“Normaltzat jotzen zutena zalantzan jartzen hasi diren pertsonen prozesuak laguntzea da gure lorpenik handiena”

  • Hiruki Larroxa kooperatibak bost urte egin dituela-eta, LGBTI+ diagnostikoez, maskulinitate tailerrez, esku-hartze feministez eta haur eta gazteekin eskoletan egiten dituzten lanketez mintzatu gara Egoitz A. Albeniz, Ibai Fresnedo eta Joseba Gabilondo kooperatibako hiru bazkideekin.

Ezker-eskuin: Egoitz A. Albeniz, Joseba Gabilondo eta Ibai Fresnedo, Hiruki Larroxa kooperatibako bazkideak. Hiruki Larroxa

2025eko abenduaren 2an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Helburu duzue botere-harreman eta zapalkuntza sistemak identifikatu eta harreman parekideak sustatzea. Ez duzue lan samurra... Bost urteotan, zein garaipen edo esperientzia on nabarmenduko zenituzkete, bide horretan?

Esku-hartze feministan lanean, ikusi dugu benetako eraldaketak ez direla soilik gauzatutako proiektuetan neurtzen, baizik eta komunitateen barruan gertatzen diren botere-egituren desplazamenduetan. Gure lorpenik handiena izan da normaltzat jotzen zutena zalantzan jartzen hasi diren pertsonak, erakundeak eta herri osoak prozesu desberdinetan laguntzea. Nork hitz egiten duen eta nork ez, nori entzuten zaion eta nori ez, zein gorputzek bizi ditzaketen espazio jakin batzuk lasaitasunez eta zeintzuk bizi izan diren beti bazterretan.

Lorpen garrantzitsuenetako bat izan da askotariko eragileei laguntzea ulertzen parekidetasuna eta (trans)feminismoa ez direla agendaren gehigarri bat, baizik eta lan egiteko, erabakitzeko eta harremanak eraikitzeko moduari eragiten dion ardatz bat.

Esparru komunitarioan oso prozesu esanguratsuak bizi izan ditugu, non kolektiboek, elkarteek edo herri mugimenduek, naturalizatutako desberdintasunak aitortzea lortu duten; "gatazkatsuak" ziren gaiak erdigunera eramanez. Talde asko igaro dira begirada tekniko batetik begirada politiko batera, parekidetasuna protokolo gisa pentsatzeari utzi eta hasi dira berau ulertzen beren jardunbideen, barne-hierarkien eta oztopoen etengabeko berrikuspenerako tresna eta begirada gisa. Jauzi hori funtsezkoa da, eta zintzotasuna eskatzen du, ez baita beti erraza.

"Hasieran beldurra edo ziurgabetasuna sentitzen zuten hezitzaile askok ikusi dute autoritatea berrikusteak edo zaurgarritasunerako tartea irekitzeak ez duela haien rola ahultzen, kontrakoa baizik"

Hezkuntzan ere, hasieran beldurra edo ziurgabetasuna sentitzen zuten hezitzaile askok ikusi dute autoritatea berrikusteak, erantzukizunak partekatzeak edo zaurgarritasunerako tartea irekitzeak ez duela haien rola ahultzen, kontrakoa baizik. Eta haur zein gazteekin lan egin izan dugunean, ikusi dugu nola (heldukeriei aurre eginez) beren beldurrak, nahiak eta kontraesanak zintzoki adierazten dituzten.

Bost urte hauetan, oro har, esan genezake gure lorpenik handienak ez direla "ekintzak" izan, baizik eta eraldaketaren bidera batu diren pertsonak, erantzukizun politikoa beren gain hartu duten erakundeak, beste gizon batzuk interpelatzeko beldurra galdu duten gizonak, beren izana izendatzeko hitzak aurkitu dituzten gazteak edo ukiezinak ziruditen praktikak berrikusi dituzten komunitateak.

Asko azpimarratzen duzue egiteko moduen garrantzia. Gakoa da lanketak nola egiten diren?

(Trans)feminismoa ezin da landu zalantzan jarri nahi dugun hierarkia bera errepikatzen duten logiketatik. Guretzat, erreparazioan eta errestaurazioan oinarritzen den begiradatik lan egiteak esan nahi du pertsonak askotariko historiekin, zauriekin eta desberdintasun esperientziekin bizi direla, eta horiek ezin direla azkar konpondu, ezta aurrez fabrikatutako irtenbideekin ere.

Erakundeetan, eskoletan eta herrietan errezetarik gabe jarduten gara. Entzuteko jarrera mantsoa praktikatuz, hau da, isiluneei zein hitzei, dinamika ikusezinei, autoritate-posizioei eta denborarekin eraiki diren lotura edo harreman-motei erreparatuz. Lan hori artisau-lana da nahitaez eta ez die beti ondo erantzuten askotan erakundeetan nagusi diren urgentziazko logikei. "Atzorako eskaerak" ulergarriak dira egutegiaren erritmoak baldintzatutako mundu hiperproduktibista honetan, baina benetako eraldaketak beste erritmo batzuk eskatzen ditu. Pentsatzeko denbora, beldurrik gabe deseroso sentitzeko tartea, prozesuei eusteko jarraitutasuna eta ondorioak azkarregi ez ateratzeko zaintza beharrezkoak baitira.

Eraldaketa prozesuen ñabarduretan sortzen da, baita ondo eutsitako elkarrizketetan, arretaz izendatzen den hitz batean, aitortza dakarren begirada batean edo errespetatzen den isiltasun batean ere. Horiek dira gure lan egiteko moduak.

"Herri askotan, diagnostikoek sakon errotutako ideia bat hautsi dute: LGBTI+ bizitzak 'ez dira hemen existitzen', edo sexu-disidentzia bakarrik da posible hirietan"

LGBT+ diagnostikoak egiten dituzue herrietan. Gero eta herri gehiago dira, gainera, halakoetara animatzen direnak. Diagnostikoek zein arrasto utzi dute herriotan eta batez ere herritarrengan? 

Benetako inpaktua prozesuan dago, irekitzen diren elkarrizketetan eta lehen aldiz aitortuak sentitzen diren pertsonengan. Herri askotan, diagnostikoek sakon errotutako ideia bat hautsi dute: LGBTI+ bizitzak "ez dira hemen existitzen", edo sexu-disidentzia bakarrik da posible hirietan.

Herritarrek elkarrizketetan, inkestetan edo saio irekietan parte hartzen dutenean, aniztasuna beti hor egon dela ohartzen dira, nahiz eta asko ez ausartu aniztasuna bera izendatzera. Eta komunitate batek bere burua zintzotasunez (edo autoengainurik gabe) ikusten lortzen duenean, bere lehentasunak, harremanak eraikitzeko modua eta bizikidetza ulertzeko modua berrantolatzen hasten da.

LGBTI+ politikak inoiz landu ez dituzten udalek barne-egiturak, protokoloak eta etengabeko prestakuntzarako espazioak sortu dituztela ikusi dugu. Baita herrietako LGBTI+ pertsonek babesa, zilegitasuna eta sare afektiboak aurkitu dituztela ere, lehen isolamendua baino ez zegoen lekuetan. Diagnostikoa hori guztia gertatzeko aitzakia bat da, herritarrek beren burua pentsatzeko eta elkar aitortzeko tresna bat. Baina, batez ere, LGBTI+ pertsonak politikoki artikula daitezen eta sare propioak ehun ditzaten.

"Hasieran, gizonekin erresistentziak ageri dira. Baina epairik gabeko espazioak sortzen diren heinean, gai sakonagoak azaleratzen hasten dira"

Gizontasun eta maskulinitate tailerrak ere ematen dituzue. Zein izan ohi dira eztabaidagai nagusiak, kexak, erresistentziak, eraldatzeko nahiak…?

Gizonekin egiten ditugun prozesuetan azkar ikusten dugu nola jokatzen duen zisheteropatriarkatuak beren bizitzetan. Hasieran, espero daitekeen geruza agertzen da; erresistentziak, jarrera defentsiboak edo estatusa galtzearen beldurra. Baina epairik gabeko espazioak sortzen diren heinean, gai sakonagoak azaleratzen hasten dira.

Askok onartzen dute laguntza eskatzeko duten zailtasuna, bizi duten bakardade emozionala eta genero-agindu maskulinoak betetzearen presioa bera. Baita harreman parekideagoak sortze bidean huts egiteko beldurra ere, ez baitute eredu afektiborik edo politikorik, bestela egiten ikasteko.

Gure lana ez da gizon denak zaku berean sartzea, baizik eta ulertaraztea nola zenbait agindu patriarkalek modu desberdinean eragiten dieten, eta nola, guztiek duten aukera eta erantzukizuna indarkeria patriarkalak betikotzen duena eraldatzeko. Ez ditugu nortasun edo erantzun itxiak bilatzen, jarrera kritikoak baizik.

Benetako eraldaketa hasten da ulertzen dutenean aldaketa ez dela keinu sinboliko bat, baizik eta konpromiso etiko bat ordena patriarkalaren eraisketarekin eta pertsona guztientzako harreman libreagoak eraikitzearekin.

Pedagogia Feministak eta sexu-heziketa ere lantzen duzue eskoletan (eta haur eta gazteen aisialdi antolatuan). Berdina galdetuko dizuet: zuek emateko dituzuen mezuetatik harago, zein dira haur eta gazteekin sortzen diren eztabaidagai nagusiak, kezkak, zalantzak, beldurrak, erresistentziak…?

Askotariko beldurrak, presio estetikoa, baloratuak izatearen beharra, kontsentimenduari buruzko nahasmenak eta desioa bera errurik gabe bizitzeko zailtasunak adierazten dituzte. Baita sare sozial digitalen pisua, berdinen artean ikusten duten indarkeria eta, kasu askotan, bizi duten bakardade afektiboa ere.

"Haur eta gazteei heldutasuna, autokontrola eta argitasun afektibo-emozionala eskatzen zaie, helduok ere horiek kudeatzen ez dakigun testuinguru batean"

Baina kezka horien atzean, helduzentrismoaren presentzia eta indarra ere oso agerikoa da. Helduok, autokritika egin beharrean, diskurtso paternalistak, moralizatzaileak eta zigortzaileak proiektatzen ditugu haien gainean. Alegia, heldutasuna, autokontrola eta argitasun afektibo-emozionala eskatzen zaie, helduok ere horiek kudeatzen ez dakigun testuinguru batean. Gazteei ardura egoztea errazagoa da, beldurra, presioa eta nahasmena eragiten dieten baldintzetako asko heredatutako erabakien, isiluneen eta egituren ondorio direla onartzea baino.

Horregatik guztiagatik, pedagogia feministak txertatzearen beharra defendatzen dugu. Ez bakarrik helduzentrismoa zalantzan jartzeko edo paternalismoa alde batera uzteko, baizik eta haurtzaro eta gaztaroaren konplexutasunari dikotomia sinpleetan erori gabe eusteko gai den pedagogiatzat dugulako. Alegia, haurrak eta gazteak subjektu politikotzat hartzen dituen pedagogia delako.

Bost urteko ibilbidean asko ikasiko zenuten. Ikasketa prozesutik zer nabarmenduko zenukete? Adibidez, zer egiten duzue orain, hasieran beste modu batera egiten zenutena?

Hasieran konfiantza handiagoa genien sentsibilizazio-lanei, baina praktikak erakutsi digu, egiturak sakon berrikusi gabe, sentsibilizazioa motz geratzen dela. Gaur egun, arreta gehiago jartzen dugu taldeek nola funtzionatzen duten, erabakiak nork hartzen dituen, maila, autoritatea eta boterea nondik nora dabiltzan... Orain, bost urteren ondoren, badakigu eraldaketa prozesuek denbora, konpromisoa eta begirada sistemikoa behar dutela.

Bestetik, gure rol eta jarrera politikoa ere berdefinitu behar izan dugu. Militantziatik gatoz, eta badakigu profesionalizazioak eduki politikoa lausotu (edo kapitalizatu) dezakeela, kontu handiz kudeatzen ez bada. Horregatik, kooperatiba gisa edo aktibista "24/7" gisa noiz esku hartzen dugun argi eta garbi bereizten ikasi dugu. Eta, hein batean, muga horri eustea lan profesionala eta gatozen herri mugimenduak babesteko modu bat da.

"Kooperatiba transfeminista, kritikoa eta eraldatzailea sostengatzeak esan nahi du bere funtzionamenduaren konplexutasuna onartzea"

Baina, akaso, urte hauetako ikasketarik esanguratsuenetako batek zerikusia du eraikitzen ari garen proiektu kooperatiboaren izaerarekin berarekin. Ekonomia sozial eta eraldatzailea defendatzen duen erakunde bat sortzeak eta mantentzeak lan teknikotik harago doan dedikazioa eskatzen du. Gure barne-egitura, erabakitzeko moduak eta gauzatu nahi dugun gobernantza mota etengabe berrikustea eskatzen du; eta, zinez, ez da erraza. Erantzukizunak modu justuan banatzeak, gardentasuna bermatzeak, norberaren denborak zaintzeak eta indibidualizaziorako joera duten lan-dinamiken aurrean logika kolektibo bat bizirik mantentzeak ahalegin etengabea eta kontzientea eskatzen du.

Ibilbide honetan egiaztatu dugu kooperatiba bat mantentzeak egiturazko tentsioak igarotzea dakarrela. Egonkortasun ekonomikoa gure printzipio politikoekin orekatzea, enkarguei bakarrik erantzuten dien erakunde soil bihurtzeko tentazioari eustea eta, aldi berean, konpromisoz mozorrotutako prekarietatean ez erortzea. Burujabetzak zaintza, muga, entzuketa eta barne-negoziaziorako gaitasun izugarria behar duela ikasi dugu. Eta ulertu dugu gobernantza demokratikoa dela denbora, pazientzia eta kolektiboki eraikitzeko borondatea eskatzen duen eguneroko ariketa bat.

Prozesu horretan, baliotsuena izan da ulertzea koherentzia ez dela bere horretan bakarrik sostengatzen. Azkartasunerantz, produktibitaterantz eta sinplifikaziorantz bultzatzen duten kanpoko logiken aurrean defendatu behar da. Kooperatiba transfeminista, kritikoa eta eraldatzailea sostengatzeak esan nahi du bere funtzionamenduaren konplexutasuna onartzea, beti erabaki erosoak hartuko ez ditugula onartzea eta proiektua kanporantz zein barrurantz eraikitzen dela gogoraraztea. Eta, hain zuzen ere, tentsio horretan datza egiten ari garen bidearen indarra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transfeminismoa
Eguneraketa berriak daude