JARRAIPENA | 3 heriotza gehiago EAEn: Euskal Herrian 2.089 hil dira orain arte, milioiko 658

Zuzeneko jarraipena
  • Covid-19 gaitza kezka handia sortzen ari da batean eta bestean, ezin geratu ari baitira herrialdeak. Azken berrien jarraipena egingo dugu hemen.


2020ko maiatzaren 12an - 21:01
Gakoak
(Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
Droneen erabilera hedatzen ari da, herritarrei konfinamendua betearazteko

Erresuma Batuan poliziaren dronak herritarrek konfinamendua betetzen duten edo ez kontrolatzen daudela salatu dute. Dronek leku publikoetatik irudiak grabatzen dituzte, eta irudi horiek Twitterrera igo, egin behar ez diren gauzen adibide modura.

 

Ipar Euskal Herriko Elkartasun Sarea sortu dute

Covid-19 birusaren epidemia dela-eta bizi dugun isolamendu eta desinformazio egoerari aurre egiteko, Ipar Euskal Herriko Elkartasun Sarea jarri dute martxan hainbat gaztek, "zaintza eta elkartasuna" oinarri. Adierazpen baten bidez azaldu dutenez, koronabirusaren inguruko egia ezagutzea, osasunaren printzipio unibertsala, askatasun politikoaren bermea eta auto-antolakuntza aldarrikatzen dituzte.

 

Filipinetako presidenteak konfinamendua betetzen ez dutenak hiltzeko agindua eman du

Rodrigo Duterte Filipinetako presidenteak konfinamendua betetzen ez dutenei tiro egiteko agindu du. Herrialdeko biztanleria osoaren %16a pobrezian bizi da, eta kaleetan lan egitea da bizirauteko duten era bakarra.

 

Ez da kasualitatea Covid-19 izurriaren lehen fokoak inguru oso kutsatuetan egotea

Izurri honi dagokionez, ez da kasualitatea lehen fokoak egotea Txinan, Iranen eta Italiako iparraldean, ingurumen oso kutsatuetan kokatuak. Pandemiaren alderdi garrantzizko horretaz azken asteotan mintzatu diren zenbait iturri zientifikotara jo dugu azalpen bila: ToxicoWatch, Osasun Publikorako Europako Aliantza, Ugo Bardi, Italiako Ingurumen Medikuntza Elkartea, Frantziako Osasunaren eta Ikerketa Medikuaren Institutua...

 

EAEn irakasleen ordezkapenak berrezartzea onartu du Jaurlaritzak

Martxoaren 12an, baja edo baimenen bat hartzen duten irakasle titularrak ordezkatzeko prozedura eten zuen Eusko Jaurlaritzak. Presioa egin du hezkuntza komunitateak, ikasle guztien hezkuntza eskubidea bermatzeko ordezkapenak berriz martxan jartzea ezinbestekoa dela aldarrikatuz eta Jaurlaritzak orain dio ordezkapenak beteko direla bakarrik bi mailatan eta "ezinbesteko" direnean.

 

Inperioak eta kapitalak ez dute igandetan ixten

Ongi hornituta ez zeuden Europako herrialdeei koronabirusari aurre egiteko tresneriaz hornitzea izugarri kostatzen bazaie, irudikatu Iranek duen merkataritza enbargoarekin zer izan behar duen: hondamendia. Egoerari aurre egiteko enbargua altxatzea eskatu du baina Mike Pompeo AEBetako estatu idazkariak indartu egingo dela iragarri du. Eta berdintsu Kuba, Venezuela, Ipar Korea edo Siriarekin. “Testuinguru horretan hori terrorismo hutsa da”, diosku Rafael Poch kazetari ezagunak. Kalifornian espetxeak zabaltzen ari diren bitartean, Israelek bi milioi palestinar itxialdian ditu Gazan –60 ZIU eta 1.000 biztanleko 1,2 oherekin– oinarrizko hornidurarik gabe. Europan Alemaniak EBko gainerako kideei material medikua esportatzea ukatu zien eta, eskatutako laguntzari EBko gainerako herrialdeek uko egin ondoren, Italiak Txina, Kuba eta Venezuelari eskatu behar izan zien laguntza.

