"Kontrol soziala izango da pandemiaren irabazle handietako bat"

  • Marina Garcés Filosofian doktorea da eta Universitat Oberta de Catalunyako irakaslea. Egunotan bi errealitate kontrajarri ditugula uste du: elkar laguntzeko sareak eta balkoietako poliziak. Eta egoera honen aurrean, bizilagunen arteko beldurrak eta mesfidantzak irabazten badu, urrats bat gehiago emango dugu estatu autoritario baterantz. Bere ustez, kontrol soziala izango da krisi honek izango duen onuradun handietako bat. El Diario de la Educación-en egindako elkarrizketaren itzulpena da honakoa. Larrun-en ere honako elkarrizketa egin genion duela bi urte.


2020ko apirilaren 04an - 17:27
Argazkia: Oriol Clavera

Covid-19ko krisiak sistemaren hauskortasuna erakutsi duela uste duzu?

Covid-19ko krisiak oso gordinki erakusten digu kapitalismo globalak oso sistema boteretsua dirudiela eta prekaritate ekonomiko, sozial, material eta osasuneko geruza handietan oinarritzen dela… Banakako eta egiturazko prekarietatea da, munduko hainbat herrialdetan arreta publikoko zerbitzuak dauden egoeran ere eragina duelako. Jardueran eta hazkundean oinarritutako sistema da, baina patologia bat duenean ezin da gelditu, ezin ditu egunero espoliatu eta lehertzen dituen bizitzak zaindu. Ezta bazterrean utzi dituen horietakoak ere, adinekoak kasu. Sistemaren hauskortasuna baino gehiago, gure normaltasunak eragiten duen desberdintasuna eta gizarte-indarkeria erakusten digu.

Osasun alertak agerian utzi du gure zaurgarritasuna?

Niri harrigarria egiten zait hainbeste jende egotea esaldi hau errepikatzen, filosofoetatik hasi eta Antonio Banderaseraino; jende honek zer bizitza duen eta zer errealitate ezagutzen dituzten galdetzen diot neure buruari. Ez al dute beren familietan mendekotasuna duten adineko pertsonarik? Ez al dira desgaitu edo nahasmendu mental dutenekin bizi? Ez al dute ezagutzen gure hirietako auzo eta lurralde askoren errealitate zaurgarri handi hori? Ez al dute ingurumen eta gizarte faktoreek eragindako minbizien eta bestelako patologien eraginik pairatzen? Zaurgarritasuna eta interdependentzia hor ziren lehen ere, gehienentzat eguneroko ogia dira. Zerk eragozten zigun haiek ikusi eta haietatik pentsatzea?

Pertsonak garen izaki sozialak, luzaroan bizi al gaitezke konfinamendu egoera honetan?

Beldurra badugu, pertsonak denera egokitzen gara, askoz gauza okerragoak bizi izan ditugu. Gerrak, setioak, itxitura masiboak. Munduko sektore batzuek egunero pairatzen dituzte halakoak, errefuxiatu-esparruetan, gerran dauden herrialdetan, ghettoetan, espetxeratutako kolektiboek… historiak adibide ugari erakusten dizkigu. Soziabilitate konfinatuan ez da inolako berrikuntzarik, bere dimentsio globala eta orokorra da berria, eta normalean mugikortasunerako eskubide eta aukera gehiago dugunoi eragitea.

Azken egunetan, bizilagunen arteko lankidetza kolektiborako mugimendu asko ikusi dugu. Baina, bestalde, urruntze sozial horrek indibidualistago bihur gaitzake agian?

Bi gauzak ikusten ari gara: elkarri laguntzeko sareak eta balkoiko poliziak. Laguntzen duten bizilagunak eta salatariak. Baldintza hauek gure onena eta txarrena azaleratzen dute. Beraz, ez dugu mugatu behar gu eta gutarrak zaintzera, eta uste dut esperientzia hau biltzen duen giro orokorra zaintzea oso garrantzitsua dela, ematen ditugun errepresentazioak, konfinatuak izatetik aterako diren imajinarioak. Bizilagunen artean beldurrak eta mesfidantzak irabazten badute, beste urrats bat egingo dugu gizarte autoritario baterantz.

 

 

 

Argazkia: Oriol Clavera

 

 

 

Eta haurrei, nola eragin diezaieke konfinamenduak? Nola itzuliko dira normaltasunera?

Argi eta garbi esango dut: ez dut ulertzen txakurrak atera ahal izatea eta haurrak ez. Gurasoak dira interesatuenak haien zaintzan eta, beraz, ez direla arriskuetan sartuko uste dut. Haurren konfinamendua zorrotzegia dela uste dut, kontuan hartuta luzea izango dela eta haur asko oso etxe kaskarretan bizi direla, leku ilun eta oso estuetan, baliabide kulturalak eskueran izan gabe, edo eguzki izpirik gabe. Egoera honek eragin emozional eta fisikoa izan dezake haiengan eta badira egoera hau zalantzan jartzen duten ahotsak, pozten naiz horregatik. Badira gurasoekin "opor" txiki batzuk bizitzen ari diren haurrak eta badira benetako infernuetan sartuta daudenak.

Mugak itxi eta 'lehenik etxekoak' predikatzen duten gobernuak hor dira. Uste duzu indartuta aterako direla gobernu populista horiek?

Bai, uste dut zoritzarrez populismoak indartuta aterako direla, eta baita era guztietako erantzun klasista eta baztertzaileak ere. Krisi hau aurrekoei gehitzen zaie, krisi terroristari eta ekonomikoari, eta ondorengoei ere bai, klimatikoari adibidez. Krisi hauek gizarte-ehuna ahultzen dute, eta talde humanoak eta klase sozialak elkarrengandik urruntzen dituzte etorkizun partekatua izatearen ideiari begira. Krisi honen aurrean, erraza da bakoitza bere pribilegioen atzean babestea eta besteak mehatxutzat hartzea. Beraz, krisiaren kalteak arintzeko gizarte talka abian jartzea ez da nahikoa; behar dugu lan kritikoa, lagunduko diguna ikusten nola iritsi garen honaino eta nola atera nahi dugun gizarte gisa.

Babesari begira, izango al dugu konfiantzarik erakundeengan, edo dagoeneko ez?

Herrialdeen arabera, baina iruditzen zait, gurean, erakundeekiko konfiantza beti erlatiboa izan dela, eta hori ez zait gaizki iruditzen, ez baitaude beti esku onenetan. Bestetik, instituzioak zer dira? Gauza bat dira zerbitzu publikoak, hala nola osasuna eta hezkuntza, gizarte-laguntza… oro har, ondo baloratuta daude, eta oso estimatuak dira gizarte osoan, salbu eta behar ez dituztenentzat eta mespretxatzen dituztenentzat. Beste gauza bat dira erakunde politikoak deitzen ditugunak, eta hauek, aspaldidanik ari dira erakusten beren ahulezia gure garaiko arazoei erantzunak ematerakoan.

Krisi honek biztanleriaren gaineko kontrol soziala areagotuko du? Gerta liteke honen guztiaren ondoren kontrol sozialerako modu jakin batzuk normalizatzea birusaren "aitzakiarekin".

Bai, pentsatzen dut kontrol soziala izango dela pandemia honen irabazle handienetako bat. Geolokalizazio bat, edo QR bat edo dena delako datuen truke, berriro etxetik ateratzen uzten badigute, nor ez da truke horretarako prest egongo? Mugitzeko dugun askatasuna, zaintzapekoa bada ere, beste askatasun asko baino baloratuago dago gure pertzepzioan.

Telefonoaren kontrol telematikoa hemen dago, adibidez mugikortasunarena. Gaixotasunen aurrean izan dezakegun segurtasuna aitzakia hartuta, kontrol horiek arriskutsuak izan arte handituko dira?

Aspaldi ari gara kontrolik gabeko datuak oparitzen. Asko kostatzen da jakitea nola eta noiz egiten dugun, ez garelako momentuan ohartzen. Alderantziz. Bakarka erabiltzen ditugun aplikazioen bideez egiten da, ustez gure independentzia, komunikazioa, gure mundu pribatuak biderkatzen dituztela pentsatuz. Baita gure sekretuak ere. Baina gure esperientzia komunak pribatizatzen laguntzen dute, haien etekin ekonomiko, politiko eta ideologikoa areagotuz.

Konfinamendua ez da berdina guztiontzat eta krisi honek klase ezberdintasuna ere azalarazi du.

Konfinamenduaren klasismoa errealitate odoltsua iruditzen zait. Telebistako saio batean esan nuen, eta era guztietako irainak jaso nituen, birusak eragin handiko edo klase altuko jendea hil dezakeela ukatzen ariko banintz bezala. Jakina egin dezakeela eta egiten duela. Baina konfinamenduaz hitz egiten dugu, krisiaren kudeaketaz, lanean eta gizartean dituen ondorioez, Letizia erreginaren gelako metro koadroez edo haren menpekoek dituzten metroez… Garbiketa eta zaintza lan jakin batzuk egitera nork irten behar duen aipatzen dugu, adibidez. Autonomo prekarioenez hitz egiten dugu, negozio txikiez; oso glamurosoa dirudien kulturaz ari gara, baina urteak dira zorrak eta prekarietatea pilatzen direla … Mugan edo paperekin erdibidean geratu diren migratzaileez mintzo gara… Nire buruari galdetzen diot ea zer gertatuko den koronabirusaren krisia lehendik ere larri dabilen errealitate sozial batean erortzen denean.

Argazkia: Oriol Clavera

Aurrera begira, zer mundu imajina dezakegu mundu apokaliptikoaz harago?

Kontakizun apokaliptikoak ideologikoak dira, erlijioaren, politikaren edo komunikabideen esku daude. Gure existentziarekin amaitu dezakeena, bere boterea indarrean jartzen ari da. Beraz, kontakizun apokaliptikoei erantzun eta mozorroa kendu behar zaie: nori interesatzen zaizkio? Nor da haien onuradun? Erantzuteko, baina, ez dugu zertan gure burua engainatu behar, esanez orain baietz, krisi honekin bizitzaren benetako balioa ikasiko dugula. Hala balitz, aurreko gerra edo krisietan ere ikasiko genukeen. Bizitzaren balioa egunetik egunera borrokatzea da, eta pertsona anonimo zigortuenak dira hori egiteari inoiz utzi ez diotenak.

Nola errekuperatuko gara egoera guzti honetatik norbanako gisa, edo gizarte gisa?

Bizitzen jarraitzea da errekuperatzea, baina gaurdaino ekarri gaituen egoera hori guztia birsortu gabe. Gai izango gara? Edo sufritutako guztia bapatean ahaztu nahi dugu? Ez dugu dramatizatu behar, baina ahaztu ere ez. Bestela, ez dugu ezer ikasi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude