Erresistentzia-saioak I: mahatsak


2025eko abenduaren 30ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Helburua lortzen ez duen ekintza da saioa. Bai, behinik behin, hitz horretarako Euskaltzaindiaren Hiztegiak dakarren bigarren adieraren arabera. Eta, beharbada horregatik, saio hitza bereziki egokia da artikulu sorta hau izendatzeko. Oraindik ezagutzen ez dudan 2026a saludatzeko.

Ate joka dugu urte berria, eta, horrekin batera, ohiko asmo onen zama astuna. Nire erresistentzia-saioak ez dira arrakastaz bete beharreko egitasmoak, ahalik eta duinen irauteko taktika xumeak baizik. Denborak erranen du noraino duen arrazoi hiztegiak.

Hortaz, lehen erresistentzia-saioa aurkeztuko dizuet: urtezahar gaueko hamabi mahatsak platerean uztea. Deliberatuki. Batetik –atera dezadan bularra euskal komunitate kritikoan–, tradizioaren jatorria espainola delako; bestetik, –pantaila bati begira– hamabi mahats hain agudo jan nahi ez ditudalako. Hilabeterik laburrenak ere lau aste ditu eta. Ez dezagun hori ere konprimitu mahats baten irenstean, faborez.

Segur aski, nire lehenbiziko saioa ez da Lady Godiva bezain ausarta izanen –ez naiz urtezahar gauean zaldi gainean ibiliko, biluzik–, baina (maite ditudanen) presio sozialaren tiraniari buru eginen diot. Zintzurra lasai libratu bidenabar. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude