JARRAIPENA | 3 heriotza gehiago EAEn: Euskal Herrian 2.089 hil dira orain arte, milioiko 658

Zuzeneko jarraipena
  • Covid-19 gaitza kezka handia sortzen ari da batean eta bestean, ezin geratu ari baitira herrialdeak. Azken berrien jarraipena egingo dugu hemen.


2020ko maiatzaren 12an - 21:01
Gakoak
(Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
Eusko Legebiltzarra dekretu bidez berriz martxan jartzeko eskatu du EH Bilduk

Gaur ziren egitekoak EAEko hauteskundeak eta gaurko hauteskundeak deitu zirenetik dago deseginda Legebiltzarra. Koronabirusagatik hauteskundeak atzeratu baziren ere, Legebiltzarra ez da aurreko jarduerara itzuli. Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu dio erakunde honen jarduera "dekretu bidez" berriz ere gaitu dezala, hauteskundeak berriz deitu arte.

 

El Salvadorreko lehendakariak hiru hilabetez eten ditu alokairu eta kredituen ordainketak

Sare sozialetan izurria bera bezain azkar ari da zabaltzen El Salvadorreko presidente Nayib Bukelek herritarrei egin dien hitzaldia aurkeztuz Covid-19 izurriaren kontra bere gobernu berriak hartu dituen neurriak. Ahobizarrik gabe gauzak azaltzen dituen lider berri bat ezagutu du munduak.

 

"Agintariak hartzen ari diren neurriek ez dute balio paperik gabeentzat"

Pandemia zein neurritan ari den migratzaileen kolektiboa kolpatzen, nola ari diren beraiek antolatzen egoerari aurre egiteko, beldur eta emozio garai hauek zein modutan hauspotu duten arrazakeria eta poliziak zenbateraino dituen hartuta migratzaileen auzo eta espazioak, horra Bilboko SOS Arrazakeriako kide Alba Garciarekin hitz egin ditugun gaietako batzuk. Irakaspena garbi du: salbuespen egoeran azaleratzen ari diren baliabideak presente izan ditzagun, etorkizunean ere aldarrikatzeko.

 

Biktima-kopuruak munduan: 64.228 hildako, 1.192.621 kutsatu, 246.063 sendatu

Apirilaren 4eko arratsaldean, hona Covid-19 izurriak gaur arte eragin dituen biktimen kopuru nagusiak, Worldometers zerbitzuak 16:32ean zenbatuta:

- Hilak 64.228. Herrialdeka: Italia 15.362, Espainia 11.744, AEB 8,306, Frantzia 7.560, Erresuma Batua 4.313, Iran 3.452, Txina 3.326, Holanda 1.651, Alemania 1.395 , Belgika 1.283, Suitza 641, Turkia 425, Brasil 376, Suedia 373, Portugal 266, Indonesia 191, Kanada 214, Austria 186, Hego Korea 169, Errumania 146, Danimarka 161, Ekuador 145, Indonesia 144, Irlanda 120 ...

- Kutsatuak 1.192.621. Herrialdeka: AEB 305.934, Espainia 124.736, Italia 124.632, Alemania 95.637, Frantzia 89.953, Txina 81.639,  Iran 55.743, Erresuma Batua 41.903, Turkia 20.921, Suitza 20.278, Belgika 18.431 , Holanda 16.627, Kanada 12.924, Austria 11.781, Portugal 10.524, Hego Korea 10.156...

- Sendatuak 246.063 .

Munduko estatistikak herrialdeka jarraian ikusteko:

Worldometers

Johns Hopkins Institute

Koronabirusagatik, osasun arloko bigarren langile bat hil da Euskal Herrian

Mikel Sanchez Osakidetzako Plangintza zuzendariak eman du heriotzaren berri. Sektore pribatuko langilea da koronabirusaz hildakoa eta zehaztera eman duenez, beste patologia bat ere bazuen.

 

Aberri Eguna balkoietan eta leihoetan ospatzeko deia luzatu dute

Konfinamendu garaia izanki, bakoitzak bere etxetik Aberri Eguna ospatzeko deia luzatu du herritar talde batek. Ikurrina edota Nafarroako bandera atera eta elkarrekin kantuan aritzeko gomita egin diete herritarrei ekimenaren antolatzaileek.

 

Euskal Herrian gaur arte 650 hil dira, 11.184 kutsatu eta 2.439 daude ospitaleetan

Administrazioeko iturriek zabaldutako informazioen arabera, Euskal Herrian apirilaren 4ko arratsaldea arte 650 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak, 11.184 kutsatu eta 2.439 dira ospitaleratuta daudenak. Agintariek sendatutzat eman dituzte orain arte 3.409 gaixo. Hona kopuruok lurraldeka:

- Hildakoak 650. Lurraldeka, Araban 184, Bizkaian 224, Gipuzkoan 69, Nafarroan 171. (Iparraldetik 2 daude kontabilizatuta. Erreferentzia gisa, Pirinio Atlantikoak departamenduan –Iparraldea horren erdia da– 13 heriotza aitortu ditu, baina zehaztapen gehiago barik).

- Kutsatuta testeaturik positibotzat emandakoak 11.184. Lurraldeka: Araban 2.519, Bizkaian 4.224, Gipuzkoan 1.424, Nafarroan 2972. (Iparraldeko datu fidagarririk ez da. Pirinio Atlantikoak departamenduak 161 aitortu ditu orain arte).

- Ospitaleratuta daudenak 2.439. Herrialdeka ez dugu ospitaleratuen zenbaketa osaturik aurkitu gaur.

Maskararen erabilpena orokortzeko gomendioak biderkatuz doaz

Maskara kirurgikoak eta medikalak lehentasunez osasun arloko langileetara bideratu behar direla erranda ere, babes material honen erabilpena orokortzeko beharra ikusten du Munduko Osasun Erakundeak (MOE), aire bidezko transmisioak mugatzeko. Dioenaz, etxean norberak egindakoak ere lagun dezake. MOEren gisara, beste hainbat aditu eta gobernu ere dabiltza kontseilua entzunarazten:

 

Euskal Herria Italiari hurbildu zaio heriotza kopuruetan eta Espainia Italiaren pare dago jada

Covid-19 izurriak Euskal Herrian daraman bilakaera Espainia eta Italiakoekin alderatzen hasi ginen martxoaren 23ko datuekin, galdera honen erantzunera hurbiltzen saiatzeko: Euskal Herrian zein gordintasunez ari gara jasaten Covid-19aren erasoa? Bigarren kontrola 26ko datuei erreparatuz egin genuen, hirugarrena martxoaren 30eko datuekin eta apirilaren 3a artekoekin osatzen dugu laugarrena, oraingoz ziklo honen azkena.

 

Airtor Montes Aramaioko medikua Arabako Alea-n: "Lehen mailako arreta koma sanitarioan dago, eta ordainduko dugu"

Aramaioko familiako medikua da Aitor Montes eta Arabako Alea-n egin dioten elkarrizketan oso xehetasun garrantzizkoak eskaintzen ditu ulertzeko Covid-19 izurriak zertaraino andeatu duen ohiko gaixoak eta batik bat kronikoak artatzen dituzten medikuen jarduera eta baita koronabirusaren kopuru ofizialen atzean dagoen errealitate are gordinagoa ere.

Hona zenbait pasarte:

"Paziente kronikoak, diabetikoak edo orain arte egin izan duguna nolabait etenda dugu. Lehen mailako arreta koma sanitarioan edo hibernazioan dago. Gure eguneroko lana egin barik geratu da eta larrutik ordainduko dugu, jende hori guztia etorri beharko delako. Bi edo hiru hilabete barru dena batera iritsiko zaigu, uholde bat bezala, eta pilatuko zaigu, lehen mailako arreta kolapsatuz".

"Datuak ez dira errealak. Aramaion izandako lehen agerraldia oso konkretua izan zen. Nik banekien lehena izatekotan, gazte bat zela, baina gazte horri ez zioten testik egin oso gaztea zelako eta oso ondo zegoelako. Kasu horretan ihes egin zigun ziurrenik positiboa zen bat; hurrengo agerraldian, 18 edo 20 bat kasu etorri ziren eta oker ez banago, bati edo biri bakarrik egin zieten testa. Hori batetik. Bestetik, mugatuta dago ez dagoelako test nahikorik, jendea beraien etxean dago itxaroten ea proba egingo dioten edo ez; eta ez diote egiten. Niri ere ez didate egin eta ez didate egingo. Milaka pertsona egon daitezke orain eztul batean, katarroarekin, hotzikararekin, sukar puntu batekin, baina testa egin barik".

Elkarrizketa osorik Arabako Alea-n: "Lehen mailako arreta koma sanitarioan dago, eta ordainduko dugu"

 

 

Italiako Gobernuak “nahiko orokorra” emanen die ikasleei
Argazkia: Matteo Corner / EFE

Klaseak berriz hartu ezean Italiako ikasleek ikasturtea gaindituko dute automatikoki. Italiako Gobernua lege dekretu lantzen ari da kurtso ezberdinetako ebazpenak eta beharrak egokitzeko. Izan ere, azterketarik egin gabe “nahiko orokorra” emateko prest dago. Klaseak ez dira irailera arte berriz izanen, hori argi dago eta arras deliberatuta. Itzulera da zehaztu beharrekoa: hezkuntza sailek beharko dute planifikatu moldea. Hezkuntza Ministerioak duen arrenkura da, gibelean geratu izaten diren ikasleak nola bideratu ikasturte berrian. Arazoa handiena dago unibertsitatera jauzi egiten dutenekin. Selektibitatea edo baxoa bezala ezagutzen dugun azterketa, maturità bezala Italian ezagutua, da konpontzeko auzietako bat. Hezkuntza Ministerioak ez du etsi nahi. Klaseak maiatzean berriz hartuko balira, azterketa egiteko aukera ez dute arras baztertu, online ari diren ikasle helduekin bideratzea. Arazo handiena ahozko azterketak izanen dira, haatik!

Espainiak erosi arnasgailuak Turkiak atxiki ditu oraingoz

Espainiako Kanpo arazotarako Arancha González Laya ministroak aditzera eman duenez, Espainiako hainbat administrazio publikok (Gaztela-Mantxak 150 erosi zituen) eskuratu zituzten arnasgailuak Turkiak erabiliko ditu, Covid-19-k herrialdean bertan hartu duen indarra dela eta. Lehentasuna eman nahi izan diote Turkian gero eta gehiago zabaltzen ari den koronabirusari aitzi egiteko. Turkiako Gobernuak berak murriztu behar izan ditu esportazioak, izan ere, “etxean” bertan beharra handia baitute. Edonola den ere, epe zuhur batean, aste batzuk barru, Turkiako Gobernuak arnasgailu kargamendua “bermatuko” dio Espainiako Gobernuari, ministroaren hitzetan

Argazkia: Gaztela-Mantxako osasun saialarena da.

.

Osakidetzaren protokoloak ere Urkulluren hitzak gezurtatu ditu: ez dira sintomak dituzten herritar guztiei ari testak egiten

"Euskadik testa solik egiten die ospitalean daudenei sintomak dituzten funtsezko jardueretako langileei". Izenburu horrekin informatu du EITBk Osakidetzak bere langileei igorritako protokolo berriaz. Bertan adierazten dute nola jokatu koronabirusa duten gaixoekin eta kutsatze arriskua nola gutxitu. Atzo Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak esan zuen sintomak dauzkaten herritar guztiei ari direla testak egiten. Ez da hala.

 

 

Biktima-kopuruak munduan: 58.727 hildako, 1.092.987 kutsatu, 228.038 sendatu

Apirilaren 3eko iluntzean, hona Covid-19 izurriak gaur arte eragin dituen biktimen kopuru nagusiak, Worldometers zerbitzuak 21:19an zenbatuta:

- Hilak 58.727. Herrialdeka: Italia 14.681, Espainia 11.198, AEB 7.004, Frantzia 6.507 (eguneratu gabe), Erresuma Batua 3.605, Txina 3.322, Iran 3.294, Holanda 1.487, Alemania 1,230, Belgika 1.143, Suitza 591, Turkia 425, Suedia 358, Brasil 343, Portugal 246, Indonesia 181, Kanada 173, Hego Korea 169, Austria 158, Eekuador 145, Danimarka 139 ...

- Kutsatuak 1.092.987. Herrialdeka: AEB 259.832, Italia 119.827, Espainia 117.710, Alemania 89.838, Txina 81.620, Frantzia 59.105 (gaur eguneratu gabe), Iran 53.183, Erresuma Batua 38.168, Turkia 20.921, Suitza 19.606, Belgika 16.770, Holanda 1 15.723, Austria 11.464, Kanada 11.747, Hego Korea 10.062, Irlanda 120, Aljeria 105 ... 

- Sendatuak 228.038.

Munduko estatistikak herrialdeka jarraian ikusteko:

Worldometers

Johns Hopkins Institute

EAEn irakasleen ordezkapenak berrezarri dituztela baieztatu du LABek

Baimenen bat hartzen duten irakasle titularrak ordezkatzeko prozedura etenda zuen Eusko Jaurlaritzak eta ordezkapenak berriz martxan jartzeko presioa egin du hezkuntza komunitateak. Ostegunean, bertsio ezberdinak tarteko, ez zegoen argi Jaurlaritzak ordezkapenak berrezarri ote zituen eta zein neurritan. LABek gaur dio Lakuarekin hitz egin duela eta ordezkapenak martxan direla berriz.

 

Zer egin konfinamenduan, burujabetzan sakontzeko

Ekonomiari, elikadurari, energiari… lotuta konfinamendu garaian “gauza ditzakegun ekintza errazen” zerrenda egin du Bizi! mugimenduak, ekintza horien bidez “gure bizitzaren jabetza berreskuratu ahal izateko, biharko mundua etxetik apailatzeko”.

 

Koronabirusa jasan arren, Mexikok inoizko hilabete gogorrena bizi izan du
SERGIO MALDONADO |  EPV (REUTERS)

Ez izurriteak, ez etxean geratzeko Gobernuaren gomendioak geldiarazi dute Mexikon hilen oldea. Covid-19 delakoa jasan arren, 2.585 hilketa izan dira martxoan. Jendeak ez dio koronabirusari balei dion beldurra. Hala ere, pandemiak berak ezin izan du geldiarazi hilen kopuruak goiti egitea..Mexikoko estatu guztietan zabalduta dago izu oldea, ohikoa dena. Harrigarria baina, Guanajuatoko biolentzia egoera da, izan ere, duela pare bat urtera arte estatu lasaia zen. Autogintzako enpresa inportanteenak daude bertan, nekazaritzan oso indartsuak. Bizitza maila altua dago, orain arte droga aferetatik urrun, orain biolentzian hatzaparretan erori da.  

 

Pedro Sánchezek “alarma estatua” apirileko 11z harago luzatzea proposa lezake laster
Argazkia: Juanjo Martín / EFE

900 dira hildakoak Espainian gaur, ostiral honetako datua da. Italiako kopurua gainditu du. Osasun sailak aditzera eman duenez, 10.935 dira dagoeneko hilak eta 117.710 kutsatuak. Gobernuko presidente Pedro Sánchezek Hersill SL lantegia bisitatu du goizean Madrilgo Mosteles herrian, medikuntzarako ekipamenduak egiten ditu. Yolanda Diaz lan ministroak adierazi duenez, Espainiako presidenteak “alarma estatua” apirileko 11z harago luzatzea proposatuko du laster, betiere osasun autoritateen “irizpide teknikoa” aintzat harturik. Josep Borrell, berriz, Europar Batasuneko Kanpo Politikarako arduradun nagusia, koronabirusak Afrikan hartu  duen zabalpenaz kezkatuta agertu da: “Afrikako arazoa ez badugu konpontzen, ez dugu Europakoa ere konponduko. Eta zorigaitzez, haiek ez dute guk dugun ahalmen sanitarioa”

Euskal Herrian gaur arte 597 hil dira, 10.686 kutsatu eta 2.552 daude ospitaleetan

Administrazioeko iturriek zabaldutako informazioen arabera, Euskal Herrian apirilaren 3ko arratsaldea arte 597 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak, 10.686 kutsatu eta 2.552 dira ospitaleratuta daudenak. Agintariek sendatutzat eman dituzte orain arte 2.736 gaixo. Hona kopuruok lurraldeka:

- Hildakoak 597: Araban 176, Bizkaian 205, Gipuzkoan 63, Nafarroan 151, Iparraldean 3 (Zuberoan 1, Lapurdin 2). (Iparraldeko datuak agintariek berretsi gabekoak dira. Erreferentzia: Iparraldea gutxi gora behera Pirinio Atlantikoak departamenduaren erdia da biztanlez eta departamendu honetan agintariek 12 hildako aitortu dituzte, soilik ospitaleetakoak zenbatuta).

- Kutsatuta testeaturik positibotzat emandakoak 10.686: Araban 2.247, Bizkaian 4.024, Gipuzkoan 1.356 eta Nafarroan 2.836. Iparraldeko daturik ez dute ematen Frantziako agintariek (Erreferentzia gisa, Pirinio Atlantiko osorako 165 positibo aitortu ditute frantse agintariek. Iparraldekoak izan daitezke erdiak).

- Ospitaleratuta daudenak 2.552. Herrialdeka ez dugu ospitaleratuen zenbaketa osaturik aurkitu gaur.

Unibertsitatera sartzeko probaren ordez, ebaluazio jarraia egingo dute Ipar Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian selektibitatea mantentzea aurreikusten duten bitartean, Iparraldeko ikasleek ez dute baxoa egin beharko. Unibertsitatera sartzeko proba egiteko baldintzarik ez dagoela adierazi du Frantziako Hezkuntza ministroak, eta ikasturtean zehar ikasleak duen batez besteko nota hartuko da kontuan.

 

Bokale hiritik bi irakaspen: konfinamenduaren garrantzia eta bai, herrietako bozketen mantentzeak izurritea areagotu du

Francis Gonzalez Bokaleko (Lapurdi) auzapeza Baionako ospitalean dago, erreanimazioan, koronabirusagatik. Herriko hauteskundeetarako hautagai anitz daude kutsaturik, tartean, Gonzalezen zerrendako hamaika. Bozketen lehen itzulia mantendu izanaren auzia mahaigaineratzen du bokalesei gertatzen zaienak. Hauteskundeak burutu izanaren eta izurritearen hedapenaren arteko lotura ezin frogatua baldin bada ere, asko dira biak juntatzen dabiltzanak. Tartean, "estatu gezurra" leporaturik, Frantziako Gobernuaren kontrako salaketa jarri duten 600 mediku eta erizain.

 

“Zaharrak ahulenak direla diote eta egoitzetan ez dago inolako kontrolik”

Osasun larrialdiaren ondorioz, zahar egoitzetan bisitak bertan behera gelditu dira, senideek ezin dituzte egoiliarrak ikusi, ezin dira egoitzan sartu. Une gogorrak bizi dituzte egoiliarrek eta senideek. Egoera are okerragoa da senideak kexu badira, egoitzak kudeatzen dituzten enpresetatik informazio gutxi jasotzen ari direlako; senideekin harremana izateko modu digitalak nekez baliatzen ari direlako; eta ardura nagusia izan beharko lukeenak, Foru Aldundiak, egoitzen kontrolik eta jarraipenik egiten ez duelako. Amaiak Bizkaiko Babestu egoitzetako senideen elkartearen izenenean bizi duten egoera kontatu digu, baita bere amarekiko bizitzen ari dena ere. Nahiago izan du egiazko izena ez ematea, ondorioak izan ditzakeelako.

 

Frantzian zahar etxeetan 884 hil dira asteotan, orain arte kontabilizatu gabeak

Covid-19ak mundu osoan eragindako biktimen jarraipen estatistikoa egiten duen Worldometers zerbitzuak bere irakurleak ohartarazi dituenez, ostegunean, apirilak 2, Frantziako Gobernuak jakinarazi du orain arte ofizialki aitortutako hildakoez gain beste 884 gehiago gertatu direla zahar-etxeetan azken egun eta asteetan. Frantziako gobernuak orain arte ez ditu sartu kopuruok bere zifra ofizialetan eta soilik hartu izan ditu kontutan ospitaleetan hildakoak. Parisko agintariek aste duela egun batzuk aitortua zuten hutsune hori, aginduz epe laburrean datu horiek ere bildu eta zabalduko zituztela.

Hala egin dute eta asteotan ospitaleratu barik zahar-etxeetan hildako 884 biktimak apirilaren 2an kolpe batez gehitu dituztenez, egun bakarrean Frantzian izurriak hildakoen kopurua igo da astelehenean 4.032 izatetik astearte iluntzean 5.387 izatera. Worldometersek horrela bildu ditu bere kontabilitatean, estatistikak zuzen egiteko  nazioarteko estandarrei jarraituz.

Azken 20 urteetako arma kopuru handiena erosi dute AEBetako herritarrek martxoan

Martxoko datuen arabera, AEBetako herritarrek azken 20 urteetako arma kopuru handiena erosi dute iragan hilean. AEBetan ez da zehazki erregistratzen herritarren arma erosketa, baina 1998tik arma saltzaileek balizko eroslearen aurrekari penalak eskatu behar dizkiote FBIri eta eskaera hauek martxoan 3,7 milioikoak izan ziren, otsailean baino %41 gehiago. Europa Press albiste agentziak zabaldutako albistearen arabera, datu horiek erabiltzen ohi ditu industria militarrak merkatuaren mugimenduak jarraitzeko. Egoera zalantzagarrietan, arma kopuruen salmentak gora egiten ohi du AEBetan. Albisteari buruzko datu gehiago, Publiko egunkariko lotura honetan.

EAEko unibertsitateetan aurrez aurreko eskolak ematen amaitu nahi ikasturtea Jaurlaritzak

Espainiako Unibertsitateetako Ministerioak esandakoaren kontrara, Eusko Jaurlaritzak ez du baztertzen EAEko campusetan eskola presentzialak ematen amaitzea aurtengo ikasturtea. Unibertsitate Politikako Batzordean egindako bilera telematikoan, aurrez aurreko eskolak bertan behera uzteko Espainiako Gobernuaren asmoa "erabat gaitzetsi" zuen erkidego honetako ordezkariak.

Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak zalantzan jarri ditu Espainiar ministerioak egindako proposamenak, hau da, klaseak eta azken azterketak on-line egitea. Bere esanetan hezkuntzako autonomia urratzen du jarrera horrek.

Ostiral honetan, EAEko hezkutza sailburu Cristina Uriarte unibertsitateetako errektoreekin bildu da, besteak beste gaia aztertzeko. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere ez du erabakirik hartu unibertsitateetako jarduera presentzialari dagokionez.

760 hildako gehiago Italian

Koronabirusari lotuta, osteguneko datu ofizialak eman dituzte Italian. 83.049 dira positibo eman dutenak guztira (aurreko egunean baino 2.477 gehiago) eta 13.915 baieztaturiko hildakoak (760 gehiago). Sendatu direnak berriz, 18.278 guztira (1.431 gehiago).

Zenbaturiko kasuak 115.242 dira orain arte eta egindako testak, 581.232 (39.809 gehiago).

 

Zer etorkizun liburu-denda independenteentzat?

Konfinamenduaren eraginez liburu-dendak itxita daude. Ez ordea haiekin konpetentzia egiten duten saltoki digitalak. Egoera honi buruz hitz egin dugu Durangoko Hitz liburu-dendako eta Donostiako Tobacco Dayseko arduradunekin.

 

Biktima-kopuruak munduan: 50.255 hildako, 981.428 kutsatu, 206.272 sendatu

Apirilaren 2eko iluntzean, hona Covid-19 izurriak gaur arte eragin dituen biktimen kopuru nagusiak, Worldometers zerbitzuak 16:12ean zenbatuta:

- Hilak 50.255 . Herrialdeka: Italia 13.915, Espainia 10.003, AEB 5.345, Frantzia 5.387, Txina 3.318, Iran 3.160, Erresuma Batua 2.921, Holanda 1.339, Alemania 997, Belgika 1.011, Suitza 522, Suedia 282, Turkia 277, Brasil 252, Portugal 209, Indonesia 170, Hego Korea 169, Austria 158, Danimarka 123, Kanada 131...

- Kutsatuak 981.428. Herrialdeka: AEB 227.061, Italia 115.242, Espainia 110.238, Alemania 81.728, Txina 81.589, Frantzia 59.105 (gaur eguneratu gabe), Iran 50.468, Erresuma Batua 33.718, Suitza 18.475 , Turkia 15.679, Belgika 15.348, Holanda 14.697, Austria 11.027, 10.132 ... 

- Sendatuak 206.272.

Munduko estatistikak herrialdeka jarraian ikusteko:

Worldometers

Johns Hopkins Institute

Euskal Herrian gaur arte 555 hil dira, 10.022 kutsatu eta 3.087 daude ospitaleetan

Administrazioeko iturriek zabaldutako informazioen arabera, Euskal Herrian apirilaren 2ko arratsaldea arte 555 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak, 10.022 kutsatu eta 3.087 dira ospitaleratuta daudenak. Agintariek sendatutzat eman dituzte orain arte 1.528 gaixo. Hona kopuruok lurraldeka:

- Hildakoak 555: Araban 167, Bizkaian 187, Gipuzkoan 58, Nafarroan 141, Iparraldean 3 (Zuberoan 1, Lapurdin 2). (Iparraldeko datuak agintariek berretsi gabekoak dira. Erreferentzia: Iparraldea gutxi gora behera Pirinio Atlantikoak departamenduaren erdia da biztanlez eta departamendu honetan agintariek 10 hildako aitortu dituzte, soilik ospitaleetakoak zenbatuta).

- Kutsatuta testeaturik positibotzat emandakoak 10.022: Araban 2.347, Bizkaian 3.682, Gipuzkoan 1.288 eta Nafarroan 2.682. Iparraldeko daturik ez dute ematen Frantziako agintariek (Erreferentzia gisa, Pirinio Atlantiko osorako 100 positibo aitortu ditute frantse agintariek. Iparraldekoak izan daitezke erdiak).

- Ospitaleratuta daudenak 3.087. Herrialdeka ez dugu ospitaleratuen zenbaketa osaturik aurkitu gaur.

Koronabirusari aurre egiteko materiala bidaltzen hasi dira Kios irlako errefuxiatuen kanpalekura

Moria edo Vial moduko errefuxiatuen kanpalekuetan, pilatuta bizi da jendea eta pandemia egoera honetan, migratzaileak bertatik atera ditzatela eta legeak dioena errespetatuz behar bezala artatu ditzatela eskatu dute. Baina halakorik egiten ez denez, maskarak eta bestelako materiala bidaltzen hasi dira errefuxiatuei.

 

Ardi esne ekoizleak kexu Iparraldean

Aste hastapenean, Ipar Euskal Herriko Chaumes esnetegiko laborariek jakin dute apirilean salduko duten esnea iazko apirilaren ekoiztu zuten %90era mugatuko dela; hau da, %10 soberan izango dute. Egoeraren aurrean elkartasuna eskatu diete ekoizleei.

“Zer elkartasun mota da laborariei hauturik gabe inposatzen zaielarik heien gain ezartzea egoeraren konponketa guzia?”, dio ELB sindikatuak prentsa oharrean. Eta egoeraren aurrean, ardi esne salmentan ari direnen arteko bilkura eskatzen dute, “interprofesione bat”, preseski holako egoeretan gogoetatzeko eta elkarrekin zerbaiten egiteko. “Zer egiten da urtero kanpotik sartzen diren 20 milioi litroekin? Ez ote da inportantago lekuko ekoizleei esne biltzea, eta kanpoko esne sartzeak gelditzea?”.

ELBren esanetan, gaur egun Chaumesko ekoizleek ez dakite nola aplikatuko den apirileko esnearen mugatzea: “Esnea bildua izanen da eta ez pagatua? Laborariek berek bota beharko dute? Argi baita ardiak ez direla esne ematetik geldituko egunetik biharamunerat. Zinezko elkartasuna behar da, kate honetako puntu batetik bestera, esnetegiek bakoitzak beren alde har litzaketen erabakien peko ez daitezen izan laborariak”.

On-line jokoen zale kopuruak gora egin du Espainiako Estatuan

Koronabirusaren krisiak behartuta, itxi egin dituzte apustu etxeak, baina bada norbere etxetik jokatzen segitzeko modurik. Konfinamendu garaian on-line jokoetan zaleak ugaritzen ari direla-eta, joko horien publizitatea mugatzea erabaki du Espainiako Gobernuak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude