Astigarragan motibazio politikoak eragindako indarkeria egoera gordinak bizi izan dira eta guztiek ondorio bera izan dute, sufrimendu eta min sakona herritarren artean. Garaiak aldatuz joan dira urteak aurrera joan ahala – 1936ko gerra, diktadura, trantsizioa, demokrazia, baina indarkeriazko gertakari guztiak ezaugarri berberak partekatu dituzte, giza eskubideen urraketa larriak.
Justizia, erreparazioa eta egiarako eskubidea oinarri hartuta, iaz Astigarragako Udalak Orri zuriak betetzen dokumentala aurkeztu zuen, 1936ko Gerraren biktimei aitortza egiteko eta aurten, trantsizio garaian 70eko eta 80ko hamarkadan hil zituzten astigartarrei buruzko dokumentala prestatu du.
Ikus-entzunezkoak ondorengo astigartarren hilketak azalaratzen ditu: Joseba Barandiaran Urkola (1979ko uztailaren 11an eraila), Tomas Alba Irazusta (1979ko irailaren 28an eraila), Bixente Perurena Telletxea (1984ko otsailaren 8an eraila) eta Agustin Irazustabarrena Urruzola “Legra” (1985eko irailaren 25ean eraila); egiarako bidean, biktimen familiartekoei hitza emanez. Horietaz gain, gaian adituek direnen parte hartzea ere badu dokumentalak: Javi Buces Cabello (Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea eta historialaria), Sabino Cuadra Lasarte (San Fermines-78 gogoan! taldeko kidea) eta Pilar Garaialde (Egiari Zor elkarteko kidea).
Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Giza Eskubideen Sailak diruz lagundu du ikus-entzunezkoaren ekoizpena.
Astigarragako Udalak sareratu du lana.
Zuzendariak eta gidoilariak: Eneritz Aulestia Mutiozabal eta Unai Alberdi Olaziregi

