ARGIA.eus

2020ko maiatzaren 25a

JARRAIPENA | Euskal Herrian 2.019 hil dira orain arte, milioiko 636

  • Covid-19 gaitza kezka handia sortzen ari da batean eta bestean, ezin geratu ari baitira herrialdeak. Azken berrien jarraipena egingo dugu hemen.

ARGIA @argia
2020ko maiatzaren 12a
Gakoak
(Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien koordinatzaileak positibo eman du

Martxoaren 29 gauen azaldu ditu lehen sintomak Simonek, eta isolatuta dagoela jakinarazi dute. Bere egoera ona da. Martxoaren 21ean izan zituen lehenengoz sintomak, baina egindako froga medikuak ezezkoa eman zuen.

Marling Castillo: “Hilabete ez, langile batzuek urtebete, bi, edo hiru urte, pasatzen dituzte konfinatuta”

Marling Castillo etxeko langilea da eta gaur egun Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren Etxeko Langileen Taldearen ordezkaria da. Gipuzkoako Oarsoaldea bailarako emakume migratzaileekin aritzen da lanean. Haien atea ere jo du koronabirusak. Langile batzuk kaleratu dituzte; beste batzuk 24 orduz lanean aritzera behartu dituzte; eta badira beraien kabuz erabaki dutenak etxetik ez ateratzea, nahiz eta gaueko langileak ez izan, sartu-irtenean hasiz gero zaindua kutsatzeko beldurra baitute. Banaka-banaka ari dira langileei deitzen, zer moduz dauden jakiteko. Datu basean 300 izeneko zerrenda dauka Castillok.

 

Esther, etxeko langilea: “Ezin dut lanera joan, artritis erreumatoidea daukat eta arrisku taldean nago”

Marian, Lucero eta Esther etxeko langileak (izenak asmatutakoak dira) ohituta daude lana beltz eta baldintza kaskarretan egitera. Koronabirusaren hedapenak ordea, torlojuak estutu ditu. SOS Arrazakeriaren bidez jarri gara beraiekin harremanetan eta bakoitzak bere egoera kontatu digu.

 

Gaur balkoiko txalo zaparrada etxeko langileentzat eskatuko dute

Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna da martxoaren 30a. Sektorean lan baldintza duinen alde borrokatzen duten elkarteek ekintzak prestatuak zituzten gaurko. Covid-19k jarduerak bertan behera utzi ditu, eta are okerragoa, etxeko langileen lan eta bizi baldintzak egun batetik bestera lehenaz gain hondatu ditu. Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren Etxeko Langileen Taldeak gaurko txalo zaparrada beraien alde izatea eskatu du.

 

Tentsioa ertzainen eta Bilboko San Franzisko kaleko auzokideen artean, atxiloketa baten harira

Sarean azkar biralizatu da milaka ikustaldirekin, Bilboko San Franzisko kalean gertatu den atxiloketa bat.

Sarean salatu dutenez, arazo mentalak dituen pertsona bat kalera atera da, bere amak ertzainei deitu die, eta hauek etxera joateko agindu ostean, honek aurka egin die. Atxilotu egin dute, bere ama ondoan oihuka zutela. Ama lurrera nola bota duten grabatu dute bizilagunek eta hau ere eraman egin dute kalean jende asko oihuka zeukaten bitartean.

Ikusi bideoa osorik:

Osakidetza ez da behar bezala kontrolatzen ari bere langileak kutsatzen ari ote diren

“Medikuak gaixoak artatzen ari dira, baina sanitarioek ez dakite beraiek gaixo dauden ala ez. Eta gaixo baldin badaude, sintomak agertu arteko tartean jende gehiago kutsa dezakete, ez dakitelako benetan nola dauden”. Hala adierazi dio ARGIAri Osakidetzaren Donostiako egoera ongi ezagutzen duen pertsona batek. Gasteizko beste mediku batek berretsi egin du salaketa, Osakidetza ez da koronabirusaren testak egiten ari osasungintzako langileei, egoera muturrekoa ez bada. "Positiboak ugarituz gero profesional horiek etxean geratu beharko luketelako". Osasun sistemaren bideragarritasuna kolokan jarriko luke horrek.

 

Sánchezek ezetz esan dio Urkulluri: Jaurlaritzak ez du erabakiko zer jarduera ekonomiko eten

María Jesús Montero Espainiako Gobernuko bozeramaileak adierazi du erkidego guztiek bete behar dituztela funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoak eteteko erabakia. Pedro Sánchezek erkidego autonomo guztiekin izan duen bileraren ostean egin ditu adierazpenak.

 

Biktima-kopuruak munduan: 33.178 hildako, 702.348 kutsatu, 149.212 sendatu

Martxoaren 29ko arratsaldean, hona Covid-19 izurriak gaur arte eragin dituen biktimen kopuru nagusiak, Worldometers zerbitzuak 16:49ean zenbatuta:

- Hilak 33.178. Herrialdeka: Italia 10.779, Espainia 6.606, Txina 3.300, Iran 2.640, Frantzia 2.606, AEB 2.314, Erresuma Batua 1.228, Holanda 771, Alemania 482, Belgika 431, Suitza 300, Hego Korea 152, Turkia 131, Portugal 119, Brasil 117, Indonesia 114, Suedia 105,...

- Kutsatuak 702.348. Herrialdeka: AEB 131.403, Italia 97.689, Txina 81.439, Espainia 78.799, Alemania 60.659, Frantzia 40.141, Iran 38.309, Erresuma Batua 19.522 , Suitza 14.829, Holanda 10.866, Belgika 10.836 ... 

- Sendatuak 149.212.

Munduko estatistikak herrialdeka jarraian ikusteko:

Worldometers

Johns Hopkins Institute

Euskal Herrian gaur arte 350 hil dira, 7.773 kutsatu eta 2.687 daude ospitaleetan

Berria egunkariak administrazioeko iturrietatik bildutako informazioen arabera, Euskal Herrian martxoaren 29ko arratsaldea arte 350 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak, 7.773 kutsatu eta 2.687 dira ospitaleratuta daudenak. Agintariek sendatutzat eman dituzte orain arte 1.528 gaixo. Hona kopuruok lurraldeka:

- Hildakoak 350: Araban 115, Bizkaian 116, Gipuzkoan 34, Nafarroan 84, Iparraldean 1.

- Kutsatuta testeaturik positibotzat emandakoak 7.773: Araban 1.947, Bizkaian 2.776, Gipuzkoan 1.017 eta Nafarroan 2.011. Iparraldeko datu fidagarririk gabe segitzen dugu.

- Ospitaleratuta daudenak 2.687: Araban 353, Bizkaian 1.096, Gipuzkoan 320, Nafarroan 896. Iparraldean datu fidagarririk gabe jarraitzen dugu.

Indiaren historia hurbileko migrazio masiboena, koronabirusaren aurkako neurriek eraginda

Narendra Modi lehen ministroak Indian agindu duen konfinamenduak ehunka milaka lagunen migrazioa eragin du. Hiri handietan zeuzkaten lanpostuak galduta, haien jaioterrietara itzultzen hasi dira langile asko. Albiste honetan azaldu dugu.

 

Aste bakarrean 150etik ia 1.000ra pasa dira positiboak Osakidetzako langileen artean

EAEko Osasun Sailak informatu duenez, 918 lagunek eman dute positibo Osakidetzako langileen artean Covid-19a detektatzeko egindako probetan. Gorakada handia da, baina izan dezake azalpena. Beheko albiste honetan esplikatu dugu.

 

Arnaldo Otegi: "Inbertsio ekonomikorik onena pandemia gelditzea da"

Osasun larrialdi honen aurrean koalizioak duen tesia eta estrategia aurkeztu ditu Arnaldo Otegik bideo-konferentzia bidez. Erronka nagusia herritarren osasuna lehentasunez zaintzea da, pandemia gelditzea, eta larrialditik zenbat eta lehenago atera orduan eta azkarrago bizkortuko da jarduera ekonomikoa. “Inbertsio ekonomikorik onena pandemia gelditzea da”, adierazi du Otegik.

 

Carrefourreko saltzailea hil eta gero, greba mehatxua egin du CGT sindikatuak

Aïcha Issadounène-k 52 urte zituen eta joan den ostegunean hil zen koronabirusak jota. Saint-Denis herriko (Ile de France eskualdea, Frantziako Estatua) Carrefour saltoki batean 30 urte zeramatzan lanean kobraketa-tokian. Saltokian urte gehien zeramatzan langilea zen eta CGT sindikatuko ordezkaria. Ez dakite dendan ala beste nonbaiten kutsatu zen, baina CGT sindikatuak salatu du babes neurri kaskarrekin ari direla lanean. Gobernuak saltokietarako neurriak hartzen ez baditu, hurrengo astebururako greba deituko dutela adierazi du sindikatuak.

 

Mondragon taldeko Bexen kooperatibak 10 milioi maska egiteko enkargua jaso du Espainiako Gobernutik

Egoitza Zamudion duen Sibol enpresa da orain artean filtrodun maskak egiten zituen Europako enpresa bakana eta jabetza italiarra du. Koronabirusaren osasun krisiak akuilatuta Euskal Herriko hainbat enpresak maskak egiteari ekin dio. Albiste honetan bildu ditugu Euskal Herrian maskak egiten dituzten enpresen berri.

"Iurreamendi egoitzan egoera tristea, negargarria eta ulertezina da"

Tolosako Iurreamendi egoitzan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, COVID 19-arekin positibo 37 egoiliarrek eman dute. Datu horiek ordea ez dute argazki osoa erakusten. ELA sindikatuak 15 langilek positibo eman dutela jakinarazi zuen asteartean. Egun kopuru hori 17ra igo dela dio Iurreamendiko langileak. Beraien egoera, egunerokoa eta bizitakoa idatzi baten bidez kontatu nahi izan du.

 

Eta haurrek zer diote?

Dagoeneko, etxe askotan dagoen tentsioa xurgatu dute txikienek, eskolako lanek –eta gero eta handiagoa den arrakalak– gainditu ditu bat baino gehiago, eta berrogeialdia hasi zenetik kalea apenas zapaldu duten gehiengoek. Ze beldur, ze kezka eta ze behar dituzte haurrek krisi garaiotan? Zeinek galdetu die?

 

"Eskertu nahi dut Espainiako Gobernuko presidentea Kataluniatik egiten ari garen eskaerak entzun dituelako"

"Eskertu nahi dut Espainiako Gobernuko presidentea azkenean Kataluniatik egiten ari garen eskaerak entzun dituelako. Orain osasun sistemari eta larrialdietako eta babes zibileko zerbitzuei babesa handitu behar zaie, bizitzaren eta esperantzaren aldeko borroka hau irabazteko".

 

Portugalek paperak emango dizkie egoiliar baimen zain dauden etorkin guztiei

Lisboako Gobernuak onartu duen neurri berriak etorkinei emango die osasun zerbitzuak eta izurriagatik lanpostua galtzekotan  langabezia subsidioa jasotzeko eskubidea. Horrela, etorkinek Portugalen gainerako herritar guztien eskubide berberak edukiko dituzte aurreantzean, baldin eta martxoaren 18a baino lehen –egun horretan ezarri zuen gobernuak larrialdi egoera– paperak egiten hasita baldin bazeuden.

Etorkin askoren egoera zein larria zen Algarve eskualdean izurriaren hasieran gertatutako honek ohartarazi zuen: negutegietan ari zen langile nepaldar batek koronabirus proban positibo emanik, agintariek eskola batean bakartu zutenean ia 80 etorkin nepaliz osatutako koadrilla osoa, hauetako batzuek ihes egin zuten berriro etxera bueltan eramateko aitzakia zelakoan. Lanak izan zituzten agintariek haiek konbentzitzen osasun afera bat zela, baina langileok konformatu arren laster ikusi zen arazoa urrunago zihoala: gaixorik ez zeudenei lanera itzultzen utzi arren, berrogeialdian gelditutakoek ez zeukaten inolako diru sarrerarik eta eskubiderik.

Portugaleko gobernuak ebatzi duen dekretu berriarekin etorkinek aski izango dute egoiliar baimena eskatu izanaren agiria erakustea eskubidea edukitzeko bai osasun sare publikora jotzeko, lan kontratuak sinatzeko, bankuetan kontu korrenteak irekiteko edo lanera joan barik gurasoak bezala seme-alabak edo aiton-amonak zaindu beharragatik lanera joan ezin dutenentzako dirulaguntzak eskatzeko.

Neurri honek batez bat eragin handia edukiko du Brasildik etorritako langileen artean, Portugalen ari diren milioi erdi kanpotarren artean 150.000ko taldea osatzen baitute, baina baita eraikuntza eta laborantzako eskulanaren parte handia osatzen duten Asiako etorkinei ere. Gobernuak ez du esan, hala ere, neurriaren onurak zenbat atzerritarrek gozatu ahalko dituzten.

Biktima-kopuruak munduan: 30.299 hildako, 650.567 kutsatu, 139.552 sendatu

Martxoaren 28ko arratsaldean, hona Covid-19 izurriak gaur arte eragin dituen biktimen kopuru nagusiak, Worldometers zerbitzuak 17:35ean zenbatuta:

- Hilak 30.299. Herrialdeka: Italia 10.023, Espainia 5.812, Txina 3.295, Iran 2.517, Frantzia 2.314, AEB 1.943, Erresuma Batua 1.019, Holanda 639, Alemania 403, Belgika 353, Suitza 242, Hego Korea 144, Turkia 108, Suedia 105, Portugal 100...

- Kutsatuak 650.567. Herrialdeka: AEB 116.326, Italia 92.472, Txina 81.394, Espainia 72.248, Alemania 56.202, Frantzia 37.575, Iran 35.408, Erresuma Batua 17.089, Suitza 13.377, Holanda 9.762... 

- Sendatuak 139.552.

Euskal Herrian gaur arte 312 hil dira, 6.987 kutsatu eta 2.569 daude ospitaleetan

Berria egunkariak administrazioeko iturriak erabiliz kontabilidako informazioen arabera, Euskal Herrian martxoaren 28ko arratsaldea arte 312 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak, 6.987 kutsatu eta 2.569 dira ospitaleratuta daudenak. Agintariek sendatutzat eman dituzte orain arte 775 gaixo. Hona kopuruok lurraldeka:

- Hildakoak 312: Araban 109, Bizkaian 103, Gipuzkoan 29, Nafarroan 70, Iparraldean 1.

- Kutsatuta testeaturik positibotzat emandakoak 6.987: Araban 1.779, Bizkaian 2.463, Gipuzkoan 894 eta Nafarroan 1.929. Iparraldeko datu fidagarririk gabe segitzen dugu.

- Ospitaleratuta 2.569: Araban 345, Bizkaian 1.087, Gipuzkoan 290, Nafarroan 827 eta Iparraldeko datu fidagarririk gabe segitzen dugu.

Palestinarren egunerokoa are jasangaitzagoa bilakatu du koronabirusak

Epidemia hedatuz doa Zisjordanian zein Gazan: orotara 95 bat kutsatu eta hildako daude, martxoaren 26ko datu ofizialen arabera. Israelek inposatu okupazio eta blokeoek egoera okertu besterik ez dute egiten. Koronabirusaren epidemiari aurre egiteko zailtasun handiak ukanen dituzte palestinarrek.

 

Herritarrek berehala hornitu dute Donostia Ospitalak egindako "snorker" masken eskaera

Ur azaleko snorker urpekaritza kiroleko maskak –Decathlon modelokoak– behar zituela zabaldu zuen Donostiako Donostia Ospitalak sare sozialetan ostiral gauez, eta ordu gutxitan ospitalearen beharrak asetzeko adina bildu zituen. Ospitalak eta Ertzaintzak jarritako protokoloaren arabera, herritarrek Ertzaintzako Ondarretako komisaldegira deitzen zuten eta ertzainek etxeetatik jaso. Herritarrek euren kabuz ere 60 maska gehiago eraman dituzte komisaldegira, eta beste 120 herritarrek euren datuak eman dituzte gehiagoren beharra balego haien maskak eskaintzeko. Maska hauek, antza, Italian erabili dituzte eta hodia aldatuta, 3D inprimagailuan egiten den pieza batekin prest dago arnasgailu gisa edo babes-maska gisa erabiltzeko. Kasuak, adierazten du, halaber, zein material gabezia maila handia den ospitaletan.

 

Europar Batasunaren baitako elkartasunaren heina islatzen du koronabonuek sortu eztabaidak

Ez da dudarik koronabirusak ondorioztatu krisi ekonomiko eta sozialak estatuen zor publikoak emendatuko dituela eta horri aurre egitea dute lehentasun Europar Batasuneko 27 herrietako finantza ministroek. Koronabonua deitu eurobonuen aterabidea proposatu zuen Italiak baina estatu batzuk kontra daude –Alemania dugu aurkakoen artean–. Hamabost eguneko epea dute adostasun batera heltzeko.

 

#etxeannahiditugu traolaren bidez elkartasuna erakutsi zaie preso politikoei

Martxoko azken ostirala izanki, sare sozialen bidez erakutsi zaie elkartasuna euskal preso politikoei, konfinamenduak hala beharturik. #etxeannahiditugu eta #niereetxeangeratukonaiz traolak juntatuz, ehundaka maitasun eta aldarrikapen mezu agertu dira martxoaren 27an. Sare eta Etxerat izan dira ekimenaren oinarrian.

 

640.000 test itzuli beharko ditu Espainiako Gobernuak, matxuratuta daudelako

Espainiako Gobernuak homologatu gabeko testak erosi zizkion txinatar enpresa bati bitartekari baten bidez. Erositakoetatik 9.000 inguru matxuratuak zeudela jakin da aste honetan, baina Espainiako Osasun ministro Salvador Illak aitortu du benetan 640.000 test direla atzera itzuliko dituztenak.

Test horiek ez dituzte kalitate kontrolak pasa, haien efizientzia %30eko baizik ez delako. Espainiako Gobernuak azaldu du beste batzuengatik aldatuko dituela. Nolanahi ere, horren ondorioz atzeratu egingo da test azkarren zabalpena, pandemiari aurre egiteko estrategia nagusietakoa Covid-19aren positiboak ahalik eta azkarren antzematea izan arren.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Koronabirusa

Koronabirusa kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude