Euskal Herria Italiari hurbildu zaio heriotza kopuruetan eta Espainia Italiaren pare dago jada

  • Covid-19 izurriak Euskal Herrian daraman bilakaera Espainia eta Italiakoekin alderatzen hasi ginen martxoaren 23ko datuekin, galdera honen erantzunera hurbiltzen saiatzeko: Euskal Herrian zein gordintasunez ari gara jasaten Covid-19aren erasoa? Bigarren kontrola 26ko datuei erreparatuz egin genuen, hirugarrena martxoaren 30eko datuekin eta apirilaren 3a artekoekin osatzen dugu laugarrena, oraingoz ziklo honen azkena.

1. grafikoa: Covid-19ak 100.000 biztanleko hildakoak otsailaren 24tik apirilaren 3ra artean metatuta, Italian, Espainian eta Euskal Herrian.

2020ko apirilaren 04an - 13:07

Azken bost egunetan, martxoaren 30a eta apirilaren 3a bitartean, Italian Covid-19agatiko heriotzek erritmoa zertxobait mantsotu dutela esan daiteke. Duela astebete gaina jo ondoren (eguneko 1,5 biztanle hil ziren 100.000 biztanleko), eguneroko kopuruek apur bat behera egin ostean gaur apirilaren 3an orain arteko heriotza metatua Italiako populazioaren 100.000 biztanleko 24,3 dira.

Euskal Herria azken bost egunotan Italia baino datu okerragoak ematen aritu da eta pixkanaka honen proportzioetara gerturatzen jarraitzen du, apirilaren 3a arte  100.000 biztanleko 19,3 heriotza metatuta. Euskal Herriak lau egun behar izan ditu Italiak daramatzan heriotza kopuruen proportzioetara iristeko, hori zen atzerapena apirilaren 3 arratsaldean.

 Hiruren alderaketan Espainia da bilakaera okerrena egin duena azken bost egunetan, igoera azkarrean jarraitzen baitu. Astebetean, Italiarekiko hiru eguneko atzerapena eramatetik pasatu da kasik bere parean egotera pasa da, eta oso litekeena da ondorengo egunetan Italiaren gainetik jartzea. Apirilaren 3ko datuekin 100.000 biztanleko 24,4 heriotza pilatu ditu  Espainiak Covid-19 izurri honetan.

2. grafikoa: Covid-19 izurriak hilak egunez egun Italian, Espainian eta Euskal Herrian apirilaren 3a arte.

2. grafikoak azaltzen dituen egunez-egun gertatutako heriotzei begiratuz, ikus dezakegu nola Italiak martxoaren 27an erregistratu zuen daturik txarrena (1,5 heriotza 100.000 biztanleko) eta orduz geroztik, pixkanaka bada ere, beheranzko joera mantendu duela.

Espainiari dagokionez, martxoaren 26an iritsi zen zuen Italiaren ‘errekor’ horretara eta ondorengo zortzi egunetan zifra horretatik gora ibili da, Italiarenak baino heriotza tasa altuagoekin egunero. Azken bi egunetan eman du, gainera, bere kopuru handiena, 100.000 biztanleko 2,0 heriotzera iritsiz. Baliteke oraingo hau izatea Espainiaren gailur edo ‘piko’ famatua, datozen egunetan ikusi beharko da. Edonola ere, Espainiaren gaina markatuko lukeen goiko bizkarra Italiarena baino gorago dagoela dirudi.

Euskal Herriaren egunez eguneko bilakaera Italiaren eta Espainiaren bilakaeren artean kokatuta dago. Euskal Herriaren kurba Italiarenaren gainetik dabil eta, aldi berean, Espainiaren kurbaren gainetik, salbuespenezko egun pare bat bat kenduta. Espainiarekin gertatzen zaigun bezalatsu, ez dakigu Euskal Herrian eguneroko heriotza kopuruak (beti 100.000 biztanleko) beren gorenera iritsi diren, nahiz ea hala iradokitzen duen azken bi egunetan heriotzek behera egin izanak. Ondorengo bizpahiru egunetan erabakiko da hala den.

3. grafikoa: Covid-19ak hildakoak metatuta Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Ipar Euskal Herrian eta orotara Euskal Herrian apirilaren 3a arte.

3. grafikoak biltzen ditu Euskal Herrian orain arte totalean hildakoak lurraldeka kokatuta.  Gorago esan denez, Euskal Herrian 100.000 biztanleko 19,3 pertsona hil ditu koronabirus izurriak apirilaren 3ra arte. Arabak jarraitzen du tasa akumulatu altuena izaten eta, are larriagoa dena, azken egunetan berak jasan du heriotzen ugaritze handiena euskal lurralde guztien artean: azken astebetean pasatu da 100.000 biztanleko 31,7 heriotza edukitzetik 54,2 kontabilizatzera, 22,5 puntuko igoera. Bestla esanda, Araban 2.000 biztanleko pertsona bat hil du birusak dagoeneko.

Nafarroa dator bigarren eta berak nozitu du azken astebetean igoerarik handiena: 100.000 biztanleko 9,0ko tasatik 23,5 heriotza kontabilizatzera.

Bizkaiak markatzen du, Euskal Herriko biztanleen herena edukita, Euskal Herriaren bataz bestekoa gutxi gora behera:  orain arte 18,1 hildako metatu ditu 100.000 biztanleko).

Gipuzkoak, bere aldetik, bere tasa nahiko baxu mantentzen jarraitzen du, nahiz eta beste lurraldeen antzera, azken astebetean bere heriotza tasa bikoiztu baino gehiago egin duen, 100.000ko 3,5etik 8,9ra.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari dagokionez, horietako datu garbien faltan, erreferentziatzat har dezakegu Ipar Euskal Herriak osatzen duela Pirinio Atlantikoak departamenduaren erdia adina biztanletan eta aplikatu departamenduko heriotza tasaz Frantziako agintariek aitortutako zifrak. Hori horrela balitz (100.000 biztanleko 2,2 heriotza) Iparraldea Hegoaldeko tasen azpitik ibiliko litzateke, askogatik gainea.

Gure artean asko aipatzen baita Lombardia, Italian Covid-19 izurriak gogorren zanpatu duen eskualdea, aipatzen dugun epe honen barruan martxoaren 28a arte 100.000 biztanleko 59,4 heriotza bazeramatzan pilatuak, aste bete beranduago 83,1 edukitzera pasa da, ia 29 puntu gora. Epe berean Araban heriotza tasak 22,5 puntu egin du gora azken astebetean, Lombardiak jasandakoaren antzeko igoera.

Epe berean, beste erreferentzia bat gehiago izateko, Espaiako eskualdeen artean zigortuena den Madrilgo Erkidego Autonomoan martxoaren 28an heriotza tasa 100.000 biztanleko 41,4koa zen eta astebete beranduago 67,3, ia 26 puntu gora… Araba zein Lombardiaren bilakaera berdintsua.

4. grafikoa: Covid-19k hilak egunero Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Iparraldean eta oro har Euskal Herrian , apirilaren 3a arte.

4. grafikoak erakusten ditu izurriak lurralde bakoitzean eragindako heriotza tasak 100.000 biztanleko, egunez egun. Nabarmena denez, azken egunetan pixkanaka baina etengabe gora egin du heriotza tasak Euskal Herrian (marra berdea), nahiz eta azken bi egunetan beherakada txiki bat izan duen. Apirilaren 1a izan da orain arteko egunik txarrena, 100.000 biztanleko 2,0 heriotzarekin.

Lurraldeen artean Arabak ematen ditu datu kezkagarrienak, ia egunero beste herrialdeetatik oso urrun agertzen baita, oso goitik. Apirilaren 1a eta 2a izan ziren egunik txarrenak, bietan ere heriotza tasa 5aren inguruan.

Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herria datozkio atzetik, hurbilenekotik urrunenekora sailkatuta. Kasik egun guztietan eutsi diote ordena sailkapen horri eta, ondorioz, denetara bakoitzak metatutako heriotza tasetan gero eta alde handiagoa dago.

Juxtu alderantzizkoa ari da gertatzen ari da Italia, Espainia eta Euskal Herriaren artean, hiruren kurbak elkarrengana hurbiltzen ari direla. Eta horrek asko esan nahi du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude