“LGTBIQ+ pertsonok beti egon gara herrian, eta orain ere bagaude; ez goaz Maspalomasera”

  • Azpeitiko Udalak (Gipuzkoa), Eihera kooperatiba lagun, herriko LGTBIQ+ jendearen bizipenen diagnostikoa kaleratu zuen 2024an. Hor sortutako hazia hartu, eta herri mailako asanblada erein dute prozesuan parte hartutako zenbaiten eta herriko LGTBIQ+ kolektiboko jendearen artean, Astindu Armayuek. Lehen pausoak ematen dabiltza, eta urrian herri mailako jardunaldietan hartu zuten parte, memoria eta erreparazioa bezalako hitz potoloen inguruan hausnarrean. Hasi berri dira, baina beren herrian erreferenteak aitortu eta datozenentzako herri bizigarri bat sortzeko borrokan aritzeko gogoz daude. Garazi Arregi (Azpeitia, 1992) eta Anartz Izagirre (Azpeitia, 1994) bertako bi kiderekin izan da ARGIA.

Dani Blanco/ARGIA CC-BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Udalaren diagnostikotik sortu zena asanblada autonomo bihurtu da. Zelakoa izan zen sorrera prozesua?

Garazi Arregi: Diagnostikoa burutu ondoren sortu genuen Astindu Armayuek asanblada. Eihera kooperatibakoak gurekin harremanetan jarri ziren, eta gero gure artean batzen hasi ginen. Adin eta identitate ezberdinetakoak batu gara: 1970-80 hamarkadetako lesbiana eta marikak ditugu; eta 1990etik aurrerako bollerak, transak, bisexualak gaude. Diagnostikoan asexualak ere atera ziren, eta azken bileran 20 urteko bi gazte gerturatu zitzaizkigun. Aurretik, kolektiboko jendeak elkar ezagutzen genuen, baina era berean ez genuen elkar ezagutzen. Elkarri mezuak bidaltzen hasi ginen diagnostikoko elkarrizketetan parte hartu nahi ote genuen galdetzen, eta mezu horien bidez hasi ginen elkarren berri ahoz goran izaten. Horrela, erabaki genuen asanblada edo talde baten beharra bagenuela. 

Anartz Izagirre: Diagnostikoan nahiko argi azaldu zen saretzeko geneukan beharra. Garazik esan du: maila pertsonalean ezagutzen genuen elkar, baina ez gai honen bueltan. Horregatik diot interesgarria izan zela aurretik ezagutzen genuen jendea biltzea horri buruz hitz egiteko, urte luzez tabuak izan baitira. Diagnostikoak saretze beharra azpimarratzen zuen, eta diagnostiko hori izan zen ernamuina pixkanaka-pixkanaka asanblada eratzen joateko. Baina parte hartu zuten denak ez daude asanbladan eta diagnostikoan parte hartu ez zuten zenbait asanbladan daude: asanblada ez dator bakarrik diagnostikotik, osagai garrantzitsu bat izan da, baina gerora bere bidea egin du. 

"Herria aldatu nahi dugu, eraldatu. Borroka kolektibo bat da hau, ez dezagun iparra galdu"
Anartz Izagirre

Saretzearen premia azpimarratu zuen diagnostikoak. Zergatik? Herri bortitza da zuena?

A.I.: Oihu bat isiltasunean zuen izena diagnostikoak, eta agian pixka bat dramatiko jarri ginen; baina uste dut izenak ondo islatzen duela orain arte ez zaigula ezer galdetu izan, eta orain ikusten dugu zein behar dagoen hitz egiteko eta kolektibizatzeko. Nahiko argi azaldu zen gurea herri oso berezia dela, ezaugarri oso konkretu batzuk baititu oztopatzen dutenak LGTBIQ+ kolektiboko jendearentzat herri bizigarria egiten: heteroaraua oso presente dagoen herria da, oso tradizionala, bere gauza on eta txarrekin. Gure espazio geografikoa ere berezia da, denengandik urruti baikaude. Hori gauza batzuetarako ona izan daiteke, herri euskalduna garelako eta bertan bizimodua egiten dugulako; baina aldi berean, infernu txiki bat izan daiteke guretzat, itolarria ematen duelako, eta batzuetan bortitza izatera heldu daiteke gure identitatea garatu eta sexualitatea aske bizitzeko. 

G.A.: Batzuentzat bortitzagoa izan da eta besteentzat gutxiago. Tradizioa, isiltasuna, armairu handi bat, sexilioa... horiek guztiak aipatu ditugu asanbladan. Puntu horiek kontuan hartuta, egoera latza dela iruditzen zait niri. 

Herri bizigarriaz ari zarete. Zelan egiten da hori?

G.A.: Leku bat segurua den edo ez, zerekin konparatzen dugun; horren araberakoa da. Jardunaldietan izan genuen El Salvadorko herritar bat eta berak hauxe adierazi zigun: hango errealitatea azaldu, eta esan zigun pribilegiatuak garela hitz egin, saretu eta zerbait antolatu dezakegulako. Eta horretaz kontziente gara, noski; baina kontziente gara sare sozialetako eduki transfobo eta homofobo amaigabeez, feminista trans baztertzaileen diskurtsoaz eta horren gorakadaz, eta horrek guztiak ze eragin duen familia, ikasle, lankide, iloba, ezagun, lagun eta abarretan. Jakitun gara espazio normatibo zurrunetatik at dagoena jazartzen dela, eta, beraz, ezinbestekoa da gure borroka honekin jarraitzea.

A.I.: Aipatu behar da zenbat pertsonak alde egin duten hemendik, sexiliatuta, leku hau ez zutelako bere sentitzen. Herri bizigarria izan daiteke zu zure bikotekidearekin lasai joaten bazara taberna batean bokadillo bat jatera, edo taberna batean muxu ematea eta ez izatea 50 pertsona begira eta ez entzutea “ez zegoen hori egiteko premiarik”. Gauza txiki horiek ere badira herri bat bizigarri egiten dutenak, eta horretarako pausoak ari gara ematen.

Gure helburuetako bat bada hemen bizi nahi duenak horretarako aukera izatea. Saretutako talde bat dagoela ikusteak laguntzen du sexiliatutako horiek itzultzen, gure ustez; beraz, neurri horretan, uste dut ari garela baldintzak jartzen herri hau bizigarriagoa izateko. Baina, noski, guk bakarrik ezin dugu egin: guk, talde bezala, eman dezakegu irudi bat, baina gero erakundeek lana egin behar dute, hezkuntza sistemak ere bai, interpelatu nahiko genituzke; eta herritarrak ere bai, noski.

G.A.: Kontzientziak pizten eta eragiten jarraitu nahi dugu.

Dani Blanco/ARGIA CC-BY-SA

Aipatu erasoen aurrean, sarea ezinbesteko jo duzue. Zelan erantzuten dio horrek ingurune bortitz horri?

A.I.: Ez herri mailan bakarrik, eskualde mailan ere antolatuta egoteak indarra ematen digu edozein erasori erantzuteko. Orain arte, LGTBI mugimenduan militatzen hasi berri garenok, norbanako moduan erantzun izan diegu erasoei, oso modu pertsonaletik bizi izan dugu. Baina, orain, nik neuk, sentitzen dut saretze horren babesa; aberasgarria da erantzun kolektiboa ematea arazoei eta erronkei. Taldean hitz egindakoan konturatzen zara ez zarela batere originala, zuk sentitu duzun hori sentitu dutela besteek ere. Eta niri hori ikustea asko gustatu zitzaidan. Batzuetan talde terapia gisa ikusi izan gaituzte, baina ez gatoz penak kontatzera bakarrik; herria aldatu nahi dugu, eraldatu nahi dugu. Borroka kolektibo bat da hau, ez dezagun iparra galdu.

G.A.: Ezberdina den horrek beti molestatzen du, normaltasuna apurtzen dugun heinean, arriskutsu ere bihurtzen da, aldaketak eragin ditzakegulako.   

"Ariketa kolektiboak egin nahi ditugu, herrigintzatik; ereiten jarraitu nahi dugu, jendea interpelatzen, herria gurea ere badelako"
Garazi Arregi

Hain zuzen ere, aipatu duzue zenbait erreakzio izan direla asanbladaren aurka, zenbait eraso. “Saretu gabe geunden artean ez genuen molestatzen; orain, ordea, bai”, esan zenuten urriaren 4ko jardunaldietan. 

G.A.: Horrela da: bakarkakotik borroka kolektibora salto egin dugunean hazkurak gero eta nabariago bihurtu dira. Kartelak jarri eta hurrengo egunean eraso egitea eurei, kale ilun eta bakartietan egindako ausarkeria horiek gertatu dira; beste eragileenak ere bazeuden, baina gureei egin zieten eraso. Herriko taberna batean LGTBIQ+ erasoak ere jasan genituen, San Inazioetan asanbladatik antolatutako kuirpoteoan gindoazela, inpunitate osoz komentario batzuk jasan genituen. Eta egun horretan, kalejira moduko bat egin genuen, eta gazte-gazteak ikusten genituen kalez aldatzen, ez pasatzearren gure bandera artetik. Oso nabarmenak dira horrelako ekintzak. Keinu horiek badira, neurri batean, gorroto horren seinale.

A.I.: Asanbladan komentatu izan dugu oso modu ezberdinean bizi izan ditugula ekintza horiek. Zalantzarik ez dago erreakzio bat direla, eta hori ikusi da karteletan, pintadetan, begiradetan, entzun ditugun komentarioetan. Aipatutako erreakzio horiei emandako erantzunen inguruan ere hitz egin dugu, eta izan ditugun erantzun onak azpimarratu nahi izan ditugu. Astindu Armayuek festa egin genuenean, adibidez, Azpeitiko Elegante Eguna bezalako egun enblematiko batean, oso espazio maskulinoa dena, festa kuir bat egin eta jende asko etorri izana, niretzat oso positiboa da. Eta erantzun positiboa ere azpimarratu nahiko nuke: Eiheraren, udalaren eta Emakumeen Txokoaren babesa izan dugu. 

Memoria eta erreparazioaz aritu zineten urriko jardunaldian. Ze garrantzia du erreparazioak Azpeitia moduko herri batean? Eta zelan egiten da hori herriotan?

A.I.: Niri erreparazioa oso hitz handia iruditzen zait, eta uste dut ez dagoela horretarako formula magikorik. Baina jardunaldietan esan zuten oso gauza garrantzitsu bat: erreparazioa kolektiboa izango dela. Kolektibo bezala erreparatu behar dugu elkar. Oso garrantzitsua da aitortza egitea herri honetan egon diren erreferente apurrei. Askotan pentsatzen dugu ez dugula izan erreferenterik herrian, baina badaude, guretzat pertsonalki erreferente izan direnak. Eta jende horri esatea: “Zuk pentsatuko duzu duela 20 urte egin zenuen horrek ez zuela baliorik, baina 15 urteko pertsona bat zegoen, eta zuregatik ezagutu zuen bere burua”. Aitortza hori oso erreparatzailea izan daiteke, ez dakit nola egikarituko den, baina niretzat oso garrantzitsua da; baita beraiek ikustea jasan dituzten irainak geure egin ditugula ere. 

G.A.: Nik erreparazioa lehen ikusten nuen historikoki erasoak jasan izan dituzten pertsonei erreparazioa eman behar gisa. Eta jardunaldietatik atera nuen erreparazioa modu ezberdin askotan egin daitekeela: izan daiteke herriko hezkuntza zentroetako curriculumetan LGTBIQ+ historia eta memoria sekuentzializatzea, herriko denda eta tabernetan pegatinak egotea... Keinu horiek guztiak badira erreparaziorako bidea, jardunaldiak beraiek ere izan zirela iruditzen zaigu, bertan izan zen jende guztia gurekin daramagu, memorian lan garrantzitsua egiten ari dira eta horren jakitun gara jardunaldiei esker; eta hori ere bada erreparazioa.

Dani Blanco/ARGIA CC-BY-SA

Lehen pausoa emanda, hemendik aurrera ze norabide hartuko du zuen asanbladak?

G.A.: LGTBIQ+ pertsonok beti egon gara herrian, eta orain ere bagaude: ez goaz Maspalomasera. Ariketa kolektiboak egin nahi ditugu, herrigintzatik; ereiten jarraitu nahi dugu, jendea interpelatzen, herria gurea ere badelako.

A.I.: Asanbladan aurrera begirako helburuak jarri genituen eta hauek ziren: herri bizigarria sortzen jarraitzea, artxibo lana egitea gure aurrekarien ahotsak jasota, hezkuntza ere aipatu izan dugu, nahi baitugu bertan gure taldea aurkeztu, eta saretzen jarraitu nahi dugu, hori oso inportantea da guretzat. 

G.A.: Gure bailarako historiaz gauza gehiago jakin nahi ditugu, jendea animatu nahi dugu gurekin harremanetan jartzera. 
A.I.: Eta diagnostikoan azaltzen den moduan, herri honetan gauza asko pasatu dira. eta horiek kontatzera gatoz, berriz pasatu ez daitezen. Hori ere erreparazioaren parte baita.   


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGTB mugimendua
2025eko ekainaren 18
Meloi saltzailea
Harro

2024ko ekainaren 19
Irantzu Varela, komunikatzaile feminista
"Erreparazio zein mendeku ariketa bat da nire eleberria"

Eguneraketa berriak daude