Bere ohiko estilo zorrotzarekin, Rafael Poch-ek koronabirusaren geopolitikaren erretratua egiten du Ctxt.es hedabide digitalaren artikulu honetan.

Denak ez du balio

Bilgune Feministako Osatze Taldeak idatzitako artikulua ekarri dugu, Bilgune Feministaren webgunetik.

 

Konfinamendua maiatzera arte luzatuko dela susmatzen du Andaluziako presidenteak

Hego Euskal Herrian apirilaren 12ra arte dago dekretatuta konfinamendua, Espainiako Gobernuaren aginduz. Hala ere, itxura guztien arabera, amaiera atzeratu egingo da, Espainiako Estatuan epidemiak zabaltzen jarraitzen baitu. Astearteko datuen arabera, estatu osoan 100.000 positibotik gora dauzkate kontabilizatuta, eta bosgarren egunez jarraian 800 pertsonatik gora hil dira azken 24 orduetan.

Andaluziako Juntako presidente Juan Manuel Moreno izan da lehena berbalizatzen gehienek susmatzen dutena. "Sentsazioa daukat alarma egoeran aste batzuk gehiago egongo garela. Konfinamendua apiril amaiera arte luza daiteke, maiatza hasiera inkluso", adieazi du Radio Sevilla irratian, eldiario.es-ek jaso duenez. Horrek esan nahi luke hamabost egun gehiago.

Hala ere, neurri hori Espainiako gobernuak proposatu behar du eta Diputatuen Kongresuak onartu.

Afrikako hiririk handienean ere konfinamendua abiatu denean, nigeriar askok goseari dio beldur

Nigeriako hiriburu Lagosen, asteartean hasi zen bi asterako iragarri duten konfinamendua. 21 milioi pertsona bizi dira bertan eta 135 positibo eta bi hildako detektatu dituzte Covid-19 birusagatik. Democracy Now gunean jaso dutenez, asko dira koronabirusari baino beldur handiagoa gosez hiltzeari diotela dioten herritarrak.

Omolara Adejokun izeneko emakumearen hitzak jaso dituzte: "Ez da batere erraza. Astebeteko jana erostea bera ere ez da erraza, beraz, imajinatu bi astekoa eskuratzea. Guk hiru seme-alaba ditugu eta amona ere gurekin bizi da. Erosketa egiteko baliatzen dugun dirua bera ere, oraintxe bertan ez daukagu".

BBCk norabide berean doan artikulua argitaratu du. Bertan 36 urteko Debby Ogunsolarekin hitz egin dute: "Nola garbituko ditugu eskuak, edateko urik ere ez badugu? Eta horrez gain, ez banaiz kalera joan eta fruituak eta barazkiak saltzeko gai, nola biziraungo dute nire haurrek?"

Africanews hedabideak zabaldu duen bideoan ikus daitezke normalean jendez lepo izan ohi diren kaleak hutsik, eta komertzioak itxita. Azpiko beste bideo honetan ere antzeko irudiak:

Indonesian droneak erabiltzen ari dira hiriak desinfektatzeko eta osasunean izan ditzakeen eraginak eztabaida piztu du

Indonesiako bigarren hiririk handienean, Surabayan, agintariek droneak baliatu dituzte asteartean covid19 birusaren aurkako desinfektantea spray moduan airean botatzeko. Reuters agentziak zabaldu duen albistean irakur daiteke neurriak eztabaida piztu duela. Batzuek neurria begi onez ikusi duten bezala, beste batzuek zalantzan jarri dute: "Birusak ez du airean denbora asko egiten, eta beste herrialdeetan buzoekin desinfektatzen duten langileen ordez, hemen herritarren gainetik produktu kimikoak botatzen ari dira, osasunean zer ondorio izango dituen jakin gabe".

Ikusi bideoa:

Correoseko zuzendaritzak posta zerbitzua areagotu nahi duela salatu du ELAk

ELA sindikatuak eskatu du "funtsezkoa ez den jarduera oro eteteko, eta, beraz, Correosen jarduera Posta Zerbitzu Unibertsalera mugatzea, ahalik eta langilerik txikienarekin, langileen %25ekin". Aldiz, Correosen zuzendaritza aurkako norabidean pausoak eman nahian ari dela salatu du sindikatuak, "Posta Zerbitzu Unibertsalaz gain, jakinarazpenak eta paketeak ere banatzen saiatzen da".

 

Airearen kutsadura jaitsi egin da Europan koronabirusaren krisiarekin

Europako Agentzia Espazialak (ESA) irudiak zabaldu ditu, iazko martxoan eta aurtengoan airean dagoen nitrogeno dioxidoa alderatuz. Irudiek kutsaduraren “murrizketa nabarmenak” erakusten dituzte.

 

Gorka Urtaranek ezetza eman dio Batera Zaindu sarearen elkarlan proposamenari

Gasteizko zaintza sare herritarrak bilera eskatu zion iragan astean Gasteizko udal gobernuari, baina alkateak ez du eskaera aintzat hartu. Gorka Urtaranek Eusko Jaurlaritzak zuzentzen duen sarera jotzea proposatu dio Baterari. “Komunitatean elkar zaintzen” jarraituko duela adierazi du sareak.

 

101 urteko emakumeak gainditu du koronabirusa Huescan

Zahar izatea garesti jarri du koronabirusak sasoi hauetan, ospitaletan moduan hedabideetan, baina zahar askok ere gainditzen dute gaixotasuna arazorik gabe, horietakoa da Encarnación emakumea, 101 urtekoa, urriaren 31n alta jaso zuena Hueskako (Espainia) San Jorge Ospitalea bi aste izan ondoren. Argazkian, bere alabarekin.

.   

Biktima-kopuruak munduan: 46.436 hildako, 926.381 kutsatu, 193.431 sendatu

Apirilaren 1eko iluntzean, hona Covid-19 izurriak gaur arte eragin dituen biktimen kopuru nagusiak, Worldometers zerbitzuak 20:06ean zenbatuta:

- Hilak 46.436 . Herrialdeka: Italia 13.155, Espainia 9.053, AEB 4.138, Frantzia 4.032, Txina 3.312, Iran 3.036, Erresuma Batua 2.352, Holanda 1.173, Alemania 848, Belgika 828, Suitza 532, Suedia 239, Turkia 214, Brasil 206, Portugal 187, Hego Korea 165, Indonesia 157, Austria 146, Kanada 108...

- Kutsatuak 926.381. Herrialdeka: AEB 191.193, Italia 110.574, Espainia 102.136, Txina 81.518, Alemania 75.754, Frantzia 56989, Iran 47.593, Erresuma Batua 29.474, Suitza 17.137, Belgika 13.964, Holanda 13.614, Turkia 13.531, Austria 10.585... 

- Sendatuak 193.431.

Munduko estatistikak herrialdeka jarraian ikusteko:

Worldometers

Johns Hopkins Institute

Erresuma Batuaren egunik txarrena asteazken hau: 563 hildako

Pandemiaren hasieratik izandako daturik txarrena da: egun bakarrean 563 hildako (guztira 2.352) eta aditu askoren ustez, Italiak eta Espainiak hartutako neurriak hartu ezean, haien bide beretik joango da. Dagoeneko 152.979 test egin dituzte eta horietatik 29.474 pertsonek positibo eman dute, baina azken orduetan kutsatutakoen kopurua goraka doa: egin diren azken 9.793 testetatik 4.324 positiboak izan dira.

Euskal Herrian gaur arte 501 hil dira, 9.358 kutsatu eta 3.028 daude ospitaleetan

Administrazioeko iturriek zabaldutako informazioen arabera, Euskal Herrian apirilaren 1eko arratsaldea arte 501 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak, 9.358 kutsatu eta 3.028 dira ospitaleratuta daudenak. Agintariek sendatutzat eman dituzte orain arte 1.528 gaixo. Hona kopuruok lurraldeka:

- Hildakoak 501: Araban 149, Bizkaian 168, Gipuzkoan 52, Nafarroan 130, Iparraldean 3 (Zuberoan 1, Lapurdin 2). Iparraldeko datuak agintariek berretsi gabekoak dira.

- Kutsatuta testeaturik positibotzat emandakoak 9.358: Araban 2.250, Bizkaian 3.382, Gipuzkoan 1.206 eta Nafarroan 2.497. Iparraldeko daturik ez dute ematen Frantziako agintariek.

- Ospitaleratuta daudenak 3.028. Herrialdeka ez dugu ospitaleratuen zenbaketa osaturik aurkitu gaur.

Covid-19 testak zabaltzea: gure agintariek zor diguten gutxieneko neurria

Pello Zubiria Kamino: "Ulergarria baldin bada pandemia batean agintariek herritarren artean panikorik egon ez dadin ahaleginak egitea, onargarria ez dena da pandemia hori kontrolatzeko munduko osasun erakunde nagusiak behin eta berriro eskatutako neurri nagusietako bat ez betetzea: Covid-19 izurria eduki dezaketen guztiei test egokiak egitea. Eta gainera mezu lasaigarriekin herritarrak desmobilizatzea".

Irakurri iritzia osorik ARGIAn.

 

Urkulluk ostegunean emango ditu azalpenak oposizioaren aurrean

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak ostegun honetan azalduko du oposizioko alderdien aurrean nola ari den jokatzen bere exekutiboa Covid-19aren krisiaren aurrean. Bideokonferentzia bidez emango ditu azalpenak eta agerraldiak ez du izaera ofizialik izango, EAEko legebiltzarreko zerbitzu juridikoek adierazi dutelako baldintza hauetan diputazio iraunkorrak egindako bilerari ezin dela ofizialtzat hartu.

Aurreikustekoa denez, lehendakari jeltzaleak Jaurlaritzaren hipotesia defendatzeko baliatuko du agerraldia, alegia, EAEn egoera hobera egiten ari dela azken egunetan. Mezu hori zabaltzen ari dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde publikoak azken egunetan: koronabirusak kutsatutako pertsonen kopurua egonkortzen ari dela, nahiz eta azken 24 orduetako heriotz eta kutsadura datuek kontrakoa pentsarazi dezaketen, baita behar adina test ez egitearen ondorioz benetako egoeraren argazki fidagarri bat ez edukitzeak ere.

Naomi Kleinen ikuspegia koronabirusaren krisiaz

No Logo eta The Shock Doctrine bezalako liburuei esker, Naomi Klein mundu mailako erreferentea da ezkerreko mugimenduentzat. Koronabirusaren krisiari buruz hitz egin du El Salto hedabidean eta bertan kontatu dituenen laburpena egin dugu.

 

Jende-pilaketa handiak India eta Nepalen arteko mugan

Duela egun batzuk informatu genizuen moduan, Indian herritarren exodo masiboa eragin du hango gobernuak agindutako konfinamenduak, milaka herritar lanik eta etxerik gabe geratu direlako horren ondorioz. Egoera ez da xamurragoa Nepal eta Indiaren arteko mugan, albiste honetan kontatu dizugun moduan.

 

45 kantari eta musikari frantsesek grabatu dute "Xamurtasuna - Konfinamenduaren sinfonia"

Valentin Vander kantari frantseak 45 musikari eta kantari bildu ditu, nork bere konfinamendutik abestuz edo joz denen artean interpretatzeko Bourvil kantari eta aktore frantseak 1963an ezagutarazitako "La tendresse" (xamurtasuna, ternezia) abestia. Kantari edo/eta musikariotako bakoitzak –tartean bada dantzariren bat ere– nork bere txokoan antolatuta daukan tresneriarekin egin ditu grabazioak gero Vanderrek eta bere beste zenbait lagun teknikarik haiek ere nork bere isolamenduan muntatzeko. Denek ere hutsaren truke, prefosta.

Irakurri albistea osorik ARGIAn.

Italian umeak kalera irten daitezke, baldintza batzuk betez gero

Italiako Gobernuak zirkular batean esplikatu du gurasoetako bakarrak lagunduta eta etxetik gertu ibiltzekotan bada, haurrak kalera atera daitezkeela. Zehaztapen hori egin izana ez du begi onez ikusi mundu guztiak, koronabirusaren aurrean "guardia jaistea" dela iritziz. Beheko albistean esplikatu dizuegu.

 

Covid-19ak gehien zigortutako munduko herrialdeen artean dago Euskal Herria

Biztanleriaren proportzioa kontuan izanda, Euskal Herria da koronabirusa gehien pairatzen ari den munduko herrialdeetako bat. Laugarren postuan dago, 100.000 biztanleko 13 heriotzarekin. Eragin hori, ordea, ez da berdina nazio osoan. Hemen esplikatu dizuegu.

 

Maskara denok zergatik jantzi beharko dugun, konfinamendua arintzekotan

Konfinamenduak ezarri dira Europako hainbat herrialdetan eta AEBko zenbait estatutan. Galdera orain izango da noiz altxatu blokeo bat. Hamabi egun nahikoa balitz ere kasu berrien gorakada izugarri bat gelditzeko, litekeena da koronabirusaren olatua gelditzeko aski ez izatea. Ziurrenik, bi aste gehiagoko entzierroa beharko da. Horren ostean, murrizketak urratsez urrats altxatu beharko dira, kasu berrien kopuruak kudeatzeko modukoa izaten jarrai dezan.

Irakurri albistea osorik ARGIAn.

 

Dozenaka auzo elkartek eskatu dute alarma egoerak iraun bitartean pisu turistikoak ixteko Espainiako Estatuan

Koronabirusaren krisiaren aurka Espainiako Gobernuak hartutako azken neurriek lehentasunezko jarduera izendatu dituzte zenbait ostatu, gaitzak kutsatutakoak bertan hartzeko testuinguruan. Pisu turistikoetara eramatea bizilagunentzat arriskutsua dela eta erabat ixteko eskatu diote asteartean Hego Euskal Herriko eta estatu osoko 36 auzo elkartek, osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurri gisa.

 

Biktima-kopuruak munduan: 41.435 hildako, 845.526 kutsatu, 176.504 sendatu

Martxoaren 31eko arratsaldean, hona Covid-19 izurriak gaur arte eragin dituen biktimen kopuru nagusiak, Worldometers zerbitzuak 17:59ean zenbatuta:

- Hilak 41.435 hildako. Herrialdeka: Italia 12.428, Espainia 8.269, AEB 3.424, Frantzia 3.523, Txina 3.305, Iran 2.898, Erresuma Batua 1.789, Holanda 1.039, Alemania 682, Belgika 705, Suitza 395, Turkia 168, Hego Korea 162, Suedia 180, Brasil 168, Portugal 160, Indonesia 136...

- Kutsatuak 845.526. Herrialdeka: AEB 175.669, Italia 105.792, Txina 81.518, Espainia 94.417, Alemania 68.180, Frantzia 52.128 , Iran 44.605, Erresuma Batua 25.150, Suitza 16.186, Belgika 12.775, Holanda 12.595, Turkia 10.827, Austria 10.088... 

- Sendatuak 176.504.

Munduko estatistikak herrialdeka jarraian ikusteko:

Worldometers

Johns Hopkins Institute

837 hildako gehiago Italian

Koronabirusari lotuta, astearteko datu ofizialak eman dituzte Italian. Guztira 77.635 dira positiboak, aurreko egunean baino 2.107 gehiago. Horietatik, 4.023 UZIan daude. Hildakoak 12.428 dira, astelehenean baino 837 gehiago, eta sendatu direnak, guztira 15.729 (aurreko egunean baino 1.109 gehiago).

Orain arte egin dituzten probak 506.958 dira Italian.

Oriol Mitjà zientzialaria: "Hamar egun dauzkagu berrogeialdi ondorenerako prestatzeko"

Espainiako La Sexta telebista kateak, “Al Rojo Vivo” saioan, Oriol Mitjà zientzialari eta ikertzaile katalana elkarrizketatu du. Konfinamendua bukatu eta hurrengo egunerako prestatu behar dugula adierazi du ikertzaileak, bestela kutsatu kopuruak berriz ere gora egingo duela. Gobernuari eta enpresei dei egin die, berrogeialdia bukatu baino lehen, apirilaren 13rako, test masiboak eros ditzaten.

 

Kontsumitzaileak babesteko neurriak onartu ditu Espainiako Gobernuak

Kontsumitzailea babesteko Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu dituen neurriak bi norabidetan doaz: kredituak ordaintzeko epeak luzatzea, herritar zaurgarrien kasuan; eta koronabirusaren krisiak eraginda erabili ez diren ondasun eta zerbitzuengatik alternatiba bat jasotzea edo zuzenean dirua bueltatzea.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude