioen %70 erosiko duela berretsi du Mikel Jauregi Industria sailburuak, nahiz eta oraindik xehetasun batzuk ixteko egon. 277 milioi euroko operazioak eztabaida piztu du arriskuaren inguruan, baina Jaurlaritzak erosketa “estrategikotzat” jo du, Hego Euskal Herrian 2.000 lanpostu baino gehiago bermatzeko giltzarri dela azpimarratuta.


2025eko abenduaren 31n - 12:47
Maria Ubarretxena eta Mikel Jauregi astearteko prentsaurrekoan Irekia
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Asteartean, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak berretsi du Ayesa IT konpainia teknologikoa erosiko dutela. Jaurlaritzarekin batera, BBK-k eta Kutxabankek osatu duten partzuergoak konpainiaren akzioen %70 erosiko du. Xehetasun gutxi batzuk lotzea falta da, besteak beste, Vital banku fundazioa partzuergoko kide izango den ala ez jakitea. Hala ere, hori ez litzateke traba izango operazioa gauzatzeko, Jaurlaritzak adierazi duenez. Gauzak honela, partzuergoko kideek 277 milioi euro jarriko dituzte: BBK-k eta Kutxabankek 100na milioi, eta Jaurlaritzak 70. Bazkide horiei Teknei enpresa gehituko zaie, baina sozio industrial modura. Hala ere, ez da baztertzen azken horrek ere partaidetza txikiren bat izatea.

Jauregik azaldu du Ayesaren salerosketak hainbat fase dituela. Enpresa erosteko hautagaien lehian partzuergoak irabazi ostean, taldeak akzioak saltzeko prest dagoen Erresuma Batuko AMCE funtsarekin akordioa egin beharko du. Azken fasean, akziodunen artean aldaketak egin daitezke, eta hor sartuko litzateke Vital, Jauregiren arabera.

Eztabaida dago Ayesa erostearen erabakia zuzena den ala ez. Kutxa fundazioak iritzi du arrisku handiko operazioa dela, argudiatuz sektorean “lehia handia” dagoela eta Ayesak ez duela “eredu berezirik” eskaintzen horretan aritzeko. Jaurlaritzaren ustez, ordea, hitz horiek “burutazioak” besterik ez dira, eta argi dute “operazio estrategiko on bat” dela erosketa. Jauregik ziurtasunez hitz egin du: “Hemen badauzkagu Ayesak behar dituen talentua eta bezeroak”, eta enpresa teknologikoak Jaurlaritzaren plan industrialaren “bihotza” direla nabarmendu du. 

Azkenik, Jauregik gogorarazi du Ayesak Hego Euskal Herrian 2.000 lanpostu baino gehiago dituela, eta nabarmendu du lanpostu horiek arriskuan egon zitezkeela euskal partzuergoak eskaintzarik egin ez balu eta enpresa kanpoko funts baten esku geratu izan balitz.


 


Eusko Jaurlaritza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...