dokumentala
1521, erresuma baten azkena
2021-07-09
1521, erresuma baten azkena

500 urte bete dira Noaingo bataila gertatu zenetik. Gertakaria gogoratzeko asmoz, Gaizka Arangurenen eskutik, ETB1ek eta eitb.eus-ek "1521, Erresuma Baten Azkena" saio berezia egin dute. Kazetari eta historiagileak Noaingo gudua zer izan zen eta zehaztasunak azaldu ditu. Horretarako, Espainiak eta Nafarroak (Frantziaren laguntza zuena) aurrez aurre talka egin zuten zelaietara itzuli, hauek ikasgela bihurtu eta gertatutakoaren inguruko galderak argituko dituzte. Zenbateraino izan zen erabakigarria Noaingo bataila nafarrentzat? Zergatik esaten da 1521a erresumaren amaieraren hasiera izan zela? Eta batez ere, zer gertatu zen Noainen?

Historian atzera egin eta animazioz osatutako bideoen laguntzaz Noaingo zelaietan gertatutakoa irudikatu du saioak. Horrez gain, gaia sakonago ikertu duten hainbat gonbidaturen laguntza izan du Gaizka Arangurenek. Amaia Alvarez, Joseba Asiron, Rolda Jimeno eta Aitor Pescadorek egun horretan gertatutakoa ez ezik, lehenago eta geroago batailak sortu zituen ondorioen inguruan ere hitz egin dute.

Noaingo batailaren testuinguru historikoa jorratzeaz gainera, Nafarroako konkistan aritu ziren protagonista batzuk ere ezagutuko ditugu. Aingeru Epaltza idazleak Inazio Loiolkoak Nafarroako konkistan izan zuen parte hartzea kontatuko du. Iñaki Perurenak, aldiz, beste soldadu bat izango du hizpide: Pedro Mariskala, oso figura garrantzitsua Nafarroako armadan. Soldadu nafarraren inguruan hitz egingo du harri-jasotzaileak, baita bere bizitzan Mariskalak izan duen eraginaz ere. 2003an Donostiako Belodromoan egin zuen errekorra Nafarroako erresumako militar honi eskaini zion eta Peru Harri Museoan ere Mariskalaren omenezko harrizko eskultura bat ere badu leitzarrak.

dokumental gehiago