Venezuelan kaleak hutsik baina iraultza martxan

  • Kopurua gora doan arren, Venezuelak koronabirusak kutsatutako 104 positibo zenbatu ditu orain arte, berrogeialdiaren hasieratik hamar egun bete direlarik. Neurri azkar eta zorrotzei esker, Hego Amerikan positibo gutxien duen herrialdea da, Bolivia (32) eta Paraguai (37) ostean.

Caracaseko Baralt kale zalapartatsua hutsik. Argazkia: Ibai Trebiño

2020ko martxoaren 27an - 09:22

Kaleak hutsik, dendak itxita eta autoen arrastorik ez Caracas erdiguneko Baralt kalean. Isiltasuna nonahi. Ero gutxi batzuek ere ez lukete imajinatuko egunotan Venezuelako hiriburu zalapartatsua. Arratsaldeko ordu biak dira eta gobernuaren dekretuari jarraituz, erdiguneko saltegi guztiek ateak ixten dituzte. Kalean jende gutxi dabil; lanetik etxera edo etxetik lanera doazenak besterik. “Arraroa egiten da hain bizia den hiria horrela ikustea. Apokaliptikoa dirudi”, dio etxera doan emakume batek.

Bi kasu positibo baino ez. Hori behar izan zuen gobernu bolibartarrak “Covid 19” pandemiaren aurkako neurriak martxan jartzeko. Horrela, kaleak –Petare eta Catiako auzoak kenduta– pixkanaka husten joan dira. Martxoaren 13an hartu zuen gobernuak lehen neurria: Europatik eta Kolonbiatik zetozen hegaldiak debekatzea, baita jendea multzo handia eragin lezaketen ekimen publikoak bertan behera uztea eta jatetxeak ixtea. Egunak aurrera joan ahala, gobernuak beste hainbat neurri ezarri ditu, progresiboki, martxoaren 16an “berrogeialdi sozial osoa” agindu arte.

17 kutsaturekin ekin zitzaion “berrogeitaldi sozialari” eta egun, itxialdiaren hasieratik 10 egun pasa direla, 104 kutsatu daude Venezuelan, Nicolas Maduro presidenteak egunero egiten duen agerraldian emandako datuen arabera. Hildakorik ez momentuz. Oposizioak ordea, 200 kasu baino gehiago daudela ziurtatu du. Asanblada Nazionaleko presidente Juan Guaidok berak eman zuen aditzera datua asteartean, “presidentziatik gertu dagoen jendeak” emandako datuak zirelakoan, baino iturri zehatzik aipatu gabe.

Hala edo nola, eta jarduera ekonomiko gehienak bertan behera geratu diren arren –elikagaien, osasunaren eta garraioen sektoreak eta zerbitzu publikoak kenduta–, bizitzak aurrera darrai Caracasen eta Venezuelan, ohiko arazoak hor direla. Janariaren banaketan momentuz arazorik ez bada izan ere, nabarmendu behar da prezioek gora egin dutela azken astean, egoera larrietan gertatzen ohi den gisara, espekulatzaileen esku-hartzea dela eta. Honen aurrean, gobernuak CLAPen –oinarrizko janaria dakarren kutxen– banaketa “bermatuko duela” ziurtatu du.

Horrekin batera, etxez etxe gaixotasunaren kontrako asistentzia ematen duten mediku eta erizainen zerbitzua aktibatu da, beste neurri batzuen artean. Alokairua eta beste hainbat zerbitzuren -gasa, ura, telefonoa- ordainketa bertan behera geratuko dela adierazi du Madurok. “Lan gelditasuna” deritzon neurria indarrean jarriko dutela iragarri du, datozen sei hilabeteetan lanetik inor kanporatua ez izatea bermatuko duen neurria.

Kanpo laguntza Kuba, Txina eta Errusiatik

Europan gertatzen ari den bezala, Venezuela ere kanpo laguntza jasotzen ari da azken egunetan. Blokeo ekonomikoak hondamendi humanitarioa ekar dezakeela-eta eta izurriteari aurre egin nahian, Nazio Batuen Erakundeari laguntza eskatu diola jakinarazi du gobernuak, are gehiago Nazioarteko Diru Funtsari eskatutako maileguak porrot egin ondoren.

Krisiaren hasieratik Venezuelako herrialde lagunek laguntza bidali dute; Errusiak eta Txinak esaterako, medikuntzarako material ugari eta Kubak gaixotasuna prebenitzeko Interferon sendagai anti-birikoa bidali du, hainbat aditurekin batera. Komunikazio eta Informazio ministro Jorge Rodriguezek aurreratu duenez, medikuntza zerbitzuek malariaren aurka erabiltzen den Klorokina sendagaia probatzen ari dira. “Emaitza onak” lortu dituztela adierazi dute.      

Euskal diaspora “kezkaturik eta beldurturik” Euskal Herriko egoerarekin 

Egoera konplikatua izan arren, itxaropentsu agertu dira herritarrak oro har Venezuelan, tartean hiriburuan bizi den euskal komunitatea. Koldo Durruit euskal diasporako kideak esaterako, “egoerak hobera egingo duela” uste du. “Konfiantza osoa dugu” adierazi dio ARGIAri.

Era berean, orokorrean berrogeialdia “errespetatzen ari dela”, dio Durruitek, “hiriburuan eta Venezuelako beste eskualdeetan. Gobernuak azkar jokatu duela dio eta horri esker koronabirusaren krisia gainditu ahal izango da. Gobernuak hartutako neurri ekonomikoak “ontzat” jo ditu euskal diasporako kideak.

Venezuelan 15 urte daramatzan arren, Durruitek “herrimina” sentitzen duela aitortu digu, “are gehiago momentu gogor hauetan”. Euskal Herrian dagoen egoeraz “kezkatuta eta beldurtuta” dagoela dio, “lagunak eta familia han ditugulako”. Konponbide gisa, Euskal Herriak Txinak hartutako bideari ekin beharko liokela uste du: “Euskadiko gobernuak neurri eskasak hartu ditu, beranduegi gainera. Jarduera ekonomikoa eten behar da Txinan bezala. Euskal Herrian milaka langile bidaltzen ari dira lanera. Nola da posible? Harrigarria da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
"Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean"

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
"Ez dugu irla bat izan nahi"

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


Eguneraketa berriak daude