JARRAIPENA | 3 heriotza gehiago EAEn: Euskal Herrian 2.089 hil dira orain arte, milioiko 658

Zuzeneko jarraipena
  • Covid-19 gaitza kezka handia sortzen ari da batean eta bestean, ezin geratu ari baitira herrialdeak. Azken berrien jarraipena egingo dugu hemen.


2020ko maiatzaren 12an - 21:01
Gakoak
(Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
Mugimendu feministak sortutako mahaian parte hartzeko eskatu diete Urkulluri eta Txibiteri

Euskal Herriko Mugimendu Feminista hainbat sindikaturekin eta alderdirekin bildu da, “zainketen kolapsoa eragozteko” martxan jarritako mahaiaren lehen jardunaldian. Eskaera argia egin dute: Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak parte hartu behar dute sortu duten mahai tekniko, politiko eta feministan.

Halaber, iragarri du mahaiak biltzen jarraitzeko asmoa duela, eta azpimahaiak sortuko direla gai jakin batzuk lantzeko: eremu feminizatuak, etxeko langileak, zaintzak, osasuna eta hezkuntza, indarkeria matxista eta arrazista, LGTBIfobia; prekaritatea, bizitzaren degradazioa eta eskubideen urraketa eta burujabetzaren galera.

Berria-n egindako elkarrizketan, mugimenduko kide Josebe Iturriotzek "Ez dugu ulertzen Urkullu eta Txibite gurekin ez biltzea", adierazi du.


Hego Euskal Herrian deitutako "Haserre gaude" grebak oihartzuna izan du

ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek gaurko deituta zuten Haserre gaude lelopeko grebak segimendu handia izan du etxeetan eta lantokietan, antolatzaileen arabera. Sindikatuek osasuna, enplegua eta lan baldintzak defendatzearen alde borrokatzera deitu dute.

 

Polizia gehiegikerien aurrean defendatzeko gida atera dute

Alarma egoeraren aitzakian egunotan herritarrok polizia-indarkeria bereziki nozitzen ari garela-eta, gehiegikeria horren aurrean ditugun eskubideak ezagutzeko eta nola jokatu jakiteko argibideak eman ditu LAB sindikatuak.

 

Izurria nola doa Italian, Espainian eta Euskal Herrian: martxoaren 26ko alderaketa

Euskal Herrian zein gordintasunez ari gara jasaten Covid-19aren erasoa? Zein abiadura darama gurean, beste batzuen aldean? Kutsatutako jende kopuruak oraindik aski fidagarriak ez direnez –denek aitortzen dute proba urriegien poderioz benetako kasuen zati bat baino ez dugula ezagutzen– gaurkoz datu sinesgarrienak diren hildakoen kopuruak alderatu ditugu ARGIAn bi aldiz: lehenbizikoz martxoaren 23a arteko datuei begiratu genien eta bigarren ahalegin honetan martxoaren 26an, osteguna, ilunabarrean ofizialki finkatutzat emandakoei erreparatuko diegu.

 

Ez Nafarroaren Eguna, ez Eusko Eguna, ez Sarako Biltzarra, ezta Herri Urratsik ere

Ipar Euskal Herriko Hitza-k aditzera eman duenez, koronabirusak bazterrak inarrosi ditu munduan barrena, baita gure mundu tipia ere: Nafarroaren Eguna, Eusko Eguna eta Sarako Biltzarra bertan behera utzi dituzte antolatzaileek, besteak beste. Herri Urrats festa ez da izanen, iragarri bezala, maiatzaren 10ean.


 

Koronabirusaren aitzakian ematen ari den polizia-indarkeria ikertzeko eskatu dute

Egunotan sare sozialetan ikusten ari garen irudiak dira: polizia geldi dagoen herritarra jotzen, edo lurrera botatzen, indarkeria baliatuz mobilizatzen, kalean dagoena gogor iraintzen edo haren aurka oldartzen… Alarma egoera hau polizia-indarkeria baliatzeko aitzakia ez dela gogoratuz, ekintza hauek guztiak ikertzeko eskatu dio plataforma batek Espainiako Barne Ministerioari.

 

Haurrekin etxean egiteko esperimentu ugari proposatu ditu Elhuyarrek

Isolamendua arintzeko “eta modu dibertigarrian zientziaren inguruko kontzeptuak ikasteko”, apirileko egun bakoitzerako etxean egiteko moduko esperimentu bana proposatzen du Elhuyarrek kaleraturiko taulak: bata haurrei zuzendua, bestea gazteei.

 

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak positibo eman du

Boris Johnson koronabirusaz kutsatu da, The Guardianek kaleratu duenaren arabera. Lehen ministroak berak ere baieztatu egin du kutsaketa, eta auto-isolamenduan dagoela adierazi du. Hala ere, Gobernuaren gidaritzan jarraituko duela jakinarai du Twitter bidez.

Estatua itxi eta hiru egunera heldu da lehen ministroa kutsatu dela dioen berria. Ordura arte, sinesgaitz jokatu zuen Johnsonek, eta jende gehiago kutsatuz gero gizartea inmune bilakatuko zela ere adierazi zuen publikoki.

Martxoaren 26ko datuen arabera, 11.600 pertsona kutsatu dira herrialdean, eta 578 dira jada hildakoak.

Ipar Euskal Herrian koronabirusak kutsatutakoen kopurua ezin jakin, baina, hamabost dira Baionan ospitaleraturik

Frantziako Estatuaren antolaketa administratiboari segi, ezin dugu jakin koronabirusaz kutsaturiko zenbat ipar euskal herritar dagoen. Akitania Handiko zifrak dira hurbilenak –orotara 305.000 euskal herritarrez gain beste 5.682.000 biztanle ditu eremu geografiko horrek–. Martxoaren 25ean bezperan baino 122 kutsatu gehiago zeuden, kopurua 875era igoz. 

 

Venezuelan kaleak hutsik baina iraultza martxan

Ibai Trebiño Caracasen da eta handik aletu ditu koronabirusak Venezuelan eragin duen egoera eta horri aurre egiteko gobernuaren neurriak.

 

Parisko metropolitik konfinatu aurretik milioi bat jendek alde egin zuen

Le Monde egunkariak bildu du Orange telefono konpainiak plazaratu duen informazioa. Horren arabera, Paris metropolitanoa osatzen duen hiri multzoan bizilekua duten herritarren %17k alde egin zuen bertatik martxoaren 12 eta 13an, Emmanuel Macronek Frantziako estatu osoan hilaren 17an konfinamendua ezarri aurretik. Telefonia mugikorrean Frantzian nagusi den Orangek bere bezeroen geolokalizazioa jarraituz egin ahal izandu ikerketa hori, nahiz eta konpainiak azpimarratzen duen abonatu bakoitzaren pribatasuna beti zainduko duela. Azterketa estatistikoak erakusten du Paris metropolitanoko milioitik gora jendeok nora joan diren ere: antza denez, Frantziako estatuko eremu askotan banatzen dira nahiko homogeneoki, baina leku batzuetan egoiliarren kopurua oso nabarmen hazi da, zehazki Re uharteak, Bordeletik goraxeagoko kostan, biztanleak %30 ugaritu dira martxoaren 12-13tik.

Munduan hiru herritarretik bat, konfinatuta

Munduko herritarren herena konfinatuta dago beren etxebizitza eta gainerako zerbitzuetan. Joko Olinpikoak beren historian lehen aldiz atzeratu egin dituzte. Jarduera ekonomikoa goitik behera doa eta herrialde bat bestearen atzetik, konfinamenduak agintzen ari da. Konfinamendua agintzen azken herrialde erraldoia India izan da. 1.300 milioi biztanleri 21 eguneko "konfinamendu totala" agindu diete.

 

Txina atzerritarrentzako itxita egongo da larunbatetik

Ez da munduko beste herrialdeek ateak itxi dizkietela txinatarrei, ez, orain alderantziz da: Txinak larunbatetik aurrera ez du onartuko atzerritik inor bertara sartzerik.

Neurri hori hartu Pekinek argudiatuz berak lortu duela Covid-19 izurria kontrolatzea –nahiz eta ez ezabatzea– eta aldiz munduan ia hesirik gabe ari dela hedatzen. Ez du nahi orain birusa berriro atzerritik hel dakion.

Larunbatetik aurrera eta epe muga jakinik gabe etenda daude kanpotarren bisita guztiak. Agintariek ohartarazi dute pertsonal diplomatikoa eta gobernuak espreski baimendutako pertsona inportanteak sartu ahal izango direla.

Norbaitek Txinara bidaiatzeko asmoa bazuen, bere herrialdean Pekinek daukan enbaxadan aurkeztu beharko du eskaria, azalduz zein garrantzia handiko lanak egin behar dituen Txinan. Zertzelada gehiago ondoko egunetan ezagutuko dira.

Euskal Herrian gaur arte 230 hil eta 5.372 kutsatu dira eta 2.024 daude ospitaletan

Berria egunkariak daraman kontabilitatearen arabera, Euskal Herrian martxoaren 26ko arratsaldea arte 239 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak,  5.372 kutsatu eta 2.024 dira ospitaleratuta daudenak. Hona kopuruok lurraldeka:

- Hildakoak 230: Araban 94, Bizkaian 65, Gipuzkoan 21, Nafarroan 49, Iparraldean 1.

- Kutsatuta testeaturik positibotzat emandakoak 5.372: Araban 1.435, Bizkaian 1.850, Gipuzkoan 661 eta Nafarroan 1.411. Iparraldeko datu fidagarririk gabe segitzen dugu.

- Ospitaleratua 1.656: Araban 325, Bizkaian 849, Gipuzkoan 201, Nafarroan 649 eta Iparraldeko datu fidagarririk gabe segitzen dugu.

Biktima-kopuruak munduan: 23.028 hildako, 510.000 kutsatu, 122.245 sendatu

Martxoaren 26ko arratsaldean, hona Covid-19 izurriak gaur arte eragin dituen biktimen kopuru nagusiak, Worldometers zerbitzuak 17:37an zenbatuta:

- Hilak  23.028. Herrialdeka: Italia 8.215, Espainia 4.145, Txina 3.287, Iran 2.234, Frantzia 1.331 (atzoko zifra), AEB 1.100, Erresuma Batua 477, Holanda 434, Alemania 239 , Belgika 220, Suitza 191 , Hego Korea 131...

- Kutsatuak 510.000. Herrialdeka: Txina 81.285, Italia 80.539, AEB 75.665, Espainia 56.197 , Alemania 43.646, Iran 29.406, Frantzia 25.233, Suitza 11.712... 

- Sendatuak 122.245. Horietatik 74.,051 Txinan.

 

Italian 712 pertsona hil dira azken 24 orduetan

Covid19ari loturiko osteguneko datu ofizialak jakinarazi dituzte eta gora egin dute berriz ere kasu positibo egiaztatuek. Guztira, 62.013 dira kasu positibo baieztatuak, aurreko egunean baino 4.492 gehiago. ZIUn 3.612 herritar daude eta hildakoen kopurua 8.100 biztanlekoa da guztira (aurreko egunean baino 712 gehiago). Sendatu direnak berriz, 10.361 dira guztira (999 gehiago).

Orain arte, 361.060 proba egin dituzte.

Eta koronabirusaren ondoren... CO2 betekada?

Mundu erdia konfinatuta egoteak eta produkzioaren zati bat geldirik, airearen kalitatea hobetzea ekarri du; bereziki Italian eta Txinan antzeman dute kutsadura gutxiago. Baina Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi du horrek ez duela berez aldaketa klimatikoa mantsotuko, karbono dioxido maila iazkoa baino altuagoa baita oraingoz. Areago, behin osasun larrialdia igarota CO2 isuriak izugarri igoko diren beldur da erakunde hori, 2008ko finantza krisiarekin gertatu zen bezala.

Segi irakurtzen Urko Apaolazak gai horren inguruan idatzitako analisia

.

Hezkuntza saioa eskainiko du ETBk, etxetik ari diren ikasleei prozesua errazteko

Batez ere etxean baliabide teknologiko nahikorik ez duten haurrak gogoan, hedabide publikoak “Bitartean, etxetik ikasten” saioa eskainiko du datorren astelehenetik aurrera ETB3n eta Eitb.eus-en.

 

Garraio publikoa doakoa izango da Ipar Euskal Herrian, krisiari erantzuteko lanera joan behar dutenentzat

Ospitale eta zahar-etxeetako langileek, garbitzaileek edota saltzaileek ez dute garraio publikoa ordainduko ostegun honetatik aurrera Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroan, Euskal Elkargoak hala erabakita.

 

Greba mugagabeari ekingo diote Aernnovako langileek, osasuna bermatzeko

Aernnovak Berantevillan duen fabrikako enpresa batzordeak greba mugagabea deitzea erabaki du, martxoaren 31tik aurrera, koronabirusak eragindako egoeraren aurrean langileen "osasuna bermatzeko".

 

Merkataritzaren Munduko Erakundea: "2008koa baino handiagoa izango da krisi hau"

Denon ahotan da koronabirusak mundu mailako ekonomiara ekarriko duen krisia oso handia izango dela. Norainokoa ordea? Inork ez daki, baina ostegun honetan Roverto Azevedo Merkataritzaren Munduko Erakundearen (MME) lehendakariak adierazi duenez, “2008koa baino handiagoa”.

 

Jakindun, ikasleek Zientzia, Fisika eta Matematika on-line, euskaraz eta erraz ikasteko baliabidea

Irakasle eta ikasleak etxetik eta internet bidez ari diren garaiotan, Jakindun irabazi-asmorik gabeko proiektuak gogoratu du zientzia ikasgaiei lotutako bideoak eskaintzen dituela bere webgunean, euskaraz eta doan, “bideo laburrak eta azalpen errazekin”. Hezkuntza komunitatearentzako baliabide izan nahi du ekimenak.

 

Oxigeno-botilak egiten dituen eta itxita dagoen fabrika nazionalizatzeko eskatu diote langileek Macroni

Koronabirusak eragindako arnas-zailtasunei aurre egiteko hain baliagarriak diren oxigeno-botilak (eta leku batean baino gehiagotan falta dituztenak) egiten dituzte Frantziako Luxfer fabrikan. Itxita dago fabrika, eta bizi dugun egoerari aurre egiteko nazionalizatu dezala eta “berehala” berriro ere martxan jarri dezala eskatu diote bertako langileek Emmanuel Macron presidenteari.

 

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia ere Covid-19aren krisiagatik bertan behera

Ekimen kultural asko ari dira atzeratzen edo bertan behera geratzen koronabirusaren krisiak eraginda. Ostegun honetan Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak iragarri bertan behera utzi duela apirilaren 23tik 30era egitekoa zen edizioa. Festibalaren ordez, online ekimen bat jarri dute martxan. Beheko albiste honetan dituzu xehetasun guztiak.

 

"Ospitaleetarako materiala garraiatzen aritu beharko ginateke, ez etxeetarako bizikleta estatikoak"

Garraio enpresa batean ari da Xabi Otegi Amundarain eta bizi dugun egoeran beren lana estrategikoa dela argi du, baina galbahea eskatu diete nagusiei: zein den bermatu beharreko zerbitzua eta zein ez, benetan estrategikoa dena baino ez egiteko. “Atzera-aurrera nabil lanean, inolako bermerik gabe”.

 

Ordiziako azoka berriro ireki zen atzo, asteazkena

Baserritar txikiek ohiko buruhasteez gain mila gehiago dituzte Covid-19ak mugimenduetan eta salerosketan eragin dituen murruzketengatik. Joan den astean zenbait azoka garrantzitsu ez zen egin ahal izan, tartean larunbateroko Tolosakoa. Goierriko Hitza-k azaldu duenez, zortzi saltokirekin atzo ere zabaltzea lortu zuten Ordiziako azoka, Gipuzkoan erreferente ezagunena dena, duela urte batzuk lurraldeko baserritar guztiei barazki eta gainerako produktuen prezioen erreferentzia ematen ziena. Betiko plazan ez baina frontoi estalian egin zuten, bederatzi postu besterik ezin sartuta, hori dela eta postu batzuetan baserritar bat baino gehiagoren mozkinak eskainiz eta bezeroen eta saltzaileen artean urruntasunak zorrotz zainduta. Baina egin egin zen eta albiste inportantea da baserritarrentzako. Baita baratze edo balkoietan ipintzeko landare zain dauden kaletarrentzako ere: Lierni Elortzaren argazkiak erakusten duenez gutxienez landarezale bat bazen azokan.

Nazio Batuen Erakundeak "erantzun humanitario globala" jarri du martxan Covid-19 borrokatzeko

NBEko idazkari orokor António Guterresek iragarri du koronabirusa borrokatzeko mundu mailako plana abian jarri dutela. Gobernuei eskatu dizkiete ekintza erabakiorrak eta pandemia globalari soluzioa elkarrekin bilatzeko.

Plan honek "bizitza asko salbatuko ditu", adierazi du. Herrialdeei 1.900 milioi euro mobilizatzeko deia egin die, herrialderik zaurgarrienei laguntzera bideratzeko. Gutierresek esan du estatuen erantzun indibidualak ez direla nahikoa izango krisi honetatik irteteko.

 

Euskal Herrian gaur arte 188 hil dira, 4.468 kutsatu, 1.656 daude ospitaleratuta

Berria egunkariak daraman kontabilitatearen arabera, Euskal Herrian martxoaren 25ko arratsaldea arte 188 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak,  4.468 kutsatu eta 1.656 daude ospitaleratuta.

Ororen buru, aztertuta Garak, Berriak eta EITBk oraintxe (20:15) agerian dauzkaten informazioak, honako argazkia eskaintzen dute datuek:

- Hildakoak 188: Araban 81, Bizkaian 54, Gipuzkoan 20, Nafarroan 33, Iparraldean 1.

- Kutsatuta testeaturik positibotzat emandakoak: 4.468: Araban 1.027, Bizkaian 1.501, Gipuzkoan 463 eta Nafarroan 1.190. Iparraldeko datu fidagarririk gabe segitzen dugu.

- Ospitaleratua 1.656: Araban 310, Bizkaian 674, Gipuzkoan 166, Nafarroan 506 eta Iparraldeko daturik ez dugu. Iparraldeko datu fidagarririk gabe segitzen dugu..

Covid-19aren jarraipen estatistikoak euskaldunoi gure herrigintzak daukan beste zulo galanta erakusten digu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude