ARGIA.eus

2020ko ekainaren 05a

Unibertsitatera sartzeko probaren ordez, ebaluazio jarraia egingo dute Ipar Euskal Herrian

  • Hego Euskal Herrian selektibitatea mantentzea aurreikusten duten bitartean, Ipar Euskal Herriko ikasleek ez dute baxoa egin beharko. Unibertsitatera sartzeko proba egiteko baldintzarik ez dagoela adierazi du Frantziako Hezkuntza ministroak, eta ikasturtean zehar ikasleak duen batez besteko nota hartuko da kontuan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2020ko apirilaren 03a

“Ezinezkoa da baxoa beste urteetako baldintzetan egitea”, onartu du Jean-Michel Blanquer ministroak, baita ikasleei kalte ez egiteko hartu dutela erabakia esan ere. “Kalitatea eta aukera berdintasuna bermatzea da helburua”.

Hala, ebaluazio jarraiaren batez besteko nota izango da aintzat hartuko dena. Gainera, konfinamendu garaiko ikasketa prozesua ez da kontuan hartuko notarako. Martxoaren 13an itxi zituzten hezkuntza zentroak Frantziako Estatuan. Azterketa bakarra egin beharko dute lizeoetako bigarren mailako ikasleek: frantseseko ahozkoa.

Selektibitatea, ekaina-uztailan

Hegoaldean aldiz, mantendu egin dute selektibitate proba. Ekainaren amaieran egingo dituzte azterketak Nafarroan, eta uztaila hasieran EAEn. Betiere, jakinik atzeratu egin daitezkeela datak, koronabirusaren krisiak duen bilakaeraren arabera.

Dirudienez, konfinamendu garaian ikasketa prozesua goitik behera aldatzea, etxe batetik bestera egon daitezkeen baliabide desorekak, eta bai curriculuma, bai irakaskuntza eredua egokitu behar izatea ez dira arrazoi nahikoa, selektibitatea bertan behera uzteko. Hori bai, azterketa ikasturteko errealitatera egokituko dela eta ikasleentzat malgua izango dela zehaztu dute.

Erresuma Batuan ere, bertan behera

Bestalde, Erresuma Batuan iragarri dute unibertsitatera sartu aurreko azterketarik ere ez dutela egingo aurten. Kalifikazioa osatzeko, probaren ordez irakasleen iritzia, ikasleak ordura arte izan dituen emaitzak eta ikastetxeak aurreko urteetan izan dituen emaitzak hartuko dira kontuan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Koronabirusa  |  Hezkuntza  |  Selektibitatea  |  Baxoa

Koronabirusa kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude